Erregimena aplikatzen jarraitzea, baja hartzea eta kanpoan geratzea

Erregimena aplikatzen jarraitzea, baja hartzea eta kanpoan geratzea

Erregimena aplikatzen jarraitzea:

Hileko itzulketen erregistroan inskribatutako subjektu pasiboek inskripzioa zein urtetarako eskatu eta urte horretan gutxienez jarraitu behar dute bertan izena emanda. Aldiz, inskripzioa aldizkako aitorpen-likidazioak aurkezteko epean eskatu duten subjektu pasiboek, edo jarduera enpresarial edo profesionalekin lotutako ondasun salmentarik edo zerbitzu prestaziorik egiten hasi ez duten enpresari edo profesionalek gutxienez inskripzioa eskatzen duten urtean eta ondoko lehenengoan jarraitu behar dute erregistroan.

Baja:

Erregistroan baja hartzeko eskaera, ondorioak izan behar dituen urte naturala hasi aurreko azaroan aurkeztu behar da. Talde batek entitate taldeen erregimen berezia aplikatzen badu, baja eskaera entitate nagusiak aurkeztuko du ondorioak izan behar dituen urte naturala hasi aurreko abenduan.

Subjektu pasiboak erregistrotik baja ematea eskatu badu, eskaera egin duen urte natural horretan ezin du inskripzioa berriro eskatu.

Kanpoan geratzea:

Erregistroko inskripzioa eskatzeko baldintzetako bat ez betetzea, edo Zerga Administrazioari emandako informazioa okerra edo faltsua dela egiaztatzea aski da erregistroko inskripzioa ukatzeko edo, jada inskribatutako subjektu pasiboen kasuan, Zerga Administrazioak erregistrotik kanpo utzi behar direla erabakitzeko.

Era berean, BEZaren erregistro liburuetan jasotako datuak biltzen dituen aitorpen informatiboa (340 eredua) ez aurkezteak erregistrotik kanpo geratzea ekarriko du berekin.

Erregistrotik kanpo geratzeak erabakia hartzen den likidazio aldiko lehen egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta erabaki hori hartu den urte naturaleko gainerako likidazio aldietan ere aplikatuko da.

Erregistrotik kanpo geratzeak berekin dakar hori erabaki ondorengo lehen hiru urteetan inskribatzeko eskaerarik ez onartzea.