Atzealdea Higiezinen enpresak burututako kudeaketa ordaintzeko baliatuko den ordainsari profesionala.

Higiezinen enpresak burututako kudeaketa ordaintzeko baliatuko den ordainsari profesionala.

Argitaratze data: 2018/03/02

Kontsultak

Kontsulta-egileak higiezin baten salerosketa-kontratua hitzartu du higiezinen sektoreko enpresa batekin eta 100.000 euroko prezio tasatuan. Era berean, adostu dute erosketa-eskritura higiezinen enpresak edo hark izendatutako eta higiezina eskuratzeko interesa duen hirugarren batek burutzea. Azken kasu horretan, eta hitzartutako azken prezioa kontratuan ezarritakoaren gainetikoa bada, ezartzen da kontratuan adierazitako zenbatekoaren eta salmentaren azken prezioaren arteko alde ekonomikoa ordainsari profesional modura hartuko dela, higiezinen enpresak burututako kudeaketa ordaintzeko baliatuko dena.

Zalantza da ea ordainsari profesional kontzeptuan jasotako faktura hori aipagai dugun higiezinaren eskualdaketaren balio txiki modura sar daitekeen.

 

Erantzuna

Alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauko 40. artikuluan ezartzen denez:

“Zergadunaren ondarearen balioan zeinahi aldaketa gertatzeagatik agerian jartzen diren bariazioak dira ondare irabaziak eta galerak, Foru Arau honek etekintzat jotzen dituenean izan ezik”.

Bestalde, aipatu 3/2014 Foru Arauko 44. artikuluan, ondare irabazi edo galeren zenbatekoari dagokionez, zera xedatzen da:

“1. Ondare irabazi edo galeren zenbatekoa hau izango da:

a) Kostubidezko edo kostu gabeko eskualdaketetan, ondare elementuen eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko diferentzia. Bidezkoa denean, eskurapen balioa eguneratuta egongo da hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Gainerako kasuetan, ondare elementuen edo, halakorik balitz, zati proportzionalen merkatuko balioa.

2. Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, besterentzearen baliotik bereiziko da zein zati dagokion haren osagai bakoitzari”.

Kostubidezko eskualdaketei buruzko 45. artikuluan zera ezartzen da:

“1. Eskurapen balioa honako hauen batura izango da:

a) Ondasuna eskuratzeko ordaindutako benetako zenbatekoa.

b) Eskuratzaileak eskuratutako ondasunetan egindako inbertsio eta hobekuntzen kostua eta eskurapenari atxikitako gastu eta zergak, interesak kanpoan utzita. Bidezkoa denean, balio horri erregelamenduzko eran egindako amortizazioen zenbatekoa gutxituko zaio, eta, edonola ere, gutxieneko amortizazioa konputatuko da”.

Horren ondorioz, eta kontsulta-egileak bere idatzian planteatutako galderei dagokienez, adierazi behar da Promociones Inmodp enpresak ordainsari profesionalengatik igorritako faktura pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren aitorpenean barnera dezakeela, aipagai den higiezinaren salmentaren ondoriozko ondare galera edo irabazia kalkulatzeko salmentaren balio txiki modura. Hori guztiori, Administrazio honek besterentzeko balioa egiaztatzeko aukeraren kalterik gabe. Balio hori ezingo da, inolaz ere, merkatuko balio arrunta baino baxuagoa izan, kasu horretan azkena lehenetsiko litzatekeelarik.

Bere ezagupen eta ondorioetarako jakinarazten delarik.

Araudia

  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua.
  • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onartzeko eta zerga-betebehar formal jakin batzuk garatzeko urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretua.