Gipuzkoako zerga gida 2012


Foru Aldundiak Gipuzkoako zerga gida eman du argitara. Ogasun eta Finantza Departamentuaren argitalpen honen bidez, zerga arloko erabiltzaileei lan tresna bat eskaintzen zaie, Gipuzkoako foru zerga sistemara hurbiltzeko eta beren jarduera euskaraz egitea errazteko.

Azken urteotan, euskararen ezagutza eta erabilpena handitu dira Gipuzkoan zerga alorreko kudeaketa publiko eta pribatuko profesionalen artean (herri langileak, gestoriak, aholkularitzak…) nahiz gizartean (zergadunak, unibertsitateko eragileak…).
Herri ogasunaren arloan espezializatutako argitalpenen merkatuan material ugari dago, baina horietako gehien-gehienak gaztelaniaz daude. Gabezia hori neurri batean estaltzeko, zerga gida hau plazaratu da, eta aurrerantzean ere euskaraz argitaratuko da.

Gida erabiltzaile askori zuzenduta dago, hala nola Ogasuneko langileei, zergen arloarekin zerikusia duten profesional pribatuei (gestoriak, aholkularitzak, finantza entitateak…), unibertsitateko ikasle zein irakasleei edota Ogasun Departamentuaren enplegu publikoko eskaintzetarako azterketak prestatzen dituzten herritarrei.

Gida hau 2012ko urriaren 31ra arte eguneratuta argitaratzen da, aurten bakarrik formatu digitalean. Era berean, gidaren prestaketa Ogasunean euskararen erabilera soziala bultzatzen duen Saregin kolektiboak sustatu du, eta idazketa taldean parte hartu du.

Oharra:

Argitalpen honek ez du izaera ofizialik, eta ez du Administrazioa lotzen. Helburu bakarra informazioa ematea da, eta bertan adierazten den argitalpen data bitartean indarrean dagoen informazioa ematen du.