2020ko lanaren etekinen atxikipenak zehazteko arauak


Atxikipenaren zenbatekoa ordaindutako diruzko etekinetatik deskontatuko da. Atxikitzeko betebeharra dagozkien errentak ordaintzen direnean sortuko da.

Jasotzaile berberari diruz eta gauzen bidez ordaintzen zaizkionean lan errentak, atxikipena ordaindutako kontraprestazio guztien gainean egingo da.

Atxikipenaren zenbatekoa ondoko prozesuari jarraiki lortuko da:

  • Atxikipen portzentajea lanaren atxikipenen taulatik lortuko da; taula horrek, alde batetik, diruzko eta gauzetako ordainketak hartzen ditu kontuan, hala finko nahiz aldagarriak, aurreikus daitezkeenak eta, bestetik, kenkaria izateko eskubidea ematen duten ondorengo kopurua. Ondorio horietarako, familia egoera urte naturalaren lehen egunekoa izango da.
  • Atxikipenaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aipaturiko zenbatekoak ordaindutako guztizkoari aplikatzetik ateratzen da.
  • Urtean zehar diru edo gauzen bidezko ordainketen kopuruan aldaketak ematen direnean, portzentaje berri bat kalkulatuko da, gertatutako aldaketak kontuan hartuta. Portzentaje berri hori direlako aldaketak ematen direnez geroztik bakarrik aplikatuko da.
  • Aurreko ordainketen artean % 60 edo % 50ean aitorpenean egozten denen bat biltzen bada 2 edo 5 urte baino gehiagotan sortu izanagatik (etekin irregularrak) PFEZ zergaren Arauaren 19. artikuluan oinarrituta, egozten den etekina bakarrik izango da kontuan, hala etekinen multzoari aplikatu beharreko atxikipenaren portzentajea kalkulatzeko nola portzentajea aplikatzen zaion oinarrirako.

Urte naturala baino gutxiagoko kontratu edo harremanen atxikipenak ezingo du % 2 baino gutxiagokoa izan.

Pentsiodunei taulako ondorengo bat duten zergadunei dagokien zutabeko atxikipen portzentajeak aplikatuko zaizkie.

Mendekotasuneko lan harreman berezien kasuan, atxikipenak ezingo du % 15 baino gutxiagokoa izan.

Ordainsariak administrazio kontseiluetako edo horien ordezko batzordeetako administratzaile eta kideek nahiz beste ordezkaritza organoetako partaideek jasotzen dituztenean, atxikipen portzentajea % 35ekoa izango da.

Atxikipena kalkulatzeko ez dira kontuan izango honakoak:

  • Bazkide babesleek edo sustatzaileek gizarte aurreikuspeneko sistemei eginiko kontribuzioak, oinarri ezargarri orokorretik murrizten direnak.
  • Gizarte Segurantzaren aldeko kotizazio gisa, langile autonomoen erregimen berezian eta araudia betez, kooperatibek bazkide langileen edo lanaren estaldura sozial eta asistentzialerako ordaindu dituzten kopuruak.
  • Errenta salbuetsiak eta kargatik salbuetsitako bidaia gastuetarako dieta eta esleipenak.