035 Eragiketen hasiera, aldaketa edo amaiera aitorpena,baldin eta eragiketa horiek jasota badaude subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten edo ondasunen urrutiko salmentak edo ondasunen barne entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplikatu beharreko araubide berezietan

Nork aurkeztu behar du?

035 ereduak honako hauek aurkeztu behar dute:

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren enpresaburuek edo profesionalek, baldin eta  honako araubide berezi hauetara bildu  nahi badute edo dagoeneko haietara bilduta badaude:

- Batasuneko araubidea.

- Inportazio araubidea, enpresaburuak edo profesionalak bitartekari bat izendatu ez duenean.

2. Inportazio araubidearen ondorioetarako bitartekari gisa jarduten duten edo jardun nahi duten pertsonek.

Zer aitortzen da?

Enpresaburuek edo profesionalek eta bitartekariek araubide berezi horietan jasotako eragiketen hasiera, aldaketa edo amaiera aitortzeko aurkeztuko dute 035 eredua.

Aipatutako araubide berezietako batera baino gehiagotara biltzeko, enpresaburuak edo profesionalak 035 eredu bat aurkeztuko beharko du Gipuzkoan erregistratzeko erabili nahi duen araubide bakoitzeko.

Aurkezteko modalitateak

035 eredua derrigorrez elektronikoki aurkeztuko da internetez ZERGABIDEA plataformatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan edo Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgunean.

Hasiera, aldaketa eta amaiera aitorpena aurkezteko epeak eta haren ondorioak

Hasiera aitorpena:

  • Enpresaburuak edo profesionalak eragiketen hasiera aitorpena aurkeztu eta ondorengo hiruhileko naturalaren lehendabiziko egunetik aurrera hasiko da aplikatzen batasuneko araubidea.
    Dena den, batasuneko araubidean jasotako ondasunen lehendabiziko entrega edo zerbitzuen lehendabiziko prestazioa 2021eko uztailaren 1etik aurrera eta aurreko paragrafoan jarritako dataren aurretik gauzatzen denean, araubide berezia lehendabiziko entrega edo prestazioaren datatik aurrera aplikatuko da, betiere enpresaburuak edo profesionalak administrazio honetan aurkezten badu, jarduera hasi izanari buruzko informazioa, gehienez ere, lehenengo ematea edo prestazioa hasten den hurrengo hileko hamargarren egunean.
  • Inportazio araubidea aplikatzen hasiko da, enpresaburuak edo profesionalak edo, hala badagokio, hura ordezkatzen duen bitartekariak, eredu hau betez araubide berezian jasotako eragiketak hasteko aitorpena aurkeztu ondoren, inportazio araubidearen ondorioetarako operadore zenbakia esleitzen dion egunetik aurrera (NIOSS).
    Inportazio araubidean bitartekari gisa jardun nahi duen pertsonak edo erakundeak bitartekari izendatu duten enpresaburuen edo profesionalen konturako aitorpenak aurkeztu ahal izango ditu, Zerga Administrazioak bitartekari gisa identifikatzeko zenbakia (NIOSSIn) esleitzen dion egunetik aurrera.

Salbuespen gisa, araubide berezietara 2021eko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin bildu nahi duten enpresaburu edo profesionalek hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dute 035 eredua, uztailaren 15etik zenbatzen hasita.

Aldaketa aitorpena:

Araubide berezietako batera bildutako enpresaburuak edo profesionalak edo bere bitartekariak aitortu beharko du, gehienez aldaketa egin ondorengo hilabetearen hamargarren egunean, dena delako araubide berezian sartutako eragiketen hasiera aitorpenaren arabera emandako informazioan egin duen edozein aldaketa.

Amaiera aitorpena:

  • Araubide berezi horietara bilduta gelditu daitezkeen ondasunak entregatzen edo zerbitzuak ematen jarraitu arren, haietako bat erabiltzeari utzi nahi badio, honako epe hauetan jakinarazi beharko du:
    • Batasuneko araubidera bildutako enpresaburua edo profesionala denean, gutxienez araubidea erabiltzeari utzi nahi zaion hiruhileko naturalaren aurreko hiruhilekoa amaitu baino hamabost egun lehenago.
    • Inportazio araubidera bilduta dagoen enpresaburua edo profesionala, edo, hala badagokio, bere kontura jarduten duen bitartekaria denean, araubidea erabiltzeari utzi nahi zaion hilabetearen aurreko hilabete naturala amaitu baino hamabost egun lehenago gutxienez.
    • Inportazio araubidera bildutako enpresaburu edo profesionalen kontura jarduteari amaiera ematen dion bitartekariak, bitartekari gisa jarduteari utzi nahi dion hilabetearen aurreko hilabete naturala amaitu baino hamabost egun lehenago jakinarazi beharko du, gutxienez.
  • Enpresaburuak edo profesionalak edo, hala badagokio, haren kontura jarduten duen bitartekariak, beranduenez ondorengo hilabetearen hamargarren egunean, informazio hau jakinarazi beharko du:

A) Araubide berezietako batean sartutako jarduerei amaiera ematen badie.

B) Jarduerak aldatzean araubide berezi hori erabiltzeko beharrezko baldintzak betetzen ez baditu. Inportazio araubidean, egoera hori emango da, besteak beste, bitartekari batek enpresaburuaren edo profesionalaren kontura jarduteari uzten dionean.

  • Bitartekari batek, hala jarduteko baldintzak dagoeneko betetzen ez dituenean, horren berri eman beharko du gehienez aldaketaren ondorengo hilabetearen hamargarren egunean.
  • Enpresaburuak edo profesionalak edo bitartekariak identifikazioko estatu kidea aldatzen duenean, aldaketaren berri eman beharko die aldaketak eragiten dien bi estatu kideei, aldaketa egin eta ondorengo hilabetearen hamargarren egunean beranduenez.

Informazio gehigarria

Merkataritza elektronikoa

Araubidea

3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, uztailaren 26koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa (PDF)

37/1992 Legea. (webgunera joan), abenduaren 28koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa  (PDF gazteleraz)

411/2021 Foru Agindua, uztailaren 14koa, (PDF)  035 eredua onartzen duena.

1.624/1992 Errege Dekretua  (webera sarbidea)  BEZ erregelamendua onartzen duena.