2025eko lanaren etekinen atxikipenak zehazteko arauak
 

Atxikipenaren zenbatekoa ordaindutako diruzko etekinetatik deskontatuko da. Atxikitzeko betebeharra dagozkien errentak ordaintzen direnean sortuko da.

Jasotzaile berberari diruz eta gauzen bidez ordaintzen zaizkionean lan errentak, atxikipena ordaindutako kontraprestazio guztien gainean egingo da.

Atxikipenaren zenbatekoa ondoko prozesuari jarraiki lortuko da:

  • Atxikipen portzentajea lanaren atxikipenen taulatik lortuko da; taula horrek, alde batetik, diruzko eta gauzetako ordainketak hartzen ditu kontuan, hala finko nahiz aldagarriak, aurreikus daitezkeenak eta, bestetik, kenkaria izateko eskubidea ematen duten ondorengo kopurua. Ondorio horietarako, familia egoera urte naturalaren lehen egunekoa izango da.
  • Atxikipenaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aipaturiko zenbatekoak ordaindutako guztizkoari aplikatzetik ateratzen da.
  • Urtean zehar diru edo gauzen bidezko ordainketen kopuruan aldaketak ematen direnean, portzentaje berri bat kalkulatuko da, gertatutako aldaketak kontuan hartuta. Portzentaje berri hori direlako aldaketak ematen direnez geroztik bakarrik aplikatuko da.
  • Aurreko ordainketen artean 100eko 60 edo 100eko 50ean aitorpenean egozten denen bat biltzen bada 2 edo 5 urte baino gehiagotan sortu izanagatik (etekin irregularrak) PFEZ zergaren Arauaren 19. artikuluan oinarrituta, egozten den etekina bakarrik izango da kontuan, hala etekinen multzoari aplikatu beharreko atxikipenaren portzentajea kalkulatzeko nola portzentajea aplikatzen zaion oinarrirako.

Pentsiodunei taulako ondorengo bat duten zergadunei dagokien zutabeko atxikipen portzentajeak aplikatuko zaizkie.

Ordainsariak administrazio kontseiluetako edo horien ordezko batzordeetako administratzaile eta kideek nahiz beste ordezkaritza organoetako partaideek jasotzen dituztenean, atxikipen portzentajea 100eko 35ekoa izango da.

Ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak, mintegiak eta antzekoak emateagatik lortzen diren lan etekinei, (zergaren foru arauaren 18. artikuluko k) letran aurreikusitakoa) 100eko 15eko atxikipena edo konturako sarrera aplikatuko zaie.

Ustiapen eskubideak lagata dituzten lan literario, artistiko edo zientifikoengatik lortzen diren lan etekinei (zergaren foru arauaren 18. artikuluko l) letran aurreikusitakoa) 100eko 15eko atxikipena edo konturako sarrera aplikatuko zaie.

Dena den, zergaren foru arauaren 18.l) artikuluan aipatzen diren lan literario, artistiko edo zientifikoengatik lortutako etekinen gainean 100eko 7ko atxikipena aplikatuko da, baldin eta:

  • mota horretako etekin osoen bolumena 15.000 eurotik beherakoa izan bada aurreko ekitaldian
  • eta zergadunak ekitaldi horretan lanagatik eta jarduera ekonomikoengatik lortu dituen etekin osoen baturaren 100eko 75 gainditzen badu.

Atxikipen tasa hori aplikatzeko, zergadunek zirkunstantzia hori betetzen dela jakinarazi behar diote etekinen ordaintzaileari, eta horrek komunikazioa gorde beharko du behar bezala sinatuta.

Atxikipen portzentajea ezingo da izan 100eko 2 baino txikiagoa etekinak urtebetetik beherako iraupena duten kontratu edo harremanetatik datozenean, arte eszenikoetan, ikus-entzunezkoetan eta musikaletan diharduten artisten lan harreman berezi baten ondorio direnean edo jarduera hori garatzeko beharrezkoak diren jarduera teknikoak edo lagungarriak egiten dituzten pertsonei dagozkienean.

Mendekotasuneko lan harreman berezien kasuan, atxikipenak ezingo du 100eko 15 baino gutxiagokoa izan.

Atxikipena kalkulatzeko ez dira kontuan izango honakoak:

  • Bazkide babesleek edo sustatzaileek gizarte aurreikuspeneko sistemei eginiko kontribuzioak, oinarri ezargarri orokorretik murrizten direnak.
  • Gizarte Segurantzaren aldeko kotizazio gisa, langile autonomoen erregimen berezian eta araudia betez, kooperatibek bazkide langileen edo lanaren estaldura sozial eta asistentzialerako ordaindu dituzten kopuruak.
  • Errenta salbuetsiak eta kargatik salbuetsitako bidaia gastuetarako dieta eta esleipenak.