714 Ondasun, eskubide eta zorren balorazioa

Ondasun higiezin hiritarrak eta landatarrak

Hiru balio hauetan handiena hartuko da ondare baliotzat:

  • Balio katastrala.
  • Administrazioak beste zerga batzuen ondorioetarako egiaztatutako balioa.
  • Prezioa, kontraprestazioa edo eskurapen balioa.

Salbuetsiak:

  • Ohiko etxebizitza salbuetsita dago 300.000 euroraino.

Eraikitzen ari diren ondasun higiezinak

Zergadunak eraikuntza horretan urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte inbertitu dituen zenbatekoak eta orubearen ondare balioa hartuko dira ondare baliotzat.

Jabetza horizontalaren kasuan, tituluan finkatutako portzentajearen arabera zehaztuko da orubearen balioan duen zati proportzionala.

Jabetza anitzeko kontratuen edo antzekoen indarrez eskuratutako ondasun higiezinen gaineko eskubideak

  • Ondasun higiezinaren titularitate partziala badakarte, ondasun higiezin hiritar edo landatarren apartatuko arauei jarraiki baloratuko dira.
  • Ondasun higiezinaren titularitate partzialik ez badakarte, egiaztagirien edo bestelako titulu ordezkagarrien eskurapen prezioaren arabera baloratuko dira. Abenduaren 15eko 42/1998 Legeak, erabilera turistikoko ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubideei eta zerga arauei buruzkoak, jasotzen dituen eskubideak modu berean baloratuko dira, haien izaera edozein dela ere.

1985eko maiatzaren 9a baino lehen egindako kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinak

Sortutako errenta %4an kapitalizatzetik ateratzen denaren arabera baloratuko dira, baldin eta hala kalkulatutako balioa ondasun higiezinak baloratzeko arauetatik aterako litzatekeena baino txikiagoa bada.

Jarduera enpresarialak eta profesionalak

  • Merkataritza Kodeari egokitutako kontabilitatea eramaten denean, jarduera enpresarial eta profesionalei lotutako ondasun eta eskubideak, beren kontabilitatetik ateratzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktibo errealaren eta pasibo exijigarriaren arteko aldearen arabera alegia. Jarduera ekonomikoari lotutako ondasun higiezinak badaude, banaka-banaka baloratuko dira aurreko apartatuan adierazitako arauen arabera, baldin eta aktibo zirkulatzailearen zati ez badira eta jarduera enpresarialen helburu bakarra ondasun higiezinak eraikitzea edo sustatzea ez bada behintzat.
  • Merkataritza Kodeari egokitutako kontabilitatea eramaten ez denean, Ondarearen gaineko Zergaren gainerako arauak erabiliko dira ondasun eta eskubideak kalkulatzeko.

Gordailuak ageriko edo eperako kontu korrontean edo aurrezki kontuan.

Balio hauetako handienaren arabera konputatuko dira:

  • Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten saldoa.
  • Urteko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko saldoa. Kalkulu hori egiterakoan ez dira konputatuko ondarean dauden ondasun eta eskubideak eskuratzeko edota zorrak kitatu nahiz murrizteko ateratako fondoak.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

Urteko laugarren hiruhilekoan izan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren gainerako baloreak

Merkatu antolatuetan negoziatzen ez diren balore hauek beren balio nominalaren arabera konputatuko dira, amortizazio edo itzulketa primak ere barne hartuz, hala badagokio.

Edozein entitate motaren fondo propioetako partaidetzaren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

Urteko laugarren hiruhileko batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Apartatu honetatik kanpo geratuko dira inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak eta partaidetzak.

Edozein entitate motaren fondo propioetako partaidetzaren gainerako baloreak

Balore hauek, merkatu antolatuetan negoziatzen ez direnez, honela konputatuko dira:

  • Entitatearen azken balantzea gainbegiratu eta egiaztatu bada eta auditoretzaren txostena aldekoa bada, balore hauek balantze horretatik ateratzen den balio teorikoaren arabera konputatuko dira.
  • Auditoretzarik egin ez bada edo auditoretzaren txostena aldekoa ez bada, balantzea ondoko hiru balio hauetan handiena kontuan hartuz konputatuko da:
    • balio nominala
    • balio teorikoa, onartutako azken balantzearen arabera
    • urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen itxitako hiru ekitaldi sozialetako mozkinen batez bestekoa %20an kapitalizatzetik ateratzen den balioa.

Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialeko edo ondare fondoko akzio eta partaidetzak urte bakoitzeko abenduaren 31ko likidazio balioaren arabera konputatuko dira. Balantzean sartutako aktiboak berariazko legerian jasotako arauei jarraiki baloratuko dira, eta hirugarrenekiko betebeharrak kenkaridunak izango dira.

Kooperatiben kapital sozialean bazkide edo elkartekideek dituzten partaidetzak derrigorrezko edo borondatezko ekarpenen zenbateko osoaren arabera baloratuko dira. Aipatu zenbateko osoa onartutako azken balantzetik aterako da, hala dagokionean itzuli gabeko galera sozialak kenduz.  

Horretarako, entitateek ziurtagiriak banatu beharko dizkiete bazkide, elkartekide edo partaideei, balorazioak bertan azalduz.

Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak

Bizitza aseguruak, urte bakoitzeko abenduaren 31n duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Kapital bat dirutan edo ondasun higikor nahiz higiezinetan ematearen ondorioz eratzen diren aldi baterako edo biziarteko errentak urte bakoitzeko abenduaren 31n duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira. Horretarako, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan pentsioak eratzeko ezarrita dauden arau berberak aplikatuko dira.

Bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, urontziak eta aireontziak

Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten merkatuko balioaren arabera konputatuko dira. Zergadunek, merkatuko balioa zehazteko, ibilgailu erabilien balorazio taulak erabili ahal izango dituzte, hau da, Foru Aldundiak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eta Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren ondorioetarako onartu eta urte bakoitzeko abenduaren 31n indarrean daudenak.

Artelanak eta antzinatekoak

Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten merkatuko balioaren arabera konputatuko dira.

Eskubide errealak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira ondasunez gozatzeko eskubide errealak eta jabetza soila.

Administrazio emakidak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira.

Jabetza intelektual eta industrialetik etorritako eskubideak

Zergadunak eskubide horiek hirugarrenengandik eskuratu dituenean, eskurapen balioaren arabera konputatuko dira.

Kontratuzko aukerak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritakoari jarraiki baloratuko dira.

Gainerako ondasun eta eskubide ekonomikoak

Aurreko apartatuetan jaso ez diren ondasun eta eskubideak, urte bakoitzeko abenduaren 31n merkatuan duten prezioaren arabera baloratuko dira.

Zorrak

Zorrak, urte bakoitzeko abenduaren 31n duten balio nominalaren arabera baloratuko dira. Zergadunak bere gain hartu beharreko zorrek bakarrik emango dute kenkarirako eskubidea; eta, behar bezala justifikatuta badaude betiere.

Zenbateko abalatuak ez dira kenkaridunak izango, harik eta, zordun nagusiaren aurkako eskubidea erabili ondoren, honek ordaindu ez eta abal emailea zorra ordaintzera behartuta egon arte. Betebehar solidarioaren kasuan, abalatutako zenbatekoak ezin izango dira kendu abalistaren aurka eskubidea egikaritu arte.

Ondasun bat erostean geroratzen den prezioa bermatzeko hipoteka ere ez da kenkariduna izango. Kenkaria egin ahal izango da, halere, prezio geroratuagatik edo zor bermatuagatik.

Ondasun edo eskubide salbuetsiak eskuratzeko xedez egindako zorrak ez dira inoiz ere kenkaridunak izango. Salbuespena partziala denean, zorren zati proportzionala izango da kengarria, hala badagokio.