Nola aldatu aurkeztutako aitorpena?


Ondarearen urteko aitorpena (714 eredua) aurkeztu ondoren zergadunak akatsak edo ez-egiteak antzematen baditu, Gipuzkoako Foru Ogasunaren errekerimendurik bat jaso gabe, aitorpenaren borondatezko aldaketa eskatu ahal izango du.

Aldaketaren emaitza izan daiteke:

  • Osagarria: Foru Ogasunaren kalterako  ondasun edo eskubideren bat ez sartzeagatik, kenkarigabeko zorren bat konputatzeagatik, eta abar. Aldaketaren emaitza zergadunak ordaindu beharreko kopuru bat izango litzateke. 
  • Zuzenketa: zergadunaren kalterako, salbuetsitako ondasunen bat oker sartzeagatik, zor bat ez konputatzeagatik, eta abar. Aldaketaren emaitza zergadunak kobratu beharreko kopuru bat izango litzateke.

Erregularizazio prozesua hasten duena zergaduna izan beharrean Foru Ogasuna bada, zergadunak zerga kuotaren %150 arteko zigorra jaso dezake, baldin eta aldaketa Foru Ogasunaren kalterako izan bada.

Osagarrien prozedura

Aitorpen osagarriak internet bidez aurkezten dira ZergaBidea plataforma erabiliz.

Osagarrien eta zuzenketen prozedura

Zuzenketak eta baita osagarriak ere gure bulegoetan edo ZergaBidea plataforman aurkeztu daitezke, idatzi baten bidez.

Errekarguak

Osagarria: aitorpenaren emaitzaren diferentziaz eta berandutza interesez gain, zergadunak errekargu bat ordaindu beharko du zuzenketa egiteko atzerapenaren arabera. Borondatezko aurkezpen epea amaitzen denetik hasi eta zuzenketa aurkeztu arte igarotako denbora izango da atzerapena:

  • 3 hilabete arteko atzerapena: kuotaren diferentziaren gaineko %2ko errekargua gehi berandutza interesak.
  • 4. hilabetetik urtebete arte: %5eko errekargua gehi berandutza interesak.
  • Urtebetetik gorako atzerapena: %10eko errekargua gehi berandutza interesak.

Zuzenketa: errekargurik eta berandutza interesik ez du ordaindu beharko, eta Foru Ogasunak zergadunari dagokion zenbatekoa ordaintzearekin amaituko da prozedura.