Salbuespenak

Honako errentak egongo dira salbuetsita:

1.- Epaileen erabaki adela bide, mantenurako urteko gisa gurasoengandik jasotzen direnak.

2.- Terrorismo ekintzen ondorioz jasotako prestazio publikoak.

3.- Gizarte Segurantzak edo honen ordezko entitateek erabateko ezintasun iraunkorragatik edo baliaezintasun handiagatik onartutako prestazioak, eta 55 urtetik gorako pertsonek ezintasun iraunkor osoagatik jasotakoak. Azken kasu honetan, prestazio horiek ez daude salbuetsita zergadunek jarduera ekonomikoen etekinak izan dituztenean edo lan etekinak jaso dituztenean; ez daude barruan Gizarte Segurantzatik, BGAEtatik, aseguratutako aurreikuspen planetatik,,, datozen pentsioak. Urteko zenbatekoa 600 eurokoa baino gutxiago bada ez da kontutan hartuko.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako egoera berdinengatik jasotako prestazioak badira, ondoko hauek egongo dira salbuetsita:

Norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian sartuta ez dauden profesionalei onartutako prestazioak, Gizarte Segurantzaren erregimen berezi horren ordezko gisa jarduten diren gizarte aurreikuspeneko mutualitateek onartuak direnean.

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatibetako bazkideei onartutako prestazioak.

Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta Gizarte Segurantzaren prestazioak eta borondatezko gizarte aurreikuspeneko mutualitate edo entitateenak aldi berean jaso direnean, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.

Era berean, salbuetsita egongo dira zahartasun eta elbarritasunari buruzko derrigorrezko aseguruaren pentsioak, horien arrazoia zergadunaren elbarritasuna denean.

4.- Klase pasiboen erregimenean desgaitasun edo ezintasun iraunkorragatik jasotako pentsioak, baldin eta haien arrazoia izan den lesio edo gaixotasunak pentsioaren jasotzailea erabat desgaitu badu edozein lanbidetan jarduteko, edo bestela, baldin eta zergaduna 55 urtetik gorakoa izanik lesioak edozein lanbidetan jarduteko gaitu ez badu.

Azken kasu honetan, prestazio horiek ez daude salbuetsita zergadunek jarduera ekonomikoen etekinak izan dituztenean edo lan etekinak jaso dituztenean; ez daude barruan Gizarte Segurantzatik, BGAEtatik, aseguratutako aurreikuspen planetatik,,, datozen pentsioak. Urteko zenbatekoa 600 eurokoa baino gutxiago bada ez da kontutan hartuko.

5.- Langilea kaleratu edo lana uzteagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, bere arauzko garapenean edo, halakorik balego, sententziak betearazteko araudian derrigorrezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuen indarrez finkatutakoa ezin izango da derrigorrezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. Era berean, salbuetsita egongo dira bazkide langileak edo lan bazkideak Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 30. artikuluko 2. apartatua aplikatuta kooperatiban baja hartzeagatik jasotzen dituen kalte-ordainak, betiere lan arloko araudiak Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren c) letrako kargugabetze kasuetarako derrigorrezko izaeraz ezartzen duen zenbateko berean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan xedatutakoaren arabera egiten diren kaleratze kolektiboen kasuan, edo aipaturiko estatutuaren 52. artikuluaren c) letran aurreikusitako arrazoiak direla medio amaitutako kontratuetan, betiere bai kasu batean bai bestean arrazoiak ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak, produkziokoak edo halabeharrezkoak badira, edo sektore publikoko lan arloko langileei dagokionez Estatutuak hogeigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kaleratzeetan, jasotako kalte-ordaina salbuetsita geratuko da estatutu horretan bidegabeko kaleratzeetarako zehaztutako nahitaezko mugak gainditzen ez dituen zatian. Ordezkapen kontratu baten indarrez lan harremana deuseztatu eta jarduera laborala lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita.

Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, herri administrazioek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako batean oinarrituta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak parekatuta egongo dira aurreko paragrafoan adierazitako kaleratze kolektiboekin eta arrazoi objektiboetan oinarritutako kaleratze edo kargugabetzeekin

Aurreko paragrafoetan aurreikusitako edozein kasutan salbuetsitako gehienezko kopurua ez da 180.000 euro baino gehiago izango. Muga hori bakarra izango da kaleratze edo kargugabetze bakoitzeko, edozein dela ere kalte-ordaina ordaintzeko modua..

6.- Pertsonei eragindako kalte fisiko, psikiko edo moralengatik erantzukizun zibilaren ondorioz ematen diren kalte-ordainak, legez edo juridikoki onartzen den zenbatekoan.

7.- Aurreko zenbakian adierazitako kalte berdinengatik aseguru kontratuen bidez jasotzen diren zenbatekoak, 150.000 euroraino. Lesioak prestazioaren jasotzailea desgaitzen badu edozein lanbide edo jardueratan aritzeko, kopuru hori 200.000 eurokoa izango da, eta gainera, jasotzaileak beste pertsona baten laguntza behar badu eguneroko eginbehar oinarrizkoetarako, orduan 300.000 eurokoa izango da muga.

8.- Literatur, arte edo zien­tzia sariak edo giza eskubideen defen­tsari eta sustapenari lotutako sariak, arauz zehazten diren baldintzetan.

9.- Beka publikoak, irabazi asmorik gabeko entitateek emandako bekak eta Aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legeko II. tituluan arautzen diren banku fundazioek beren gizarte ekintzaren barruan emandako bekak, betiere Espainian nahiz atzerrian hezkuntza sistemaren maila eta gradu guztietan (unibertsitateko hirugarren zikloraino) ikasketak egiteko jasotzen badira. Irabazi asmorik gabeko entitateen kasuan, baina, haien bekak salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko entitateen zerga araubideari eta mezenasgorako zerga pizgarriei buruzko araudia aplikagarri zaienean.

Honako hauek ere salbuetsita egongo dira: batetik, aurreko paragrafoan aipatutako irabazi asmorik gabeko entitateek eta banku fundazioek 2006ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak definitzen duen alorreko ikerketetarako emandako bekak (errege dekretu horrek Ikertzaile bekadunaren Estatutua onartzen du); bestetik, entitate eta fundazio horiek administrazio publikoetako funtzionarioei eta gainerako langileei nahiz unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileei ikerketak egiteko emandakoak.

10.- Pertsonak etxean hartzeagatik herri erakundeetatik jasotzen diren zenbatekoak.

11.- 1936-1939 bitarteko gerra zibilaren ondorioz zauriak edo mutilazioak jasan zituzten pertsonen alde onartutako pentsioak, dela Estatuko Klase Pasiboen erregimenaren bitartez, dela horretarako egindako legeria bereziaren babesean.

12.- Prestazio hauek:

a) Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duenak, II. tituluko X. eta XV. kapituluetan eta VI. Tituluko I. kapituluan arautzen dituen familia prestazioak, eta, orobat, umezurtzen pentsioak eta hartzeko pasiboak eta hogeita bi urtetik beherakoak diren edo lan guztietarako ezinduak dauden biloben edo anai-arreben aldekoak, Gizarte Segurantzaren eta klase pasiboen erregimen publikoetatik jasotakoak.

b) Adingabeen jaiotza eta zaintzagatik eta bularreko haurrak zaintzeko erantzunkidetasunagatik Gizarte Segurantzaren erregimen publikoetatik jasotzen diren prestazioak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, II.
tituluko VI. eta VII. kapituluetan arautuak, eta funtzionarioek kontzeptu berdinengatik erregimen publikoetatik jasotzen dituztenak.

Salbuetsita egongo dira, halaber, funtzionarioek lan egiten duten organo edo entitatetik jasotzen dituzten ordainsariak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Testu Bateginak, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 48. artikuluko f) letran bularra emateagatik aitortzen duen baimenari dagozkionean. Zenbateko salbuetsiaren muga honako hau izango da: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, bularreko haurraren zaintza erantzukideari buruzko VII. kapituluan aurreikusten duen prestazio ekonomiko gisa Gizarte Segurantzak aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa.

c) Norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian sartuta ez dauden profesionalei onartutako prestazioak, Gizarte Segurantzaren erregimen berezi horren ordezko gisa jarduten diren gizarte aurreikuspeneko mutualitateek onartuak direnean, baldin eta aurreko a) eta b) letretan jasotako egoeren berdinak badira.

Kasu horietan, Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta, Gizarte Segurantzaren prestazioekin batera aipatutako mutualitateenak jasotzen badira, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.

d) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatibetako bazkideei onartutako prestazioak, betiere aurreko a) eta b) letretan ezarri direnen moduko egoeretan gertatzen diren prestazioak badira.

Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta Gizarte Segurantzaren prestazioekin batera aipatutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateenak jasotzen badira, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.

e) Funtzionarioek zerbitzuak ematen dituzten organo edo entitatetik jasotzen dituzten ordainsariak, lanaldiaren murrizketarekin zer ikusia dutenean aurretik baimena eskatu dutelako minbiziak edo beste gaixotasun larri batek ukitutako seme-alaba adingabeak zaintzeko. Baimen hori 49. artikuluaren e) letran aurreikusten du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak.

Salbuetsitako zenbatekoaren muga minbiziak edo beste gaixotasun larri batek jotako adingabeak zaintzeagatik Gizarte Segurantzak aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa izango da, hain zuzen ere Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren II. tituluko X. kapituluan aurreikusitakoa.

f) Amatasuna eta aitatasuna dela-eta autonomia erkidegoetatik edo toki entitateetatik jasotzen diren prestazio publikoak.

g) Jaiotzagatik, erditze anitzagatik, adopzioagatik, adopzio anitzagatik, kargupeko seme-alabengatik eta zurztasunagatik jasotzen diren gainerako prestazio publikoak.

h) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ekonomikoa, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege-Dekretuaren arabera jasotakoa

13.- Kasuan kasuko entitate kudeatzaileak onartutako langabezia prestazioak, ekainaren 19ko 1.044/1985 Errege Dekretuaren bidez ezarritako ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen direnean, baldin eta jasotako zenbatekoak aipatutako errege dekretuan ezarritako helburuetara bideratzen badira eta bertan aipatzen diren kasuetan ematen.

Zergaduna lan sozietateetan edo lan elkartuko kooperatibetan sarturik badago edo ekarpen bat egin badu merkataritzako entitate baten kapitalera, aurreko paragrafoan adierazi den salbuespena aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da akzioari edo partaidetzari bost urtez eustea. Langile autonomoen kasuan,salbuespena aplikatu ahal izateko nahitaezkoa izango dute bost urteko epean ere jarduerarekin jarraitzea. Ez da beharrezkoa izango akzioari edo partaidetzari bost urtez eustea, baldin eta ezin bazaio eutsi enpresa likidatu egin delako konkurtso prozedura baten ondorioz. Langile autonomoei ez zaie galdatuko epe hori betetzea, baldin eta epeari ezin bazaio eutsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 331. artikuluko 1. apartatuko a) letrako 1. eta 3. zenbakietan zehazten diren inguruabarren ondorioz (testu bategin hori 2015eko urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).Erregelamendu bidez zehaztuko da zergadunak zer justifikazio dokumental aurkeztu behar duen ez betetzearen arrazoiak justifikatzeko, eta, bereziki, zehaztuko da kontabilitateko zer agiri aurkeztu behar diren 331. artikuluko 1. apartatuko a) letrako 1. zenbakian eskatzen den galera maila justifikatzeko

14.- Maiatzaren 28ko 9/1993 Errege Lege-Dekretuan eta ekainaren 5eko 14/2005 Legearen 2. artikuluan xedatutakoa aplikatzeagatik jasotako gizarte laguntzak.

15.- Goi-mailako kirolariei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak, eskudun diren erakundeek ezarritako prestakuntza programetara egokitutakoak direnean, arauz ezartzen diren baldintzetan.

16.- Nazioarteko bake misioetan edo nazioarteko giza lagun­tzako misioetan parte hartzeagatik jasotzen diren aparteko haborokin eta prestazio publikoak, arauz ezartzen diren baldintzetan.

17.- Atze­rrian egindako lanengatik jasotzen diren lan etekinak, honako baldintza hauek betetzen badira:

Lan horiek Espainian egoitzarik ez duen enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian finkatutako establezimendu iraunkor batentzat egitea, arauz ezartzen diren baldintzetan. Bereziki, gertatzen bada lanak hartu behar dituen entitateak lotura bat duela langilea enplegatu duen entitatearekin edo haren zerbitzuak jasotzen dituen enpresarekin, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 44.1 artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

Lanak egiten diren lurraldean zerga honen antzeko edo pareko zerga bat aplikatzea, eta herrialde edo lurralde hori paradisu fiskaltzat kalifikatuta ez egotea. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da lanak egiten diren herrialde edo lurraldeak nazioarteko ezarpen bikoitza saihesteko hitzarmena sinatua duenean Espainiarekin eta hitzarmen horretan informazioa elkarri trukatzeko klausula jasotzen denean.

Atzerrian emandako egunetan sortu diren ordainsariei aplikatuko zaie salbuespena, eta urtean 60.100 eurokoa izango da gehienez.

Atzerrian destinaturik dauden zergadunentzat, salbuespen hori bateraezina izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak tributaziotik kanpo uzten dituen soberakinen araubidearekin, atzerrian jasotako errenten zenbatekoa edozein dela ere. Zergadunak salbuespen honen ordez soberakinen araubidea aplikatzea hautatu ahal izango du.

Langilearen atzerriratzeak bera enplegatu duen enpresak edo entitateak nazioz gaindiko zerbitzu prestazio bat egiteagatik gertatu behar du.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zergadunak adierazi egin beharko du salbuespen hau edo soberakinen araubidea aplikatzea hautatu duela, hori aplikatu nahi den ekitaldiko autolikidazioa aurkeztean.

18.- Errenta positiboak, horiek agerian jartzeko arrazoia hauetako bat denean:

a) Europar Batasuneko nekazaritza politikatik datozen laguntzak jasotzea, haien zergatia, betiere, esnea, mahatsa, mertxika edo nektarina produkzioa behin betiko uztea edo bananondoak, sagastiak, mertxikondoak eta nektarinondoak erauztea bada. Azukre erremolatxaren eta azukre kanaberaren laborea behin betiko uztea.

b) Europar Batasuneko arrantza politikatik datozen laguntzak jasotzea, haien zergatia, betiere, honako hauetako bat bada: Arrantza behin betiko uztea, itsasontzia arrantzatik zeharo apartatzea, edo itsasontzia eskuz aldatzea hirugarren herrialde batean sozietate mistoak eratzeko edo sozietate horiek eratu direlako.

c) Arrantzontzia besterentzea, baldin eta hura besterendu eta urtebeteko epean, erosleak arrantzontzia txikitzen badu eta hori egiteagatik Europar Batasunak laguntza ematen badio arrantza jarduera uzteagatik.

d) Laguntza publikoak jasotzea, sute, uholde, hondorapenek, sumendien erupzioak edo bestelako zirkunstantzia naturalek ondare elementuetan eragindako kalteak konpontzeko direnean.

e) Errepide bidezko garraio jarduera uzteagatik araututako laguntzak jasotzea, baldin eta administrazio eskudunak laguntza horiek emateko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten garraiolariei ordaindutakoak badira.

f) Kalte-ordain publikoak jasotzea abereak nahitaez hiltzeagatik, betiere epidemiak edo gaixotasunak desagerrarazteko jarduketen barruan ematen badira. Letra honetan xedatutakoak ugalketarako animaliei baino ez die eragingo.

g) Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (FEAGA), Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (LGENF), Europako Arrantza Funtsetik (EAF) edo horien ordezko xede bereko funtsetatik datozen laguntzak jasotzea.

Zenbaki honetan aipatzen den errenta kalkulatzeko kontuan hartuko dira bai jasotako laguntzen zenbatekoa eta bai ondarezko elementuetan gertatzen diren ondare galerak, halakorik bada. Aurreko c) letraren kasuan, ondare irabaziak ere konputatuko dira. Diru laguntza horien zenbatekoa aipatutako elementuetan izandako galerena baino txikiago denean, diferentzia negatiboa oinarri ezargarrian sartu ahal izango da. Galerarik ez badago, laguntzen zenbatekoa bakarrik salbuetsiko da zergatik.

Jasotzen diren laguntza publikoak ez badira zenbaki honetan aipatutakoak, eta haien helburua ondare elementuek sute, uholde, hondorapen edo bestelako arrazoi naturalengatik jasandako kalteak konpontzea bada, konponketa kostua gainditzen duten zatiagatik sartuko dira oinarri ezargarrian. Konponketa gastuak, laguntza horren zenbatekoraino, ez dira inoiz ere kengarriak izango eta ez dira hobekuntza gisa konputatuko.

Laguntza publikoak jasotzen badira zergadunaren ohiko etxebizitza edo jarduera ekonomikoaren lokala aldi baterako edo behin betiko utzi beharra konpentsatzeko, eta horiek jasotzeko arrazoiak aurreko berberak badira, laguntza horiek salbuetsita egongo dira.

19.- Mendiko finkak ustiatzen dituztenei emandako diru laguntzak, betiere finka horien kudeaketa Administrazio eskudunak onartutako planekin bat egiten bada -basoak kudeatu eta mendiak antolatzeko plan teknikoekin nahiz plan dasokratikoekin edo basotze planekin-, eta batez besteko ekoizpenaldia hogeita hamar urtekoa edo handiagoa bada.

20.- Epaimahaikidegaiek eta epaimahaikide titular eta ordezkoek beren eginkizunak betetzeko jasotako zenbatekoak.

21.- Zerbitzu publikoen funtzionamenduak pertsonei eragindako kalte fisiko, psikiko edo moralengatik administrazio publikoek emandako kalte-ordainak, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari
buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotzen diren prozeduren arabera ezarritakoak badira.

22.- Lurperatze edo ehorzketagatik jasotako prestazioak, izandako gastu guztien zenbatekoraino.

23.- Biziarteko errenta aseguratuak eratzean agerian jartzen diren errentak, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Legeak, Sozietateen gaineko Zergaren, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren legeak aldatzekoak, hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen dituen aurrezpen sistematikoko banakako planetatik badatoz. Foru arau honen hirugarren xedapen gehigarrian jasotako berezitasunak hartuko dira kontuan.

24.- Foru arau honek 34. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) letretan aipatzen dituen dibidenduak eta mozkin-partaidetzak, 1.500 euroko mugarekin urtean.

Salbuespen hau ez zaie aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeek banatutako dibidendu eta mozkin-partaidetzei eta etekinak ordaindu aurreko lehen bi hilabeteetan eskuratutako balore edo partaidetzetatik datozenei, baldin eta data horren ondoren, baina epe berberaren barruan, balore homogeneoak eskualdatu badira. , baina epe berberaren barruan, balore homogeneoak eskualdatzen badira. Baloreak edo partaidetzak ez badira negoziagarriak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauak, finantza tresnen merkatuei buruzkoak, definitzen
dituen bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean, epea urtebetekoa izango da.

Era berean, salbuespen hau ez zaio aplikatuko kooperatibek ekarpenak direla-eta bazkideei ordaindutako interesari.

25.- Pertsona desgaituek errenta moduan jasotako prestazioetatik eratortzen diren lan etekinak, betiere foru arau honen 72. artikuluan aipatzen diren ekarpenei badagozkie. Lanbidearteko gutxieneko soldata hiru halako izango da muga.

26.- Senitartekoen zaintzarako eta laguntza pertsonalizaturako ematen diren prestazio ekonomiko publikoak, betiere autonomia pertsonala sustatzeko eta besteren beharra duten pertsonak zaintzeko legearen ondorio badira. Era berean, zergatik salbuetsita dago zaintzaile ez-profesionalak jasotako prestazioa.

27.- Erregelamendu bidez ezartzen diren laguntza publikoak, sektore publikoak emanak direnean.

28.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunak baimendutako behi esnearen erreferentziazko kopuruen transferentziak direla-eta agerian jartzen diren errenta positiboak.

29.- Amnistiaren urriaren 15eko 46/1977 Legeak jasotako kasuen ondorioz espetxeetako askatasun gabetzea konpentsatzeko estatuko edo autonomia erkidegoetako legerian jasota dauden kalte-ordainak. Baita ere gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortu eta handitzen dituen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legean aurreikusitakoak.

30.- Askatasuna eta eskubide demokratikoak defendatuz eta aldarrikatuz heriotza edo lesio ezgaitzaileak pairatzeagatik jasotzen diren kalte-ordainak, abenduaren 26ko 52/2007 Legean aurreikusitakoak. Lege horren bidez, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen dira, eta haien aldeko neurriak ezartzen dira. Orobat, salbuetsita egongo da Bigarren Mundu Gerran basakeriak pairatu zituztenen umezurtzen sufrimenduaren aitorpen gisa ematen den laguntza finantzarioa, Frantziako Errepublikako Gobernuak uztailaren 27ko 2004/751 Dekretuan aitortua.

31.- Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan —Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortu eta biktima horiei ordainak ematekoan— aurreikusita dauden konpentsazio ekonomikoak.

32.- Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikotik eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren azaroaren 29ko Agindutik —lehen aipatutako abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoko 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena— eratorritako laguntzak. Era berean, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren xede bera duten lurraldeetako herri administrazioen laguntzak ere salbuetsita egongo dira.

33.- Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako eskola kiroleko programa edo eskola adineko kirolarientzako jarduerak egitean edo lurraldeko kirol federazioen jarduerak egitean begirale, arbitro, epaile, ordezkari, kirol arduradun, federazio zuzendari tekniko edo entrenatzaile eginkizunak betetzeagatik jasotako etekinak, betiere lanbide arteko gutxieneko soldataren mugapean.

34.- Foru arau honetako hogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren epe luzerako aurrezki planak eratzeko erabiltzen diren bizi aseguru, gordailu eta finantza kontratuetatik datozen kapital higigarriaren etekin positiboak, baldin eta zergadunak ez badu plan horretako kapitala erabiltzen hura irekitzen denetik bost urte igaro baino lehen.

Epe hori amaitu baino lehen erabiltzen bada kapitalen bat edo betetzen ez bada foru arau honetako hogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian zehaztutako betekizunetako edozein, aurreko paragrafoan aipatzen diren etekinak, plana indarrean egon den bitartean sortuak, ez-betetzea gertatzen den ekitaldiko zergaldian hartu behar dira kontuan.

35.- Euskal Autonomia Erkidegoan 1978. eta 1999. urte bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen dien uztailaren 28ko 12/2016 Legearekin bat aitortutako kalte-ordainak.

36.- Salbuetsita egongo da  200 euroko laguntza, ordainketa bakarrekoa, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-Dekretuaren 31. artikuluaren babesean emana. Lege-Dekretu horren bidez neurriak hartzen eta luzatzen dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egin, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei erantzun eta La Palmako uhartearen suspertze ekonomiko eta soziala ahalbidetzeko.

37.- Salbuetsita egongo dira honako agindu honen arabera emandako dirulaguntzak: Agindua, 2022ko uztailaren 14koa, Gobernantza Publikoko eta Auto gobernuko sailburuarena, zeinaren bidez kolektibo kalteberentzako bonu digitalak jaulkitzeko programaren oinarri arautzaileak ezarri eta horren deialdia egiten baita, Europar Batasuna -NextGenerationEUk (UNICO gizarte bonua) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, besteak beste, 240 euroko laguntza, 12 hilekotan banatzekoa. Laguntza horren helburua da sare sarbidearen eta erabilpen gaitasunaren arrakala digitala murriztea, bereziki kolektibo zaurgarrienen artean gertatzen den gizarte bazterkeriarik egon ez dadin.

38.- 2023ko uztailaren 4ko 574/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzak (1950-1985 epealdian Espainian talidomidak kaltetutako pertsonei laguntzak emateko prozedura arautzen da dekretu horretan), bai eta pertsona horiek, zeinahi den kontzepturengatik, jasotzen dituzten errenta, ondare irabazi, pentsio edo diru ordainketa guztiak, edozein motatakoak direla ere.