Nabarmentzekoak

Lan mutualitateak

Erretiro edo baliaezintasun pentsio bat jasotzen dutenek eskubidea baldin badute, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari jarraituz, pentsio hori errenta aitorpenean sartzeko murriztapen bat aplikatuta, aitorpena edozein modalitatetan aurkezteko unean egin ahal izango dute hori:

  • Autolikidazio proposamen bat prestatu badiegu, proposamenaren 3. orrian izango dute pentsioaren murriztapenaren kalkuluaren xehetasuna. Proposamena telefonoz edo Internet bidez onartzea gomendatzen da. 
  • Autolikidazio proposamenik ez bazaie prestatu, zerga informazioan sar daitezke lan etekinen koadroan pentsioaren murriztapenaren xehetasuna ikusteko eta zerga informazio hori ZergaBidea programara deskargatzeko, aitorpena Internet bidez aurkezte aldera. Modalitate mekanizatuaren bidez ere aurkez dezakete aitorpena.

Proposamenean edo zerga informazioan pentsioaren murriztapena ageri ez bada, Gizarte Segurantzak informazio hori eman ez digulako izango da. Horregatik, autolikidazio proposamena prestatu badiegu, hura onartzea gomendatzen zaie; izan ere, errenta mekanizatuko bulegoetan ezin izango dugu sartu pentsioaren murriztapena.

App

Kanpaina honetan, zergadunek, lehen aldiz, app bat izango dute, zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko aukera emango diena, identifikazioarekin edo identifikaziorik gabe jarduten duten kontuan hartuta; besteak beste, honako hauek: errenta aitorpen mekanizatua aurkezteko hitzorduak erreserbatzea, autolikidazio proposamena onartzea, informazio fiskala lortzea eta zerga-ziurtagiriak sortzea.

Internet modalitatea, ZergaBidearekin bakarrik

Orain arte, internet bidez aurkezten ziren errenta, ondare eta fortuna handien elkartasunaren aitorpen gehienak gure ZergaBidea programarekin egiten ziren, baina beste programa batzuen bidez ere egin zitezkeen.

Kanpaina honetatik aurrera, Internet bidez aurkezten diren errenta, ondare eta fortuna handien elkartasunaren aitorpen guztiak ZergaBidearekin egin beharko dira.

BakQ-a

Departamentuaren zerbitzu telematikoetara sartzeko –errenta eta ondare kanpainan zerga informazioa eskuratzeko eta aitorpenak Internet bidez aurkezteko, esate baterako–, BakQ-a edo ziurtagiri elektronikoa eduki behar da.
BakQ-aren ezaugarri nagusiak:

  • Bulegoetan ez ezik, Internet bidez ere lortu daiteke, inora bertaratu gabe.
  • Hirugarrenen ordez jarduteko aukera ematen du, adibidez, ezkontidearen edo beste senide baten zerga informazioa eskuratzeko eta haren aitorpenak aurkezteko. Horretarako, ordezkaritza izapidetu beharra dago 001 ereduaren bidez.
  • Aukera ematen du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste administrazio batzuen gainerako izapide elektronikoetan sartzeko.

Zerga informazioa (errenta)

Zerga informazioa errenta programara jaitsi daiteke aitorpena Internet bidez aurkezteko. 2024ko zerga informazioan kontzeptu berriak agertuko dira, eta, besteak beste, kalte-ordainaren berandutza-interesak.

Zerga informazioa (ondarea eta elkartasun zerga)

Ondare zergaren eta fortuna handien gaineko elkartasun zergaren programetara ere jaitsi daiteke zerga informazioa.

Aitorpenaren emaitza

Errenta-aitorpenaren emaitza itzultzekoa bada, zerbitzu-kartaren barruan konpromiso bat dugu itzulketak azkar egin daitezen honako epe hauetan:

  • Modalitate mekanizatuan, aurkeztu eta 3 egun balioduneko epean.
  • Proposamen modalitatean, onartu eta 3 egun balioduneko epean.
  • Internet modalitatean, aurkeztu eta 10 egun balioduneko epean, aitorpenen % 95erako.

Azken kanpainan hauek izan ziren lortutako emaitzak:

  • Modalitate mekanizatuan, itzultzeko batez besteko epea: 1,27 egun.
  • Proposamen modalitatean, itzultzeko batez besteko epea: 1,37 egun.
  • Internet modalitatean, itzulketen % 99,4 10 eguneko epean.

Errenta-aitorpenaren emaitza ordaintzekoa bada, aukera hauek daude:

  • Zor guztia 2025/06/30ean ordaintzea.
  • Ordainketa zatikatzea, % 60 2025/06/30ean eta % 40 2025/11/10ean.

Errenta, ondare edo fortuna handien elkartasunaren aitorpenen emaitza ordaintzekoa bada, ordainketa hiru modutan egin daiteke:

  • Helbideratzea aukeratutako kontuan.
  • Ordainketa pasabidea.
  • Ordainketa gutuna, finantza-erakunde laguntzaileak ematen dituen kanalen bidez (leihatila, kutxazaina, banka elektronikoa) edo banku-txartelaren bidez, departamentuko herritarren arretarako bulegoetan.

Errenta mekanizatua

Mekanizatua – Hitzordua

Aitorpen mekanizatua gure bulegoetan aurkezteko, aldez aurretik hitzordua hartu behar da.

Uztailaren 1ean, aitorpenak aurkezteko azken egunean, egun horretarako hitzorduak eskatzea onartuko da.

Ezin da hitzordu bat erreserbatu aurretik beste hitzordu bat erreserbatu bada hurrengo egunetakoren baterako. Hori egiteko, lehenik eta behin beste hitzordu hori baliogabetu behar da, beste zergadun batek aprobetxatu ahal izan dezan.

Hitzordura joaterik ez badago, gutxienez egun bat lehenago baliogabetu behar da hitzordua. Horrela, erabilgarri geratuko da behar izan dezakeen beste zergadun batentzat.

Mekanizatua – SMS

Txanda hartzeko orduan telefono mugikor bat ematen bazaigu, SMS bat bidaliko dugu, orain arte bezala:

  • Txanda hartzen denean (aitorpena zein bulegotan, noiz eta zein ordutan aurkeztu behar den gogorarazteko).
  • Txanda bat bertan behera uzten denean.

Errenta proposamena

Proposamena – Posta bidezko komunikazioa

Kanpaina honetan zehar, proposamena jasotzen dutenei postaz bidaliko zaizkien komunikazioak bi eratakoak izango dira.

  • Aurreko urtean proposamena internet bidez onartu zutenei edo orain arte aitorpena Gipuzkoan aurkeztu ez dutenei, bi datu baino ez zaizkie bidaliko komunikazioan: proposamena webgunean ikusteko kodea eta autolikidazioaren emaitza.
  • Gainerako zergadunei komunikazio osoa bidaliko zaie, proposamena barne, aurreko urteetan bezala.

Neurri horrekin informazioaren segurtasuna hobetu nahi da,  eta aurrezpen handia lortzen da aldi berean.

Proposamenetan QR kode bat agertuko da, aplikazioan sartzea errazteko, eta hura Internet bidez ikusi eta onartu ahal izateko.

Proposamena – Onartzea aldaketak sartuta eta sartu gabe

Aurreko kanpainetan bezala, proposamena telefonoz edo internet bidez onartu ahal izango da, emaitza ekonomikoa ezertan ere aldatu gabe edo bost kontzeptu hauetako bat aldatu eta gero:

  • Etxebizitza errentan emateagatik lortutako etekinak.
  • Lokalak errentan emateagatik lortutako etekinak.
  • Kuota sindikalaren kenkaria.
  • Dohaintzen kenkaria.
  • Ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik aplikatutako kenkaria.

Proposamena – Programara jaistea eta internet bidez aurkeztea

Gainera, posible izango da proposamena Zergabidea plataforma elektronikora jaistea, barruan edozein aldaketa egin eta aitorpena Interneten bidez aurkezteko. Prozesu hori errazte aldera, ohiko autentifikazio sistemak erabiltzeaz gainera (BakQ eta ziurtagiria) proposamenaren onarpen kodea ere erabiliko ahal izango da proposamena jaitsi eta aitorpena internet bidez aurkezteko.

Proposamena – Erregistratu gabeko kontu korrentea

Proposamena Internet bidez onartzen bada, kobratzeko edo ordaintzeko kontua aldatu ahal izango da, beti bezala. Posible izango da Ogasunean erregistratuta ez dagoen kontu bat aukeratzea, betiere titulartasuna frogatzen bada proposamenen aplikaziotik dagokion frogagiria igoz.

Errenta, Ondarea eta Elkartasun Zerga (Internet)

Errenta aitorpena hiru modalitate erabiliz aurkez daiteke (proposamena, mekanizatua eta Internet); aldiz, ondare aitorpena eta elkartasun zergarena Internet bidez baino ezin dira aurkeztu.

Internet – ZergaBidea programa

Internet bidezko aurkezpenean, hiru zergen aitorpenak ZergaBidea programaren bitartez aurkezten dira.

Internet – Programa eskuratzea

Programa eskuratzeko autentifikazioa beharrezkoa da, eta izan daiteke:

  • Errenta, ondarea eta fortuna handien elkartasun zerga: BakQ-a edo ziurtagiria.
  • Errentarako: baldin eta BakQ identifikaziorik edo ziurtagirik eskatu ez bada, aitorpena kontraste datuarekin aurkeztu daiteke (azken urteetako errenta aitorpenaren kuota edo proposamenaren onarpen kodea). Horretarako, alta eskatu behar da BESTE SARBIDE BATZUK apartatuan, https://zergabidea.gipuzkoa.eus helbidean. Leiho berrian irekiko da., e-posta kontu bat eta pasahitz bat erabiliz. 

Internet – Aitorpena betetzea

Errenta aitorpenak horrela bete daitezke:

  • Eskuz.
  • Zerga informazio jaitsiz, BakQ identifikazioa, edo ziurtagiria erabilita.
  • Proposamena jaitsiz, BakQ-a, ziurtagiria edo kontraste datua (proposamenaren onarpen kodea) erabilita.
  • Simulazio programarekin egindako aitorpen bat inportatuz.
  • Aurreko ekitaldiko aitorpena inportatuz.

Ondarearen aitorpenak horrela bete daitezke:

  • Eskuz.
  • Zerga informazioa jaitsiz, BakQ-a edo ziurtagiri elektronikoa erabilita.
  • Simulazio programarekin egindako aitorpen bat inportatuz.
  • Aurreko ekitaldiko aitorpena inportatuz.

Fortuna handien gaineko elkartasun zergaren aitorpenak honela bete daitezke:

  • Eskuz.
  • Zerga informazioa BakQ edo ziurtagiriarekin deskargatuz.
  • Ondare aitorpen bat inportatuz.

Internet – Frogagiriak

Frogagiriei dagokienez, errenta aitorpena internet bidez aurkezten duten zergadunek, erabiltzen duten autentifikazio sistema edozein dela ere, ez dute frogagiririk aurkeztu beharko baldin eta bi baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Beren ohiko etxebizitza aitortzen den ekitaldian erosita ez egotea, eta
  • Aitorpenean sartzen dituzten kontzeptuak eta Zerga Informazioan ageri direnak berdinak izatea.

Hori programak berak egingo du, erabiltzaileari ohartarazita, bete diren laukien arabera.

Partikularrek internet bidez edo herritarren arretarako bulegoetan aurkeztu ditzakete errentako frogagiriak.

Ordezkari profesionalek (aholkulariak eta kudeatzaileak) nahitaez Internet bidez aurkeztu behar dituzte errentako frogagiriak.

Ondarearen eta elkartasun zergaren aitorpenetarako, ez da frogagiririk aurkeztu behar.

Internet – Ordezkari profesionalak

Ordezkatuen errenta, ondare edo elkartasun zergen aitorpenak aurkeztu ahal izateko, ordezkari profesionalek ordezkaritzako 001-P edo 001-RP eredu bat eduki behar dute erregistratuta.

320/2017 Foru Aginduaren 1.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, autolikidazio guztiak Internet bidez aurkeztu behar dituzte. Ezin dute aitorpen mekanizaturik egin.