Atzealdea Jabekidetza bat iraungitzeak dakartzan zerga betebeharrak

Jabekidetza bat iraungitzeak dakartzan zerga betebeharrak

Argitaratze data: 2022/10/07

Kontsultak

Kontsultagileak eta haren arrebak edo ahizpak gurasoen etxea jaso dute oinordetzan, erdi bana, hau da, bakoitzak etxebizitzaren % 50eko jabetza du. Informazioa eskatu du etxebizitzaren jabekidetza iraungitzeak eta arreba edo ahizpa etxebizitzaren % 100eko jabetza jasotzeak lekarkeen ondare eskualdaketen gaineko zergaren tributazioaren inguruan. Zehazki, jakin nahi du zein den zerga tasa aplikatu behar zaion zerga oinarria.

Halaber, informazioa eskatu du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eragiketa horrek duen tributazioaren inguruan.

Erantzuna

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokionez:

18/1987 Foru Arauaren, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzkoaren, 7.a.a) artikuluak xedatzen duenez, ondare eskualdaketa atxikiak dira “inter vivos egiteengatik pertsona fisiko edo juridikoen ondarea osatzen duten eskubide eta ondasun mota guztien transmisio kargadunak”.

Orobat, 7.2.b) artikuluak xedatzen du zergaren likidazioaren eta ordainketaren ondoreetarako ondare eskualdaketatzat joko direla “Aitortutako adjudikazio soberakinak, salbu eta Kode Zibilaren 821., 829., 1056. (bigarrena) eta 1062. (lehenengoa) artikuluetan edo funts berean oinarritutako Foru Zuzenbidearen xedapenetan ezarritakoa betetzetik sortutakoak”.

Aipatutako Kode Zibileko bi artikuluetatik 1062. (lehenengoa) azpimarratu beharra dugu, honako hau xedatzen duena: “Gauza bat zatiezina denean, edo zatiketaren ondorioz gauza horrek balio handia galtzen duenean, jaraunsle bati adjudika dakioke, jaraunsle horrek gainerakoei diruz ordaintzen badie gaindikina

Horrenbestez, alorrean dagoen doktrinari jarraituz, jabekidetza bat iraungitzean jabekideetako bati ondasun zatiezin bat adjudikatzen bazaio, diruzko balioaren truke, ez dago kostu bidezko ondare eskualdaketen modalitateari atxikita, baizik eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren egintza juridiko dokumentatuen modalitatearen mailakako kuotari.

18/1987 Foru Arauaren 29. artikuluak, egintza juridiko dokumentatuen modalitatearen mailakako kuotari dagokionak, honako hau xedatzen du: “Eskrituren eta akta notarialen lehen kopiak, gainera, 100eko 0,5eko tasaren arabera zergapetuko dira, baldin eta kopuru edo gauza baloragarri bat baldin badute xedea, Jabetzaren, Merkataritzaren edo Ondasun Higigarrien Erregistroetan inskribatu daitezkeen egintza edo kontratuak jasotzen badituzte, eta egintza edo kontratu horiek ez badaude lotuta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari edo foru arau honen 1.1. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan sartutako kontzeptuei; egintza edo kontratu horiei dagokienez eragiketa hori ez da egongo OEEJDZren kostu bidezko ondare eskualdaketen modalitateari atxikita, baizik eta egintza juridiko dokumentatuenari”.

Egintza juridiko dokumentatuen modalitatearen zerga oinarria hemen dago zehaztuta, 18/1987 Foru Arauaren 27.1. artikuluan: “Zuzeneko gaitzat gauza edo kopuru baloragarria duten eskrituren lehen kopietan aitortutako balioa erabiliko da oinarri gisa, egiaztapen administratiboa hargatik eragotzi gabe. (…)”.

 

Hortaz, kontsultagileak higiezinaren beste % 50aren jabetza eskuratzen badu jabekidetza iraungitzean, % 0,5 aplikatzeko zerga oinarria eskuratutako zatiaren balioa izango da.

Hala eta guztiz ere, eta 18/1987 Foru Arauaren 42. artikuluari jarraituz:

“1. Administrazioak edozein kasutan eskubide eta ondasunen balio erreala egiaztatuko du, edo bere kasuan, eragiketa sozietario edo egintza juridiko dokumentatuena.

2. Egiaztapena Zergen Foru Arau Orokorrak 56. artikuluan ezarritako bideak erabiliz egingo da”.

4.- Nolanahi ere, aitortutako balioa gailenduko da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez:

Jabekidetza iraungitzea sartuta dago 3/2014 Foru Arauaren, urtarrilaren 17koaren, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoaren, V. kapituluko kasu berezien barruan, non ondare irabaziak eta galerak arautzen diren

Zehazki, honako hau dio 41. artikuluak:

“1. Honako kasuotan ez da aldaketarik izango ondarearen osaketan, adjudikazio soberakinik ez dagoenean:

a) Gauza komuna zatitzen denean.

b) Irabazpidezko ondasunen sozietatea desegin edo ezkontideen partaidetza araubide ekonomikoa iraungitzen denean eta, orobat, izatezko bikoteen ondare araubide ekonomikoa iraungitzen denean, baldin eta itundu duten ondare araubide ekonomikoa aurrekoetako edozein bada.

c) Ondasun erkidegoak desegitean edo erkideak banantzen direnean.

Apartatu honetan aipatzen diren kasuek ezingo dute inola ere ekarri jasotako ondasunen edo eskubideen balioa eguneratzea. Dena den, ulertuko da ondarearen osaketa aldatu dela, edozein kasutan, baldin eta alderdietako batek adjudikatzen dituen ondasunak edo eskubideak haren aurreko partaidetza kuotari dagokiona baino balio handiagokoak badira, bestea edo besteak konpentsatuta edo konpentsatu gabe. Kasu horietan, jasotako ondasun edo eskubide soberakinen balioak eguneratu egin beharko dira”.

Planteatutako kontsultan ikus daiteke jabekidetza iraungitzean adjudikazio soberakinak egongo liratekeela. Beraz, ondarearen osaketa aldatu egin da, ondare irabazi edo galera bat ekarriko duena; hori kalkulatu egin beharko da, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 44. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraituz. Emaitza eskualdatzailearentzako ondare irabazi bat edo galera bat izan daiteke.

Eskuratzaileak ondarean aktibo berri bat txertatuko du, eta hori ez da PFEZaren zerga egitate bat. Eskualdatzailearentzat, ordea, adjudikazio falta badakar, ondare eskualdaketa bat ekarriko du, eskualdaketa gertatu den ekitaldiari dagokion PFEZaren autolikidazioan jaso beharko duena.

Ondare irabazi edo galera kalkulatzearen inguruan honako hau xedatzen du 3/2014 Foru Arauak:

“44. artikulua. Ondare irabazi edo galeren zenbatekoa. Arau orokorra.

1. Ondare irabazi edo galeren zenbatekoa hau izango da:

a) Kostu bidezko edo kostu gabeko eskualdaketetan, ondare elementuen eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko diferentzia. Bidezkoa denean, eskurapen balioa eguneratuta egongo da hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

 b) Gainerako kasuetan, ondare elementuen edo, halakorik balitz, zati proportzionalen merkatuko balioa.

2. Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, besterentzearen baliotik bereiziko da zein zati dagokion haren osagai bakoitzari.

45. artikulua. Kostu bidezko eskualdaketak

1. Eskurapen balioa honako hauen batura izango da:

 a) Ondasuna eskuratzeko ordaindutako benetako zenbatekoa.

b) Eskuratzaileak eskuratutako ondasunetan egindako inbertsio eta hobekuntzen kostua eta eskurapenari atxikitako gastu eta zergak, interesak kanpoan utzita.

 Bidezkoa denean, balio horri erregelamenduzko eran egindako amortizazioen zenbatekoa gutxituko zaio, eta, edonola ere, gutxieneko amortizazioa konputatuko da.

2. Aurreko apartatuan aipatutako eskurapen balioa erregelamenduz finkatzen diren koefizienteak aplikatuz eguneratuko da. Horretarako, kontuan hartuko da batik bat ondare elementuen eskurapen egunetik kontsumorako prezioen indizeak izan duen bilakaera eta eskualdaketaren ekitaldirako espero dena. Koefizienteak honela aplikatuko dira:

 a) Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatutako zenbatekoen gainean, zein urtetan ordaindu diren kontuan izanik.

b) Amortizazioen gainean, dagokien urtea kontuan izanik.

3. Eskualdaketa balioa besterentzearen benetako zenbatekoa izango da.  Balio honi aurreko 1. apartatuko b) letrak aipatzen dituen gastu eta zergak kenduko zaizkio, behin eskualdatzaileak horiek ordaindu ondoren.

Besterentze balioaren benetako zenbatekotzat ordaindutakoa hartuko da, betiere merkatuko ohiko balioaren azpitik ez badago, kasu honetan azken hori hartuko baita.

46. artikulua. Kostu gabeko eskualdaketak

 Eskurapena edo eskualdaketa kostu gabekoa denean, aurreko artikuluko arauak izango dira aplikagarriak, eta balore bakoitzaren benetako zenbatekotzat oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren arauak aplikatzetik ateratako balioak hartuko dira.

(…)”

Hala eta guztiz ere, kontsulta honen erantzuna idazteko, entitate kontsultagileak emandako informazioari jarraitu zaio, kontuan hartu gabe proiektatutako eragiketaren xede nagusia zehazteko garrantzitsuak izan daitezkeen aipatu gabeko beste inguruabar batzuk, erantzunaren nolakotasuna alda dezaketenak.

Hori jakinarazten zaizu, jakin dezazun eta ondorioak izan ditzan.

Araudia

  • 18/1987 Foru Araua, abenduaren 30ekoa, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzkoa.

  • 3/2014 Foru Araua, urtarrilaren 17koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa.