Foru administrazioaren jokaera arauak


Beren eginkizunen artean herritarrei informazioa, arreta eta laguntza eskaintzea duten langileek bereziki, eta beren eginkizunak direla-eta herritarrekin harremanak dituztenek oro har, beren portaeran ondorengo printzipioak beteko dituzte:

  • Zuzentasunez kasu egin eta herritarren aurrean identifikatu, hala eskatuz gero oro har izen-abizenez identifikatuko da, eta foru departamentuek arrazoituta horrela proposatzen dutenean inplikatutako langile bakoitzari esleitutako zenbakiaren bidez egingo da, beraien eskubideak babesteko.
  • Beren lan ataleko zerbitzuen katalogoa ezagutuko dute, baita zerbitzu horietako bakoitza garatzen duten organoak edota pertsonak, egituratzen dituzten Administrazio Unitateen zuzendaritzak eta eskaera-epe jakin bat duten zerbitzuen ezaugarri orokorrak ere.
  • Eskatzen zaienean, inprimaki ofizialak eta kasuan-kasuan gainerako agiriak eskuratuko dizkiete herritarrei, inprimaki horiek noiz eta non aurkeztu behar diren adieraziko diete eta gaiari buruz edozein kontsulta egiteko jakitea komeni zaizkien posta helbideak, telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak emango dizkiete.
  • Ezin badute informazio eskaera bat berehala bete, nahiz eta eskatzaileak eskubidea izan, zergatik ezin den adieraziko diote eta datuak hartuko dizkiote, informazio hori eskuragarri dagoela ahalik eta lasterren jakinarazteko.
  • Eskatutako informazioa beste unitate bati badagokio, eta ez eskaera jaso duenekoari, eskatzaileari ohar bat idatziko diote, nora jo behar duen edo zein telefono zenbakira deitu behar duen eta nori zuzendu behar zaion adieraziz.
  • Eskatutako informazioa kudeatzeko denbora batean itxaroan behar badu, eskatzaileari zenbat denbora itxaro behar duen adieraziko zaio informazioa jaso arte.
  • Lan eremutik kanpo isilean gordeko dituzte bai zerbitzua eskatu duen herritarrari buruzko zertzeladak eta egindako kontsultaren xedea, baita Departamentuaren barruko gorabeherak ere.
  • Eskatzen duen orori, kexak, iradokizunak eta eskaerak egiteko behar diren inprimakiak emango dizkiote eta, hala eskatuz gero, inprimaki horiek betetzen lagunduko diote.

Herritarrei informazioa, arreta eta laguntza eskaintzen zaien bulego guztietan informazio zereginak betetzen dituzten langileen portaera kodearen aleak izango dituzte eskuragarri, herritarrek horren berri izan dezaten bermatzeko eta beren eskubideak gauzatu ahal izateko.