Atzealdea Kriptomoneten tributazioa. Araudi aplikagarria.

Kriptomoneten tributazioa. Araudi aplikagarria.

Argitaratze data: 2022/10/14

Kontsultak

Kontsultagileak argitu nahi du ea Gipuzkoan estatuko araudia aplikatu behar den kriptomonetetan egindako inbertsioen tributaziorako edo, aitzitik, araudi espezifikorik dagoen.

Moneta horiekin egiten diren eragiketak erosketak, trukeak eta «staking»a dira.

Erantzuna

Alde batetik, Espainiako araudian ez dagoenez definituta zer den «moneta birtual» bat, «kriptomoneta» ere deitua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarau proposamen batean jasotako kontzeptura jo daiteke. Aipatutako zuzentarau proposamenak 2015/849 (EB) Zuzentaraua aldatzen du, finantza sistema kapitalak zuritzeko edo terrorismoa finantzatzeko erabiltzea prebenitzeari buruzkoa, baita 2009/101 (EE) Zuzentaraua ere, eta 2017ko abenduaren 19an argitaratutako azken bertsioan honela definitzen du moneta birtuala: «balio irudikapen digital bat, banku zentral batek edo agintaritza publiko batek jaulki edo bermatzen ez duena, nahitaez legez ezarritako moneta bati lotuta ez dagoena, eta erabilera legaleko monetatzat edo dirutzat hartzen ez dena, baina pertsonek edo erakundeek trukerako bitarteko gisa onartzen dutena, eta elektronikoki transferitu, eskualdatu eta negoziatu daitekeena».

Aurreko definizioa kontuan hartuta, esan liteke moneta birtualak, kontzeptualki, ezaugarri hauek betetzen dituzten ondasun higigarri digital edo ondasun immaterial batzuk direla: unitateka edo unitate zati gisa zenbatu daitezke; ez dira legezko txanponak; eta beste ondasun batzuekin truka daitezke, beste moneta birtual, eskubide edo zerbitzu batzuk barne, baldin eta ondasuna edo eskubidea eskualdatzen edo zerbitzua ematen duen pertsonak edo erakundeak onartzen baditu, eta, oro har, legezko txanpon baten truke erosi edo eskualdatu daitezke.

Era berean, kontuan hartuta moneta birtual bakoitzak berariazko protokolo informatiko batean duela jatorria, eta bakoitzak bere onarpen, likidezia, balio eta izendapen eremuak dituela, ondasun bereizitzat hartzen da moneta birtual bakoitza.

Bestalde, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 3/2014 Foru Arauaren 6.1 artikuluak honako hau xedatzen du:

«Zergadunak errenta bat lortzea hartzen da zerga-gaitzat, errenta hori non sortu den eta ordaintzailearen egoitza non dagoen kontuan izan gabe».

Bestalde, Foru Arau beraren 40. artikuluak honako hau ezartzen du:

«Zergadunaren ondarearen balioan zeinahi aldaketa gertatzeagatik agerian jartzen diren bariazioak dira ondare irabaziak eta galerak, foru arau honek etekintzat jotzen dituenean izan ezik».

Diru birtual bat beste moneta birtual batekin aldatzea truke bat da, Kode Zibilaren 1.538. artikuluan jasotako definizioaren arabera: «Trukaketa kontratu bat da, eta, horren bidez, kontratugileetako batek bere gain hartzen du gauza bat emateko betebeharra, beste bat jasotzeko».

Truke horrek aldaketa bat dakar ondarearen osaeran; izan ere, moneta birtual baten kopuru bat ordezkatzen da beste moneta birtual baten kopuru batekin eta, aldaketa horren ondorioz, ondarearen balioan aldakuntza bat gertatzen da. Hain zuzen, eskuratzen den diru birtualaren eta trukean ematen den moneta birtualaren arteko balio diferentzian gauzatzen da aldakuntza hori.

Ondorioz, zergadunak, jarduera ekonomiko batez kanpo, moneta birtual desberdinen arteko trukea egiten badu, ondarezko irabazi edo galera gisa kalifikatzen den errenta bat lortzen da, aipatutako 40. artikuluaren arabera.

Irabazi horren kuantifikazioari dagokionez, 44.1.a) artikuluak, oro har, xedatzen du hau izango dela ondarezko irabazi edo galeren zenbatekoa: «a) Kostu bidezko edo kostu gabeko eskualdaketetan, ondare elementuen eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko diferentzia. Bidezkoa denean, eskurapen balioa eguneratuta egongo da hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera». Balio horiek, kostu bidezko eskuratzeen eta eskualdatzeen kasuan, arau testu beraren 45. artikuluan definitzen dira:

«1. Eskurapen balioa honako hauen batura izango da:

a) Ondasuna eskuratzeko ordaindutako benetako zenbatekoa.

b) Eskuratzaileak eskuratutako ondasunetan egindako inbertsio eta hobekuntzen kostua eta eskurapenari atxikitako gastu eta zergak, interesak kanpoan utzita.

Bidezkoa denean, balio horri erregelamenduzko eran egindako amortizazioen zenbatekoa gutxituko zaio, eta, edonola ere, gutxieneko amortizazioa konputatuko da.

(…/…)

3.  Eskualdaketa balioa besterentzearen benetako zenbatekoa izango da. Balio honi aurreko 1. apartatuko b) letrak aipatzen dituen gastu eta zergak kenduko zaizkio, behin eskualdatzaileak horiek ordaindu ondoren.

Besterentze balioaren benetako zenbatekotzat ordaindutakoa hartuko da, betiere merkatuko ohiko balioaren azpitik ez badago, kasu honetan azken hori hartuko baita».

Bestalde, 47.1.i) artikuluak ezartzen duenez, ondare aldaketa:

i) Balio aldaketa ondasunak edo eskubideak —baloreak barne— trukatzeagatik gertatzen bada, ondare irabazia edo galera kalkulatuko da lagatako ondasun edo eskubidearen eskurapen baliotik honako bi balio hauetako handiena kenduz.

- Emandako ondasun edo eskubidearen merkatuko balioa.

- Trukean jasotzen den ondasun edo eskubidearen merkatuko balioa».

Geroko eskualdatzeetarako, truke bidez lortutako moneta birtualen eskurapen balioa izango da zergadunak, aipatutako 47.1.i) artikuluan aurreikusitako araua aplikatuz, trukean eskualdaketa balio gisa kontuan hartu duen balioa.

Era berean, ondoren jarduera ekonomiko batetik kanpo euroen truke diru birtualak salduta, ondare irabazi edo galera bat lortuko du kontsultagileak, eta eskurapen eta eskualdatze balioen arteko diferentzia izango da horren zenbatekoa.

Moneta birtual desberdinen arteko truke eragiketetatik datozen ondare irabazi edo galeren zenbatekoa, bai eta moneta birtualak diru truke eskualdatzeagatik adierazten diren ondare irabazi edo galeren zenbatekoa ere, aurrezpenaren errenta dira 3/2014 Foru Arauaren 63. artikuluaren arabera, baldin eta ondare galera hori eragin duen eragiketa eta haren kalkulua justifikatzen badira; hau da, zuzenbidean oro har onartzen diren frogabideen bidez egiaztatzen badira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 101. artikuluan xedatutakoaren arabera:

«1. Zerga prozeduretan aplikagarri izango dira Kode Zibilean eta Prozedura Zibileko Legean frogabideei eta balorazioari buruz ezarrita dauden arauak, zerga araudiak bestelakorik ezartzen ez badu behintzat.

Beste estatu batzuek edo nazioarteko zein nazioz gaindiko beste erakunde batzuek elkarren laguntzaren esparruan emandako frogak edo informazioak dagokien prozeduran jaso ahal izango dira, aurreko paragrafoaren arabera dagokien froga balioarekin.

2. Tributuak aplikatzeko prozeduretan, bere eskubidea baliarazi nahi duenak hura eratzen duten egitateak frogatu behar ditu».

(…/…)”.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 3/2014 Foru Arauaren 63. artikuluak ezartzen duenez, aurrezpenaren errentatzat hartuko dira:

“(…/…)

c) Ondare osagaien eskualdaketak direla-eta adierazten diren ondare irabaziak eta galerak.

Horien konpentsazioari dagokionez, 3/2014 Foru Arauaren 65. eta 66. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

Bestalde, 3/2014 Foru Arauak, urtarrilaren 17koak, Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, hogeigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera (negoziatzeko onartutako baloreetatik eratorritako ondarezko irabazien tributaziorako araubide hautazkoari buruzkoa):

“Bat. Foru arau honen 47.1.a) artikuluan aipatzen diren baloreak kostu bidez eskualdatzen dituzten zergadunek bi aukera hauek izango dituzte: artikulu horretan eskualdaketak sortutako ondare irabazia kalkulatzeko xedatutakoa aplikatzea, edo, bestela, eskualdaketa balioari ehuneko 3ko karga berezia aplikatzea, azkeneko hori baldin eta, eskualdatutako balore guztiak hartuta, eskualdaketa balio hori  10.000 euro baino txikiagoa izan bada ekitaldi bakoitzean.

Xedapen honetan ezarritakoa ez zaio aplikatuko balore horietatik eratorritako harpidetza eskubideen eskualdaketari, eta haien eskualdaketa balioa ez da konputatuko eskualdatutako balore multzo horren eskualdaketa balioa kalkulatzeko. Harpidetza eskubide horien eskualdaketatik eratorritako ondare irabazia kalkulatzeko, foru arau honen 47.1 artikuluko a) letraren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.

(…).”

Ondorioz, kontsultagileak bere idazkian planteatutako kasuan, eta arestian aipatutako araudian ezarritakoaren arabera, adierazi behar da zergaldian moneta birtualarekin egindako truke eragiketa guztiak konputatu behar direla Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean. Horretarako, FIFO. metodoa erabili beharko da, eta ezingo zaie aplikatu negoziatzeko onartutako baloreetatik eratorritako ondare irabazien tributaziorako araubide hautazkoa, moneta birtuala ez delako merkatu antolatu batean kotizatzeko onartutako balio bat.

«Staking» deritzon eremuan egindako eragiketei dagokienez, alegia, kriptomoneta kopuru jakin bat blokeatuta uzten bada zenbait errendimendu jasotzeko asmoz, honako hau hartu behar da kontuan:

Zergaren Foru Arauak 29. artikuluan xedatzen duenez: «1. Kapitalaren etekin osotzat hartuko dira zuzenean edo zeharka ondare elementu, ondasun edo eskubideetatik datozen onura edo kontraprestazio guztiak, duten izendapena edo izaera dutela ere, diruzkoak izan edo gauzazkoak izan, baldin eta elementu, ondasun edo eskubide horien titularra zergaduna bada eta zergadunak berak egindako jarduera ekonomikoei atxikita ez badaude».

Era berean, Zergaren Foru Arauaren 33. artikuluaren arabera: «1. Kapital higigarriaren etekin osotzat hartuko dira hauek:

a) Edozein entitate motaren funts propioetan parte hartzeagatik lortutako etekinak.

b) Kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik lortutako etekinak.

c) Kapitalizazio eragiketetatik, bizitza edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik eta kapital ezarpenen errentetatik datozen etekinak.

d) Kapital higigarriaren beste etekin batzuk».

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 3/2014 Foru Arauaren 63. artikuluak ezartzen duenez, aurrezpenaren errentatzat hartuko dira:

“(…/…)

«b) Foru arau honetako 34., 35. eta 36. artikuluetan aipatzen diren kapital higigarriaren etekinak. Hala ere, erregelamendu bidez jasotzen diren kasuetan izan ezik, foru arau honetako 35. artikuluan eta 54. artikuluko hirugarren paragrafoan jasotako kapital higikorraren etekinak, zergadunari loturiko entitateetatik datozenean, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 42. artikuluan emandako zentzuan, errenta orokorraren parte izango dira.

Horien konpentsazioari dagokionez, 3/2014 Foru Arauaren 65. eta 66. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

Ondorioz, «staking» eragiketetan lortutako monetak edo etekinak jaso diren zergaldian konputatu beharko dira Pertsona Fisikoen gaineko Errentaren Zergaren aitorpenean, kapital higigarriko etekin gisa.

Azkenik, informatzeko betebeharrei dagokienez, kontuan hartu behar da zer ezartzen duen 47/2013 FORU DEKRETUAK, abenduaren 17koak, zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen erregelamendua onartzen duenak, 70. artikuluan:

«1. Urteko aitorpen informatibo bat aurkeztu behar dute, jarraian aipatuko diren ondasun higigarriei edo horien gaineko eskubideei buruz, bai pertsona fisikoek eta juridikoek, bai pertsona edo entitate ez-egoiliarren establezimendu iraunkorrek eta bai Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako entitateek, baldin eta urte bakoitzeko abenduaren 31n ondasun eta eskubide horien titularrak badira edo ondasun eskubide horien titular errealtzat jotzen badira:

a) 50.000 eurotik gorako balio unitarioa duten eta data horretan edo urteko momenturen batean atzerrian kokatuta egon direnak. Eskudiruaren eta harri eta metal bitxien kasuan, ondasun kategoria horien balio bateratuak gainditu behar du 50.000 euroko kopurua.

b) Atzerriko herrialdeetan matrikulatuta dauden eta haietako erregistroetan jasota daudenak, haien balio unitarioa 50.000 euro baino handiagoa bada.

Ez dira hartuko aurreko a) letran sartutzat erregistro espainiarretan matrikulatuta edo jasota dauden ondasunak eta horien gaineko eskubideak. Ez dira hartuko letra horretan sartutzat erregelamendu honek 53. eta 54. artikuluetan jasotako ondasunak edo horien gaineko eskubideak ere. Artikulu honen ondorioetarako, titular erreala izango da Kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4.artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera halakotzat hartzen dena.

2. Aitorpen informatiboak honako datu hauek jasoko ditu:

a) Ondasun higigarriaren identifikazioa; haren tipologia zehaztu behar da, labur.

b) Ondasun higigarriaren kokalekua: kokapenaren herrialdea edo lurraldea.

c) Zer erregistrotan dauden inskribatuta edo matrikulatuta: erregistroa, eta inskribatu edo matrikulatuta dagoen herrialde edo lurraldea.

d) Eskurapen data.

e) Eskurapen balioa

3.  Atzerrian dauden ondasun higigarrien edo atzerriko herrialdeetan matrikulatuta edo haietako erregistroetan jasota dauden ondasun higigarrien gaineko erabilera edo gozameneko eta jabetza soileko eskubide errealen titulartasunari dagokionez, adierazi behar da, aurreko 2. apartatuko a), b) eta c) letretako informazioaz gain, titulartasuna zer datatan eskuratu zen eta zer balio duen abenduaren 31n,Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauan jasotako balorazio erregelak erabiliz.

4. Artikulu honetan araututako informazioa eman beharra izango dute aitorpenari dagokion urteko edozein unetan aurreko 1. apartatuan jasotakoaren arabera ondasun higigarriaren edo eskubidearen titular edo titular erreal izan diren eta urte horretako abenduaren 31n izaera hori galduta duten zergapekoek ere. Halakoetan, aurreko 2. apartatuan aipatutako datuez gain, ondasun higigarriaren edo eskubidearen eskualdaketa balioa eta data adierazi behar dira aitorpen informatiboan.

5. Artikulu honetan ezarritako informazioa emateko beharra ez da aplikatuko atzerrian dauden edo atzerriko herrialdeetako erregistroetan jasota dauden honako ondasun higigarrien edo horien gaineko eskubideei dagokienez:

a) Haien titularrak Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 12. artikuluan aipatutako entitateak badira.

b) Haien titularrak hauexek badira: pertsona juridikoak eta gainerako entitateak nahiz ez- egoiliarren establezimendu iraunkorrak. Higiezin eta eskubideak, dena dela, modu indibidualizatuan egon behar dute erregistratuta haien kontabilitatean, eta behar bezala identifikatuta

c) Haien titularrak hauexek badira: pertsona fisikoak, jarduera ekonomiko bat egiten badute eta kontabilitatea Merkataritza Kodean ezarritakoaren arabera egiten badute. Higiezin eta eskubideak, dena dela, modu indibidualizatuan egon behar dute erregistratuta haien kontabilitatean, eta behar bezala identifikatuta.

6.  Eman beharreko informazioa zein urteri dagokion eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 31 bitartean bete beharko da betebehar hau.

Aitorpena hurrengo urteetan aurkeztu beharra egongo da, bakar-bakarrik, baldin eta, abenduaren 31n edo hurrengo urteetako uneren batean, aurreko 1. apartatuan aipatu diren beste ondasun edo eskubide batzuk, aitortutakoak ez direnak, atzerrian kokatuta badaude edo atzerriko herrialdeetako erregistroetan matrikulatu edo inskribatu badira. Era berean, zilegi izango da aitorpena ez aurkeztea baldin eta aurreko 1. apartatuko a) letraren bigarren paragrafoan aipatzen diren ondasun kategoriek ez badute izan, elementu berriak sartzearen ondorioz, 20.000 eurotik gorako balio gehikuntzarik azken aitorpena aurkeztu beharra eragin zuenarekin alderatuta.

Aurrekoa gorabehera, aitorpena aurkeztu beharra egongo da 4. apartatuan aurreikusitako kasuetan, titulartasuna abenduaren 31n azkendu zaien ondasun higiezinei edo eskubideei dagokienez.

7.  2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamaikagarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoari dagokionez, datu multzo desberdinak dira aurreko 2. apartatuaren a), b) eta c) letretan aipatutako informazioak, aurreko 1. apartatuan aipatutako ondasun higigarri bakoitzari dagokionez eta aurreko 3. apartatuan aipatutako eskubideak eratzen diren ondasun higigarri bakoitzari dagokionez.

Ondorio horietarako, datutzat hartuko dira honako hauek:

a) Aurreko 2. paragrafoko d) eta e) letretan aipatutako data eta balio bakoitza, ondasun higigarri bakoitzari dagokionez.

b) Aurreko 3. apartatuan aipatutako data eta balio bakoitza, eskubide bakoitzari dagokionez.

c) 4. apartatuan aipatutako eskualdaketa data eta balio bakoitza, ondasun higigarri bakoitzari dagokionez».

Ondorioz, kontsultagileak bere idazkian planteatutako kasuan, eta arestian aipatutako araudiak ezartzen duenaren arabera, adierazi behar da moneta birtualaren edukitza 720 ereduan sartu behar dela, transkribatu dugun araudian aipatutako baldintzak betetzen badira.

Atzerrian kokatutako ondasun higigarriei eta horien gaineko eskubideei buruzko atalean sartuko da edukitza hori. Era berean, adierazi behar da nahitaezkoa izango dela, moneta birtuala 720 ereduan adierazi ondoren, beste aitorpen bat aurkeztea unitate berriak gehitzen badira eta, ondorioz, moneta birtualak 20.000 eurotik gorako balio gehikuntza badu, azken aitorpena aurkeztean zeukan balioarekin konparatuz gero. Gainera, nahitaezkoa izango da moneta birtuala konputatzeko 720 eredua aurkeztea, titulartasuna abenduaren 31n azkendu zaion moneta birtualari dagokionez.

Hala eta guztiz ere, kontsultagileak bere idatzian adierazitako egitate, inguruabar eta datuetan besterik ez da oinarritzen erantzun hau, eta haien araberako ondorioak izango ditu soilik. Deskribatutako eragiketa egin aurretik eta egin ondoren, idatzian aipatu ez diren bestelako inguruabar batzuk egongo balira, baliteke horiek eragina izatea proiektatutako eragiketaren asmo nagusia zehazteko garaian, eta, beraz, gerta liteke erantzun honetan azaldutako iritzia aldaraztea.

Araudia

  • 3/2014 FORU ARAUA, urtarrilaren 17koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa.

  • 2/2005 FORU ARAUA, martxoaren 8koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra.

  • 47/2013 FORU DEKRETUA, abenduaren 17koa, zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamendua onartzen duena.