Modalitate mekanizatua

Modalitate horretan zergadunak dokumentazioa Errenta Mekanizatuko Bulego batean aurkeztu eta teknikari batek autolikidazioa egiten laguntzen dio.

Zergadunaren lekuan beste pertsona bat baimendu nahi bada autolikidazioa aurkezteko, horrek sinadura eskuordetzeko baimena (PDF) eta bien Nortasun Agiriak aurkeztu behar ditu.

Nork aurkez dezake errenta mekanizatua?

Aitorpen mekanizatua edozein zergadunek egin dezake ondokoek ezik:

  • Jarduera ekonomikoen etekina kalkulatzeko zuzeneko zenbatespen arruntaren metodoa erabiltzen dutenak. Era berean, jarduera ekonomikoen etekina zuzeneko zenbatespen erraztuaren bidez kalkulatu eta Zergaren Foru Arauaren 78. artikuluan aurreikusitako inbertsio eta beste jardueren kenkarietaz baliatzen diren zergadunek ezin izango dute aitorpen mekanizatuaren modalitatea erabili.
  • Errenta egozpenak lortzen dituzten zergadunak (gardentasun fiskala eta paradisu fiskaletako inbertsio kolektiboa).
  • 100.000 euro baino gehiagoko eskualdaketak dituzten zergadunak.
  • Zergaldian hamar eskualdaketa baino gehiago egin dituzten zergadunak. Kopuru hori konputatzearen ondorioetarako, kotizatzeko onartutako baloreen eskualdaketak ez dira kontuan hartuko PFEZaren FAko 2. xed. gehigarrian jasotako hautazko araubidean tributatzen badute. Araubide horretan,  eskualdaketa balioari %3ko karga berezia aplikatzen zaio, baldin eta ekitaldi bakoitzean balio hori 10.000 euro baino txikiagoa bada.

Aurkezteko lekua eta hitzordua

Gipuzkoako hainbat tokitan Errenta Mekanizatuko Bulegoak daude, eta bertan errentaren aitorpen mekanizatua aurkez dezakezu, betiere hitzordua aurrez eskatuta, apirilaren 15etik ekainaren 6ra arte (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero). Bi modutara eskatu daiteke hitzordua:

  • Telefonoz, 902 100 040 zenbakira deituz.
  • Webgune honetan Zerbitzu eta Tramiteak Internet bidez saileko ”Errenta mekanizatuaren hitzordua” atalean. Zerbitzu horretatik dagokizun Errenta Mekanizatuko Bulegoan aitorpena aurkezteko eguna eta ordua aukeratu ahal izango dituzu. Hori guztia pauso gutxitan.

Zein paper eraman behar dira?

Aitorpena egin ahal izateko ondokoak eraman beharko dituzu:

  • Sarrera, gastu, murrizpen, kenkari, eta abarren egiaztagiriak.
  • Kontu korronteko IBAN kodea aitorpenetik ateratzen den ordainketa edo sarrera helbideratzeko.

Enpresaburu eta profesionalek, horietaz gain, Bulegora joan baino lehen ondoko eranskinak beteta aurkeztu behar dituzte:
Jardueraren etekinaren eranskina. Erabilitako zenbatespen erregimenaren arabera ondokoen arteko bat izango da:

PDF artxibo horiek inprima daitezke aitorpenerako egiaztagiri gisa. 

Autolikidazioaren emaitza

Ordaintzekoa
Ordainketa modalitate nagusia helbideratzearena da. Modalitate honetan, zergadunak adierazitako kontuan kargatzen da zerga zorra. Bi modutan ordaindu daiteke, ordainketa zatikatzen den edo ez:

  • Ordainketa zatikatzen ez bada, 2016ko ekainaren 30ean kargatzen da kontuan.
  • Zatikatzen bada, bi kargu egiten dira:
    • Lehenengoa, zorraren % 60, 2016ko ekainaren 30ean.
    • Bigarrena, zorraren % 40, 2016ko azaroaren 10ean.

Ordaintzeko beste modalitate bat ordainketa-pasabidea da. Finantza-entitate laguntzaile batera jo behar da, eta aldean eraman errenta mekanizatuko bulegoetan edo departamentuko beste bulegoetan eskuratutako ordainketa-gutuna. Bi modutan ordaindu daiteke, ordainketa zatikatzen den edo ez:

  • Zatikatzen ez bada, 2016ko ekainaren 30era arte egin daiteke ordainketa.
  • Zatikatzen bada, bi ordainketa egiten dira:
    • Lehenengoa, zorraren % 60, 2016ko ekainaren 30era arte.
    • Bigarrena, zorraren % 40, 2016ko azaroaren 10era arte.

Itzultzekoa
Helbideratzea derrigorrezkoa denez, itzulketaren zenbatekoa zergadunaren kontuan sartuko da. Izapide hori autolikidazioa aurkeztu ondorengo hiru laneguneko epea baino lehen egingo da.