Ondasun, eskubide eta zorren balorazioa

Ondasun higiezinak

Balio katastrala hartuko da ondare baliotzat.

Ohiko etxebizitza salbuetsita dago 300.000 euroraino.

Eraikitzen ari diren ondasun higiezinak

Zergadunak eraikuntza horretan urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte inbertitu dituen zenbatekoak eta orubearen ondare balioa hartuko dira ondare baliotzat.

Jabetza horizontalaren kasuan, tituluan finkatutako portzentajearen arabera zehaztuko da orubearen balioan duen zati proportzionala.

Jabetza anitzeko kontratuen edo antzekoen indarrez eskuratutako ondasun higiezinen gaineko eskubideak

  • Ondasun higiezinaren titularitate partziala badakarte, ondasun higiezin arruntak bezala baloratuko dira.
  • Ondasun higiezinaren titularitate partzialik ez badakarte, egiaztagirien edo bestelako titulu ordezkagarrien eskurapen prezioaren arabera baloratuko dira.

1985eko maiatzaren 9a baino lehen egindako kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinak

Sortutako errenta %4an kapitalizatzetik ateratzen denaren arabera baloratuko dira, baldin eta hala kalkulatutako balioa ondasun higiezinak baloratzeko arauetatik aterako litzatekeena baino txikiagoa bada.

Jarduera enpresarialak eta profesionalak

  • Pertsona fisikoek jarduera ekonomikoei atxikita dituzten ondasun eta eskubideak beren kontabilitatetik ondorioztatzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktiboaren eta pasiboaren arteko kenketa eginez, baldin eta kontabilitatea Merkataritza Kodean jasotakoarekin bat badator. Halere, ondasun higiezinak (balio katastralaren arabera) eta, ibilgailuak, urontziak eta aireontziak (balorazio taulen arabera) hartuko dira aintzat beti, salbu kontabilitate balioa handiagoa bada xedapen horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino.
  • Kontabilitaterik ez badago, edo kontabilitatea ez bada Merkataritza Kodearen araberakoa, zerga honen gainerako arauak aplikatuz egingo da balorazioa.

Gordailuak ageriko edo eperako kontu korrontean edo aurrezki kontuan.

Balio hauetako handienaren arabera konputatuko dira:

  • Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten saldoa.
  • Urteko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko saldoa. Kalkulu hori egiterakoan ez dira konputatuko ondarean dauden ondasun eta eskubideak eskuratzeko edota zorrak kitatu nahiz murrizteko ateratako fondoak.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

Urteko laugarren hiruhilekoan izan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren gainerako baloreak

Merkatu antolatuetan negoziatzen ez diren balore hauek beren balio nominalaren arabera konputatuko dira, amortizazio edo itzulketa primak ere barne hartuz, hala badagokio.

Edozein entitate motaren fondo propioetako partaidetzaren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

  • Merkatu antolatuetan negoziatutako edozein entitate juridikoren kapital sozialeko edo fondo propioetako akzio eta partaidetzak, salbu inbertsio kolektiboko erakundeei dagozkienak, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.
  • Merkatu antolatuetan kotizatzen duten entitate juridikoek jaulki bai baina oraindik kotizazio ofizialerako onartu gabe dauden akzio edo partaidetza berriak harpidetu badira, akzio edo partaidetza horien baliotzat harpidetza aldiaren barruan titulu zaharrek izandako azken negoziazio-balioarena hartuko da.
  • Ordaintzeko dauden kapital zabalkuntzen kasuetan, akzioen balorazioa aurreko arauei jarraikiz egingo da, erabat ordainduta baleude bezala, eta ordaindu gabe dagoen zatia zergadunaren zor gisa sartuko da.

Edozein entitate motaren fondo propioetako partaidetzaren gainerako baloreak

Akzio eta partaidetzen kasuan, balorazioa onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa izango da. Dena den, zerga honen zerga oinarria zehazteko, ondasun higiezinen, bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreen, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzen eta balorazio tauletan jasotako ibilgailuen, urontzien eta aireontzien kontabilitate balio garbiaren ordez ezarriko da aurreko sailetan jasotakoaren arabera hartzen duten balioa, salbu kontabilitate balio garbia handiagoa denean xedapen horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino.

Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak

Bizitza aseguruak, urte bakoitzeko abenduaren 31n duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Kapital bat dirutan edo ondasun higikor nahiz higiezinetan ematearen ondorioz eratzen diren aldi baterako edo biziarteko errentak urte bakoitzeko abenduaren 31n duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira. Horretarako, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan pentsioak eratzeko ezarrita dauden arau berberak aplikatuko dira.

Bitxiak, ibilgailuak, arte-gaiak eta norberak erabili edo gozatzeko beste elementu higigarri batzuk

Urte bakoitzeko abenduaren 31n duten merkatuko balioaren arabera konputatuko dira. Zergadunek, merkatuko balioa zehazteko, ibilgailu erabilien balorazio taulak erabili ahal izango dituzte, hau da, Foru Aldundiak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eta Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren ondorioetarako onartu eta urte bakoitzeko abenduaren 31n indarrean daudenak.

Eskubide errealak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira ondasunez gozatzeko eskubide errealak eta jabetza soila.

Administrazio emakidak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira.

Jabetza intelektual eta industrialetik etorritako eskubideak

Zergadunak eskubide horiek hirugarrenengandik eskuratu dituenean, eskurapen balioaren arabera konputatuko dira.

Kontratuzko aukerak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritakoari jarraiki baloratuko dira.

Gainerako ondasun eta eskubide ekonomikoak

Aurreko apartatuetan jaso ez diren ondasun eta eskubideak, urte bakoitzeko abenduaren 31n merkatuan duten prezioaren arabera baloratuko dira.

Zorrak

Zorrak, urte bakoitzeko abenduaren 31n duten balio nominalaren arabera baloratuko dira. Behar bezala justifikatuta daudenean bakarrik izango dira kengarriak.

Zenbateko abalatuak ez dira kenkaridunak izango, harik eta, zordun nagusiaren aurkako eskubidea erabili ondoren, honek ordaindu ez eta abal emailea zorra ordaintzera behartuta egon arte. Betebehar solidarioaren kasuan, abalatutako zenbatekoak ezin izango dira kendu abalistaren aurka eskubidea egikaritu arte.

Ondasun bat erostean geroratzen den prezioa bermatzeko hipoteka ere ez da kenkariduna izango. Kenkaria egin ahal izango da, halere, prezio geroratuagatik edo zor bermatuagatik.

Ondasun edo eskubide salbuetsiak eskuratzeko xedez egindako zorrak ez dira inoiz ere kenkaridunak izango. Salbuespena partziala denean, zorren zati proportzionala izango da kengarria, hala badagokio.