TBAI, TicketBAIren laguntzaile birtual berria

Ogasun eta Finantza Departamentuak TBAI zerbitzua jarri du Gipuzkoako gizartearen esku, TicketBAI programari buruzko zalantzak argitzen dituen laguntzaile birtuala

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak TBAI zerbitzua jarri du Gipuzkoako gizartearen esku, TicketBAI programari buruzko zalantzak argitzen dituen laguntzaile birtuala.

Laguntzaile hau etengabe egongo da eskuragarri TicketBAIren webgunean, eta, besteak beste, gauza izango da TicketBAIri buruzko galdera orokorrei erantzuteko eta fakturekin, beharkizun teknikoekin edo aplikazio eremuarekin lotutako zalantza espezifikoak argitzeko.

Laguntzaile birtuala elebiduna da, euskaraz zein gaztelaniaz egin dezake elkarrizketa. Gainera, automatikoki detektatzen du hizkuntza, eta ulertzen ez dituen galderak TicketBAIren laguntza taldeari bidaltzen dizkio.

TBAI diseinatu da azken urtean TicketBAI sistemak jaso dituen galdera ohikoenetatik abiatuta. Webguneko ohiko galderak atalean daude argitaratuta.

Laguntzailearen hasierako irismena eta haren jarduna hobetuz joango dira herritarrekin elkarreragiten duen heinean. TBAIk dituen elkarrizketak baliagarriak izango dira, alde batetik, galderak hobeto ulertzeko, eta, bestetik, gaur egun kontuan hartzen ez diren gai berriak gehitzen joateko.

Azken finean, TBAI laguntzailea TicketBAI programako zerbitzuen katalogoan sartzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ogasun eta Finantza Departamentuak zalantzak argitzeko tresna arin eta erraz bat sortu nahi izan dute, beti adi egongo dena eta herritarrek edonoiz eta edonon eskuragarri izango dutena.

Informazio gehiago:

TicketBAI

Ohiko galderak