Modalitate mekanizatua

Modalitate horretan zergadunak dokumentazioa Errenta Mekanizatuko Bulego batean aurkeztu eta teknikari batek autolikidazioa egiten laguntzen dio.

Aurkeztu daitezkeen baimenak

  • Zergadunaren lekuan beste pertsona bat baimendu nahi bada autolikidazioa aurkezteko, horrek sinadura eskuordetzeko baimena (PDF) eta bien Nortasun Agiriak aurkeztu behar ditu.
  • Zergadunak beste pertsona batekin seme-alabak baditu eta, baldintzak betez gero, zergadunak beste pertsona horri baimena eman nahi badio seme-alabekin modu bateratuan errenta aitorpena aurkezteko, baimena (PDF) aurkeztu behar du.

Nork aurkez dezake errenta mekanizatua?

Aitorpen mekanizatua edozein zergadunek egin dezake ondokoek ezik:

  • Jarduera ekonomikoen etekina kalkulatzeko zuzeneko zenbatespen arruntaren metodoa erabiltzen dutenak. Era berean, jarduera ekonomikoen etekina zuzeneko zenbatespen erraztuaren bidez kalkulatu eta Zergaren Foru Arauaren 78. artikuluan aurreikusitako inbertsio eta beste jardueren kenkarietaz baliatzen diren zergadunek ezin izango dute aitorpen mekanizatuaren modalitatea erabili.
  • Errenta egozpenak lortzen dituzten zergadunak (gardentasun fiskala eta paradisu fiskaletako inbertsio kolektiboa).
  • Ondasun eta eskubideak eskualdatzen dituzten zergadunak, horiek herentzia edo legatu bidez eskuratu dituztenean.
  • Zergaldian hamar eskualdaketa baino gehiago egin dituzten zergadunak. Kopuru hori konputatzearen ondorioetarako, kotizatzeko onartutako baloreen eskualdaketak ez dira kontuan hartuko PFEZaren FAko 2. xed. gehigarrian jasotako hautazko araubidean tributatzen badute. Araubide horretan, eskualdaketa balioari %3ko karga berezia aplikatzen zaio, baldin eta ekitaldi bakoitzean balio hori 10.000 euro baino txikiagoa bada.
  • Testamendu-ahalordea erabili gabe duten herentziak.
  • 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluan arautzen den hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik dagoen kenkaria aplikatzen duten zergadunek.
    3/2014 Foru Arauaren 56 bis artikuluan arautzen den lekualdatutako langileen araubide berezia hautatzen duten zergadunek.

Aurkezteko lekua eta hitzordua

Gipuzkoako hainbat tokitan Errenta Mekanizatuko Bulegoak daude, eta bertan errentaren aitorpen mekanizatua aurkez dezakezu, betiere hitzordua aurrez eskatuta 2020ko maiatzaren 12tik uztailaren 7ra bitartean, edo beranduago hitzorduak hutsik gelditzen badira.  Bi modutara eskatu daiteke hitzordua:

  • Telefonoz, 943 113 000 zenbakira deituz.
  • Webgune honetan Zerbitzu eta Tramiteak Internet bidez saileko ”Errenta mekanizatuaren hitzordua” atalean. Zerbitzu horretatik dagokizun Errenta Mekanizatuko Bulegoan aitorpena aurkezteko eguna eta ordua aukeratu ahal izango dituzu. Hori guztia pauso gutxitan.

Zein paper eraman behar dira?

Aitorpena egin ahal izateko ondokoak eraman beharko dituzu:

  • Sarrera, gastu, murrizpen, kenkari, eta abarren egiaztagiriak.
  • Kontu korronteko IBAN kodea aitorpenetik ateratzen den ordainketa edo sarrera helbideratzeko.

Enpresaburu eta profesionalek, horietaz gain, bulegora joan baino lehen ondoko eranskina beteta aurkeztu behar dute:

     6. eranskina – Zuzeneko zenbatespena (PDF)

PDF artxibo hori inprima daiteke aitorpenerako egiaztagiri gisa.

Autolikidazioaren emaitza

Itzultzekoa

Helbideratzea derrigorrezkoa denez, itzulketaren zenbatekoa zergadunaren kontuan sartuko da. Izapide hori autolikidazioa aurkeztu ondorengo hiru laneguneko epea baino lehen egingo da.

Ordaintzekoa

Ordainketa modalitate nagusia helbideratzearena da. Modalitate honetan, zergadunak adierazitako kontuan kargatzen da zerga zorra. Bi modutan ordaindu daiteke, ordainketa zatikatzen den edo ez.

  • Ordainketa zatikatzen ez bada, 2020ko  uztailaren 30ean kargatzen da kontuan.
  • Zatikatzen bada, bi kargu egiten dira:
  1. Lehenengoa, zorraren % 60, 2020ko uztailaren 30ean.
  2. Bigarrena, zorraren % 40, 2020ko azaroaren 10ean.

Ordaintzeko beste bi modalitate daude -ordainketa gutuna eta ordainketa pasabidea-,  eta bietan aukera dago ordainketa bi zatitan egiteko: 

  • Zatikatzen ez bada, 2020ko uztailaren 30era arte ordaindu daiteke.
  • Zatikatzen bada, bi ordainketa daude:
  1. Lehenengoa, zorraren % 60, 2020ko uztailaren 30era arte.
  2. Bigarrena, zorraren % 40, 2020ko azaroaren 10era arte.

Ordainketa gutuna erabiltzen bada, Entitate finantzarioak baliabide horrekin ordaintzeko eskaintzen dituen hainbat bide erabil daitezke (Entitatearen lehiatila, kutxazain automatikoa, banka elektronikoa). Ordainketa gutuna lortzen da ZergaBidea plataforman, errenta mekanizatuko bulegoetan eta  departamentuko herritarren arretarako bulegoetan. 

Ordainketa pasabidea erabiltzen bada ordainketa egiteko ZergaBidea plataforma erabili behar da.