Modalitate mekanizatua

Modalitate horretan zergadunak dokumentazioa Errenta Mekanizatuko Bulego batean aurkeztu eta teknikari batek autolikidazioa egiten laguntzen dio.

Aurkeztu daitezkeen baimenak

  • Zergadunaren lekuan beste pertsona bat baimendu nahi bada autolikidazioa aurkezteko, horrek sinadura eskuordetzeko baimena (PDF) eta bien Nortasun Agiriak aurkeztu behar ditu.
  • Zergadunak beste pertsona batekin seme-alabak baditu eta, baldintzak betez gero, zergadunak beste pertsona horri baimena eman nahi badio seme-alabekin modu bateratuan errenta aitorpena aurkezteko, baimena (PDF) aurkeztu behar du.

Nork aurkez dezake errenta mekanizatua?

Aitorpena gure bulegoetan aurkez dezakezu modalitate mekanizatua erabilita, betiere kasu hauetako batean ez bazaude. Modalitate mekanizatua ezin baduzu erabili, autolikidazio proposamena onar dezakezu, halakorik prestatu badizugu, edo, bestela, posible duzu aitorpena Internet bidez aurkeztea ZergaBidea programaren bitartez.

Errenta mekanizatua aurkeztea eragozten duten arrazoiak
Printzipioz, zergadun guztiek aurkez dezakete aitorpena modalitate mekanizatuan, honako hauek izan ezik:

  • 2023an bost ondare eskualdaketa baino gehiago egin dituztenak. Konputu horren ondorioetarako, kanpoan utziko dira negoziatzeko onartutako baloreen eskualdaketak, negoziatzeko onartutako baloreetatik eratorritako ondare irabazien hautazko zerga araubidean tributatzen dutenean (zergaren foru arauaren hogeigarren xedapen gehigarrian ezarritako araubidea).
  • Balore merkatu arautuetako batean negoziatzeko onartu gabeko merkataritza sozietateen akzio edo partaidetzak eskualdatu dituztenak urte horretan.
  • Herentziaz edo legatu bidez eskuratutako ondasun eta eskubideak eskualdatzeagatik ondare irabaziak edo galerak izan dituztenak, haien zehaztapenak kalkulu konplexuak egitea edo ondasunak baloratzea eskatzen duenean (herentziak esku hartzaile asko edo ondasun ugari dituenean edo balorazioa behar duten higiezinak daudenean, esate baterako).
  • Jarduera ekonomikoen etekina kalkulatzeko zuzeneko zenbatespenaren modalitate arrunta erabili dutenak.
  • Jarduera ekonomikoen etekina zuzeneko zenbatespenaren modalitate sinplifikatuaren arabera zehaztu dutenak, PFEZren foru arauaren 88. artikuluan inbertsioengatik eta beste jarduera batzuengatik aurreikusten diren kenkarietara bildu direnean.
  • Kriptodirua eskualdatzea.
  • Zergapetutako eragiketak egitea finantza produktu eratorriak erabilita (aukerak, gerokoak, bermeak, diferentzien araberako kontratuak, etab.).
  • Pertsona lekualdatuen araubide berezia aukeratzea.
  • Hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik araututako kenkaria aplikatzea.
  • Errenta egozpenak lortzea (nazioarteko gardentasun fiskala eta inbertsio kolektiboa paradisu fiskaletan). 
  • Testamentu ahalordea erabili gabe duten herentziak.

Aurkezteko lekua eta hitzordua

Gipuzkoako hainbat tokitan Errenta Mekanizatuko Bulegoak daude, eta bertan errentaren aitorpen mekanizatua aurkez dezakezu, betiere hitzordua aurrez eskatuta 2024ko apirilaren 12tik ekainaren 7ra bitartean, edo beranduago hitzorduak hutsik gelditzen badira.  Bi modutara eskatu daiteke hitzordua:

  • Telefonoz, 943 113 000 zenbakira deituz.
  • Webgune honetan Zerbitzu eta Tramiteak Internet bidez saileko ”Errenta mekanizatuaren hitzordua” atalean. Zerbitzu horretatik dagokizun Errenta Mekanizatuko Bulegoan aitorpena aurkezteko eguna eta ordua aukeratu ahal izango dituzu. Hori guztia pauso gutxitan.

Zein paper eraman behar dira?

Aitorpena egin ahal izateko ondokoak eraman beharko dituzu:

  • Sarrera, gastu, murrizpen, kenkari, eta abarren egiaztagiriak.
  • Kontu korronteko IBAN kodea aitorpenetik ateratzen den ordainketa edo sarrera helbideratzeko.

Enpresaburu eta profesionalek, horietaz gain, bulegora joan baino lehen ondoko eranskina beteta aurkeztu behar dute:

PDF artxibo hori inprima daiteke aitorpenerako egiaztagiri gisa.

Autolikidazioaren emaitza

Itzultzekoa

Helbideratzea derrigorrezkoa denez, itzulketaren zenbatekoa zergadunaren kontuan sartuko da. Izapide hori autolikidazioa aurkeztu ondorengo hiru laneguneko epea baino lehen egingo da.

Ordaintzekoa

Ordainketa modalitate nagusia helbideratzearena da. Modalitate honetan, zergadunak adierazitako kontuan kargatzen da zerga zorra. Bi modutan ordaindu daiteke, ordainketa zatikatzen den edo ez.

  • Ordainketa zatikatzen ez bada, 2024ko  uztailaren 2an kargatzen da kontuan.
  • Zatikatzen bada, bi kargu egiten dira:
  1. Lehenengoa, zorraren % 60, 2024ko uztailaren 2an.
  2. Bigarrena, zorraren % 40, 2024ko azaroaren 11n.

Ordaintzeko beste bi modalitate daude, ordainketa gutuna eta ordainketa pasabidea, eta bietan aukera dago ordainketa bi zatitan egiteko: 

  • Zatikatzen ez bada, 2024ko uztailaren 2ra arte ordaindu daiteke.
  • Zatikatzen bada, bi ordainketa daude:
  1. Lehenengoa, zorraren % 60, 2024ko uztailaren 2ra arte.
  2. Bigarrena, zorraren % 40, 2024ko azaroaren 11 arte.

Ordainketa gutuna erabiltzen bada, Entitate finantzarioak baliabide horrekin ordaintzeko eskaintzen dituen hainbat bide erabil daitezke (Entitatearen lehiatila, kutxazain automatikoa, banka elektronikoa). Ordainketa gutuna lortzen da ZergaBidea plataforman, errenta mekanizatuko bulegoetan eta  departamentuko herritarren arretarako bulegoetan. 

Ordainketa pasabidea erabiltzen bada ordainketa egiteko ZergaBidea plataforma erabili behar da.