Atzealdea Ondasun erkidegoko komunero kapitalista

Ondasun erkidegoko komunero kapitalista

Nobedadea Argitaratze data: 2023/12/20

Kontsultak

Kontsultagileak ondasun erkidego bat eratu du jarduera ekonomiko bat garatzeko. Ondasun erkidego hori bi pertsona fisikok osatuko dute.

Kontsultagileak kapital ekarpena egingo du inbertsio gisa; beste komuneroaren kasuan, ordea, inbertsioa kapitala eta lana izango dira.

Zein tratamendu tributario aplikatuko da komunero langilearen eta komunero kapitalistaren kasuan?
 

Erantzuna

Egindako kontsultari dagokionez, aplikatzekoa da urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak (PFEZFA), 11. artikuluan xedatutakoa:

"11. artikulua. Errentak esleitzea.

1.  Sozietate zibilen —nortasun juridikoa izan ala ez—, banatu gabeko herentzien, ondasun erkidegoen eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan jasotako gainerako entitateen errentak bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei esleituko zaizkie, hurrenez hurren, foru arau honetako IV. tituluko VI. kapituluaren 2. sekzioan ezarritakoari jarraikiz.
 
Foru arau honetako hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren sozietate zibiletako bazkideei ez zaie aplikatuko apartatu honetan ezarritakoa.

2. Errentak esleitzeko araubidea ezingo zaie aplikatu eraldaketako nekazaritza sozietateei, horiek sozietateen gaineko zergan tributatuko baitute.

3.  Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateak ez dira egongo sozietateen gaineko zergari lotuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 31 bis artikuluko 11. apartatuan xedatutakoa aplikatzekoa denean izan ezik.

4. Testamentu ahalordea erabili gabe duten herentziei ez zaie aplikatuko errentak esleitzeko araubidea, eta foru arau honen 12. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoaren arabera zergapetuko dira.»

Era berean, PFEZFAren 53. artikuluak honako hau dio errentak esleitzeko araubidean dauden entitateei buruz:

«Errentak esleitzeko araubidean dauden entitatetzat hartuko dira foru arau honen 11. artikuluan aipatzen direnak eta, bereziki, atzerrian eratutakoak, baldin eta horien izaera juridikoa Espainiako legeen arabera eratu diren eta  araubide horretan dauden entitateek dutenaren berdina edo antzekoa bada.

Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateei dagozkien errentak bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei esleituko zaizkie, hurrenez hurren, sekzio honetan ezarritakoaren arabera.

Foru arau honetako hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren sozietate zibiletako bazkideei ez zaie aplikatuko sekzio honetan ezarritakoa.»

PFEZFAren 55. artikuluan bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei esleitu beharreko errenta kalkulatzeko erregelak ezartzen dira, eta honako hau xedatzen du:

«1.  Bazkide, oinordeko, erkide edo partaide bakoitzari esleitu beharreko errentak kalkulatzeko, erregela hauek aplikatuko dira:

1.a Errentak zerga honen arauen arabera zehaztuko dira, foru arau honen 25. artikuluko 4. apartatuan, 30. artikuluko 3. apartatuan eta 39. artikuluko 3. apartatuan jasotako integrazio portzentajeak aplikatu gabe, betiere berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) Errenta esleigarria sozietateen gaineko zergaren araudian jasotakoaren arabera zehaztuko da kasu honetan: errentak esleitzeko araubidean dagoen entitateko kide guztiak zerga horren zergadun edo establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadun direnean, betiere baldin eta, lehen kasuan, ondare sozietateak ez badira.

b) Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren establezimendu iraunkorrik gabeko zergadunen kasuan, errenta esleigarria zehazteko, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko apirilaren 26ko 2/1999 Foru Arauaren IV. kapituluan jasotakoari jarraituko zaio.

c) Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateko kideak zergadun badira sozietateen gaineko zergan edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan (establezimendu iraunkorra edukita edo eduki gabe, eta pertsona fisikoak izan gabe), eta lortutako errenta jarduera ekonomikoei atxiki gabeko elementuen eskualdaketatik datozen ondare irabaziak badira, errenta esleigarria kalkulatzeko ez da aplikatuko foru arau honen lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa.

2.a Zerga honen edo sozietate zergaren zergadun diren bazkide, oinordeko, erkide edo partaideak atzerrian eratu den eta errentak esleitzeko araubidean dagoen entitate bateko kide badira, haiei esleitu beharreko errenta aurreko 1. erregelan adierazitakoaren arabera kalkulatuko da.

3.a Errentak esleitzen dituen entitateak atzerrian lortzen baditu errentak, eta atzerriko herrialde horrek ez badu Espainiarekin sinatu zergapetze bikoitza saihesteko eta informazioa elkarri trukatzeko hitzarmenik, errenta negatiboak ez dira konputatuko herrialde berean lortu eta iturri beretik datozen positiboak baino handiagoak direnean.

Soberakina hurrengo lau urteetan konputatuko da, 3. erregela honetan adierazitakoaren arabera.

2. Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateei ordaindutako errentak atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta izango dira, zerga honen arauei jarraituta, kontuan hartu gabe kide guztiak edo horietakoren bat zerga honen zergadun, sozietate zergaren zergadun edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadun diren. Atxikipen edo konturako sarrera hori bazkide, oinordeko, erkide edo partaidearen zergapetze pertsonaletik kenduko da, errentak esleitzen zaizkion proportzio berean.

3.  Kasu bakoitzean aplikagarri diren arau edo itunen arabera esleituko zaizkie errentak bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei, eta arau edo itun horiek ez badira ezagunak modu sinesgarrian Zerga Administrazioarentzat, zati berdinetan esleituko dira.

4. Errentak esleitzeko araubidean dagoen entitateko kideak zerga honen zergadun diren kasuan, foru arau honen 25. artikuluko 4. apartatuan, 30. artikuluko 3. apartatuan eta 39. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako integrazio portzentajeak aplikatu ahal izango dituzte beren autolikidazioan.

5. Sozietateen gaineko zergaren zergadunak eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarenak errentak esleitzeko araubidean dagoen entitate bateko kideak badira eta entitate horrek inbertsio kolektiboko akzio edo partaidetzak eskuratzen baditu, akzio edo partaidetza horiengatik kontabilizatutako edo kontabilizatu beharreko errenten zenbatekoa sartu beharko dute beren zerga oinarrian. Halaber, beren zerga oinarrian sartu beharko dituzte kapital propioak hirugarrengoei lagatzeagatik lortzen diren kapital higigarriaren etekinak, etekin horiek errentak esleitzen dituen entitatearen alde sortu direnean.»

Transkribatutako manuetatik ondorioztatzen da ezen, ondasun erkidegoaren errenta behin kalkulatuta, kasu bakoitzean aplikatu beharreko arau edo itunen arabera esleituko zaiela komuneroei errenta, eta, arau edo itun horiek ez badira ezagunak Administrazioarentzat modu sinesgarrian, zati berdinetan esleituko dira.

Esleitutako errenten kalifikazioari dagokionez, PFEZFAren 54. artikuluak honako hau xedatzen du:

“Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateek bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei esleitutako errentek, haien sorburu den jardueratik edo errenta iturritik ondorioztatzen den izaera izango dute horietako bakoitzarentzat.

Errentak esleitzen dituen entitateak jarduera ekonomiko bat egiten badu, jarduera horri dagozkion etekinek izaera hori bera izango dute entitateko bazkide, oinordeko, erkide edo partaideentzat, jarduerari atxikitako produkzio bideen eta giza baliabideen antolaketan beren kontura ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean esku hartzen dutenean.

Dena den, esleitutako etekinak kapital etekintzat hartuko dira bazkide, oinordeko, erkide edo partaideek ez badute antolaketa horretan esku hartzen eta entitatean duten partaidetza kapital ekarpena egitera mugatzen bada. Kasu horretan, egindako kapital ekarpenaren 100eko 15 jo ahal izango da, gehienez, etekin egozgarritzat»

Bestalde, PFEZFAren 40. artikuluak honako hau xedatzen du:

«Zergadunaren ondarearen balioan zeinahi aldaketa gertatzeagatik agerian jartzen diren bariazioak dira ondare irabaziak eta galerak, foru arau honek etekintzat jotzen dituenean izan ezik».

Beraz, esleitu beharreko errentaren kalifikazioari dagokionez, 54. artikuluak berariaz dio ezen jarduera ekonomikoen etekinak errentak esleitzeko araubidean dauden entitateen bitartez lortzen direnean, etekin horiek ere jarduera ekonomikoen etekinak izango direla produkzio bide eta giza baliabideen antolaketan ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean bere kontura esku hartzen duen komuneroarentzat.

Hala ere, kapital ekarpena egitera mugatzen den eta antolaketa horretan esku hartzerik ez duen komuneroari dagokionez, kapital higigarriaren etekin gisa urtean esleitu dezakeen gehieneko zenbatekoa ezin da izan egindako kapital ekarpenaren % 15 baino handiagoa.

Dena den, PFEZFAren 55.3 artikuluaren arabera bazkide kapitalistari esleitu behar zaion errentak gainditzen badu bazkide horrek egindako kapital ekarpenaren urteko % 15 (etekinak kapital etekintzat hartzeko gehieneko portzentajea, PFEZFAren 54. artikuluaren arabera), Zuzendariordetza honek ulertzen du ezen hortik gora esleitu beharrekoa ondare irabazia izango litzatekeela.

Azkenik, errenta motari dagokionez, PFEZFAren 62. eta 63. artikuluek honako hau ezartzen dute:

"62. artikulua. Errenta orokorra.

Honako hauek osatuko dute errenta orokorra: ondorengo artikuluan xedatutakoaren arabera, aurrezpenaren errentatzat jotzen ez diren etekinak nahiz ondare irabazi eta galerak, bai eta honako xedapen hauetan aipatzen diren errenta egozpenak ere: foru arau honetako 51. eta 52. artikuluetan, eta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren VI. tituluaren III. kapituluan.

63. artikulua. Aurrezpenaren errenta.

Aurrezpenaren errentatzat hartuko dira:

a) Foru arau honen 32. artikuluko 1. apartatuan jasotako kapital higiezinaren etekinen artean Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan etxebizitza errentamendutzat hartutako etekinetatik eratorriak direnak.

b) Foru arau honen 34., 35. eta 36. artikuluetan aipatzen diren kapital higigarriaren etekinak. Hala ere, erregelamendu bidez ezartzen diren kasuetan izan ezik, 35. artikuluan aurreikusitako kapital higigarriaren etekinak --zergadunarekin lotuta dauden entitateetatik datozenean Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan jasotako zentzuan--, eta foru arau honen 54. artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen direnak, errenta orokorraren parte izango dira.

c) Ondare elementuen eskualdaketak direla-eta agerian jartzen diren ondare irabazi eta galerak.»

Hortaz, jarduerari atxikitako produkzio bideen eta giza baliabideen antolaketan ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean bere kontura esku hartzen duen komuneroari jarduera horiengatik esleigarri zaizkion etekinak errenta orokorra izango dira. Era berean, kapital ekarpena egitera mugatzen den komuneroaren kasuan, esan beharra dago ondare irabaziak ez datozela ondare elementu baten eskualdaketatik, eta, beraz, horiek ere errenta orokorra izango dira. Baita kapital higigarriaren etekinak ere, PFEZFAren 54. artikuluko hirugarren paragrafoan aipatuak.  

Erantzun hau kontsultagileak bere idatzian adierazitako gertakari, zirkunstantzia eta datuei erreparatuta soilik ematen da, eta horiei dagokienez bakarrik ditu ondorioak. Deskribatutako eragiketaren aurretik eta haren ondoren idazkian aipatu ez diren beste zirkunstantzia batzuk egonez gero, ukituta gerta daiteke proiektatutako eragiketaren asmo nagusiaren zehaztapena, eta horrek erantzun honetan azaldutako iritzia aldatzea ekar lezake.
 

Araudia

-    3/2014 Foru Araua, urtarrilaren 17koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.