Aitorpenari erantsi beharreko agiriak

Autolikidazioa paperezko euskarrian edo diskete bidez aurkezten denean, 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietako Sozietateen gaineko Zergaren edo establezimendu iraunkorrei dagokien Zergadun Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa aurkezterakoan, izan hau positiboa, negatiboa edo itzultzekoa, honako dokumentazioa erantsi beharko da:

Subjektu pasiboaren edo zergadunaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakia adierazten duen agiriaren kopia.

Ordainketa edo itzulketaren kontabilitate agiriaren aleak (administrazioarena eta informatikarena), beharrezkoak direnean.

Hurrengo apartatuan xedatutakoaren aplikazioagatik bidezkoa den dokumentazioa.

Autolikidazioa modalitate telematikoan egiten denean, honako dokumentazioa aurkeztuko da:

Subjektu pasiboak errentak ez integratzea aplikatu badezake nazioarteko ezarpen bikoitza dela-eta (7/1996 Foru Arauaren 19. art.), beste orri batean ondoko informazio hau adierazi beharko du eragiketa bakoitzeko:

Entitatearen edo, hala bada, establezimendu iraunkorraren IFZ, izena, eta entitatean duen partaidetza portzentajea.

Herrialdea.

Eragiketaren zenbatekoa.

Subjektu pasibo aitortzailea interes ekonomiko talde bateko edo enpresen aldi baterako batasun bateko bazkide bada edo bazkide izaerari dagozkion eskubide ekonomikoak baditu, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, entitateak luzatua, guztira egotzi beharreko zenbatekoak eta entitateak egin duen banakako egozpena adierazteko.

Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, II. tituluan ezarritako zerga erregimenari heltzea erabaki duten entitateek, aipatutako foru arauaren 5. artikuluko 6. zenbakian adierazten den memoria aurkeztu beharko dute azaroaren 2ko 87/2004 Foru Dekretuko 3. artikuluan finkatutako eran. Hala ere, entitateek zergaldian izan duten sarrera-bolumen osoa 30.000 eurokoa baino handiagoa ez denean eta merkataritza sozietateetan partaidetzarik ez dutenean, ez dute memoria ekonomikorik aurkeztu beharko. Horrek, dena den,ez du eragotziko entitateek memoria ekonomikoa egin behar izatea.

Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauari jarraituz kontsolidazio fiskaleko araubide berezian zergapetuta dauden entitate nagusiek aurkeztu behar dute, 220 ereduko likidazioarekin batera, Gipuzkoako araudian zergapetuta ez dauden edo Gipuzkoan banakako aitorpena aurkeztu behar ez duten taldeko menpeko entitateen banakako autolikidazio guztien kopia informatibo bat.

Modalitate telematikoa "profesional" batek nahiz subjektu pasiboak edo zergadunak erabiltzen duenean, apartatu honetan aipatu den dokumentazioa paperean nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango da.