BREXIT


2017ko martxoaren 29an, Erresuma Batuak Europako Kontseiluari jakinarazi zion Europar Batasunetik eta Energia Atomikoaren Europar Erkidegotik erretiratzeko asmoa, Europar Batasunari buruzko Itunaren 50. artikuluaren arabera.

2017ko azaroaren 14an, Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko negoziatzaileek akordio bat adostu zuten Erresuma Batua modu ordenatuan irteteko Europar Batasunetik (BREXIT). Akordio hori Europako Kontseiluak, Europako Parlamentuak eta Parlamentu britainiarrak berretsi behar zuten.

2020ko urtarrilaren 29an Europako Parlamentuak Akordioa berretsi du Erresuma Batua modu ordenatuan irteteko Europar Batasunetik (BREXIT). Hori dela eta, Erresuma Batuaren irteera 2020ko otsailaren 1ean jarriko da indarrean, eta egun horretatik aurrera “hirugarren herrialde” bihurtuko da.

Alabaina, 2020ko abenduaren 31ra arte, Erresuma Batuak Europar Batasuneko legeria jarraituko du aplikatzen barne merkatuari, Aduana Batasunari eta politika komunitarioei dagokienez.

Europar Batasunak Erresuma Batua Estatu kide bezala tratatuko du, Europar Batasuneko erakundeetan eta gobernantza egituretan parte hartzeari dagokionez izan ezik. Hain zuzen ere, aldi horretan enpresek ez dute aduanako izapiderik egin beharko.

Trantsizio-aldia beste urtebete edo bi urtera arte luza daiteke. Erabaki hori Europar Batasunak eta Erresuma Batuak elkarrekin hartu beharko dute 2020ko uztailaren 1a baino lehen.

Aduanetan Brexit-aren ondorioak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera

Ondasun emateak

Erresuma Batua Europar Batasunetik kanpo geratzeak berekin dakar, besteak beste, BEZa aplikatzen den lurraldearen eta Erresuma Batuaren arteko merkantzien joan-etorriak Batasun barruko eragiketak izateari utzi eta aduanetako formaltasunen mende egotera pasatuko direla.

Horrek zera esan nahi du: BEZaren aplikazio lurraldean (Penintsulan eta Balear Uharteetan) Erresuma Batutik datozen merkantziak sartzen badira, BEZa aduanak likidatuko duela inportazioaren unean, non eta enpresak ez duen aukeratzen BEZa modu geroratuan ordaintzea, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduko 74. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, beharrezkoa izango da hilero aitortzea BEZa. Hiruhilekoa aitortzen den kasuetan, hilabeteko aitorpenera aldatu ahal izango da hileko itzulketen erregistroan (REDEME erregistroan) inskribatuta. Kasu horretan, enpresa behartuta geratuko da Berehalako Informazio Hornidura (BIH) egitera.

Inportazioan, BEZaren zerga oinarria Aduanako balioa da, gehi ondoren aipatzen diren kontzeptuak (haren barruan sartuta ez badaude):

  • Zergak, eskubideak, ordainarazpenak eta inportazioaren ondorioz sortzen diren gainerako kargak, BEZa izan ezik.
  • Gastu osagarriak, esate baterako, Batasunaren barruan ondasunen lehen helmugara iritsi arte sortzen diren komisioak edo enbalaje, garraio eta aseguru gastuak.

BEZaren aplikazio lurraldetik (Penintsula eta Balear Uharteak) Erresuma Batura garraiatzen diren merkantziak esportazioak izango dira, eta ez zaie BEZik aplikatuko (salbuetsitako eragiketak).

Gipuzkoako enpresaburu batek ondasun entregak egiten badiete partikular britainiarrei, urrutiko salmenten araubidea ez da aplikagarria izango.

Bestalde, erretiratzeko unean Erresuma Batutik Europar Batasunera egindako merkantzien mugimenduetan zerga-ordainketa bikoitza saihesteko, Erresuma Batutik 27 Estatu kideetako batera merkantzien garraioa 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen hasten bada, ez dira kontuan hartuko Batasun barruko erosketatzat ondasunak helmugara data horretatik aurrera iristen direnean, inportazioa sortuko baita.

Zerbitzu prestazioak

BEZaren legeko 69. eta 70. artikuluetan jasotzen diren lokalizazio arauak aplikatuko dira, kontuan izanik Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izateari uzten dioela. Bereziki, egiazko erabileraren erregela izango da aplikagarria, BEZaren legeko 70.Bi artikuluan jasotakoa, halako moduz non artikulu horretan adierazitako zerbitzuak BEZari lotuta egongo diren, baldin eta, Erresuma Batuan kokatu bai baina haien egiazko erabilera edo ustiapena BEZaren aplikazio lurraldean egiten bada.

IFZ-BEZ eta 349 eredua

BEZa aplikatzen den lurraldearen eta Erresuma Batuaren artean egiten diren eragiketak ez direnez izango Batasun barruko eragiketak, ez dira jaso beharko aitorpen laburbiltzailea egiteko erabiltzen den 349 ereduan.

Orobat, Erresuma Batuarekin eragiketak egiten dituzten enpresa gipuzkoarrek ez dute zertan identifikatu BEZeko IFZ baten bidez.

Aduana eragiketak egiten badituzte (inportazioak edo esportazioak), EORI zenbakia izan beharko dute.

Honako berezitasun hauek hartu behar dira kontuan:

  1. Erretiratzeko Akordioak bermatzen du Erresuma Batua EBtik atera aurretik hasitako merkantzia mugimenduak burutuko direla, merkantziaren joan etorria hasteko unean indarrean zeuden Batasunaren arauen arabera.
  2. Erretiratzeko Akordioak Ipar Irlandarako protokolo bat jasotzen du, eta, BEZaren ondorioetarako, EBren parte izaten jarraituko du ondasun emateei dagokienez. Horretarako, Erresuma Batuak berariazko NIVA bat sortuko du, XI. aurrizkiarekin, protokolo horri atxiki dakizkiokeen enpresentzat.


Horren ondorioz, 349. ereduan sartzeko, honako arau hauek aplikatuko dira Erresuma Batuarekin eta Ipar Irlandarekin egindako eragiketei dagokienez:

  1. 2021eko urtarrila eta 1.hiruhileko aldietarako, 349. ereduak GB eta XI aurrizkiak onartuko ditu, "S" edo "I" eragiketa-gakoetarako izan ezik, horiek ez baitute aurrizki horietako bat bera ere onartuko.
  2. 2021eko otsailetik abendura eta 2. hiruhilekotik 4. hiruhileko bitarteko aldietarako, XI. aurrizkia baino ez da onartuko, "S" edo "I" eragiketa gakoetarako izan ezik.
  3. 2021a baino lehenagoko eragiketen zuzenketetarako, GB aurrizkia baino ez da onartuko.
  4. 2021eko urtarrila edo 1. hiruhileko eragiketen zuzenketetarako, GB eta XI aurrizkiak onartuko dira, "S" edo "I" eragiketa-gakoetarako izan ezik, horiek ez baitute aurrizki horietako bat bera ere onartuko.
  5. 2021eko otsailetik abendura eta 2. hiruhilekotik 4. hiruhilekora bitarteko eragiketak zuzentzeko, XI. aurrizkia bakarrik onartuko da, "S" edo "I" eragiketa-gakoen kasuan izan ezik.

 

Telekomunikazio, irrati eta telebista zerbitzuei eta elektronikoki emandakoei aplikagarri zaien araubide berezia (MOSS)

Erresuma Batuan kokatuta dauden enpresaburuek Mini One-Stop Shop (MOSS) araubidea aplikatzen badute Europar Batasunean egoiliar diren  partikularrei telekomunikazio, irrati edo telebista zerbitzuak edo zerbitzu elektronikoak egiten dizkietenean, beren MOSS identifikazioa aldatu beharko dute eta Estatu kide batean erregistratu Batasunean kokatu gabekoen araubidean.

27 Estatu kideetako batean identifikatuta dauden enpresaburuek 2021eko lehen hiruhilekoagatik MOSS araubidean aurkezten dituzten aitorpenetan, adierazi beharko dituzte Erresuma Batuan emandako zerbitzuak trantsizio-aldia amaitu arte (2020ko abenduaren 31), nahiz eta aitorpen horiek data horren ondoren aurkeztu behar dituzten.