KTB - TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko kenkarien aurrerakina

 

Zer da?

TicketBAI betebeharra ezartzeagatik eta txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalagatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan aplikatzen diren kenkarien aurrerakin likidoa da.

Aurrerakin hori irailaren 7ko 5/2021 Foru Dekretu-Arauan dago araututa. Bertan xedatutakoaren bitartez, ahalbidetzen da uztailaren 27ko 4/2021 Foru Dekretuan aurreikusi ziren bi kenkariak, alegia, TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko kenkaria eta txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua, aurreratzea bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, bai sozietateen gaineko zergan eta bai establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan.

 

 

Nork aurkeztu dezake KTB eredua? 

KTB eredua aurkezteko aukera dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, baldin eta egiten dituzten inbertsio eta gastuek bi kenkari hauek aplikatzeko eskubidea ematen badute: TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko kenkaria, eta txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalerako kenkari gehitua, TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzekoa.

Horretarako, beharrezkoa da zergadunak, aurreko lau zergaldietako batean gutxienez, zerga horien autolikidazioak aurkeztea eta autolikidazio horien kuota likidoa edo efektiboa, kasuan kasu, positiboa izatea. Gainera, zergaldi horietako autolikidazioak aurkezteko epeak amaituta egon behar du lehen KTB eredua aurkeztu baino lehen.

 

 

Zertan datza KTB kenkaria? 

Kenkari honen bidez ahalbidetu nahi da TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkariak inbertsio eta gastuak egiten diren unera aurreratzea modu likidoan, eta hori egitea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarengatik, sozietateen gaineko zergarengatik eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarengatik aurreko lehen lau zergaldietan ordaindutako zenbatekoen kargura, betiere baldin eta zergaldi horiek autolikidatzeko epea lehen aurrerakina eskatu baino lehen amaitu bada. Muga ordainketa horien zenbatekoa izango da.

Era horretan, kenkarien aurrerakina gauzatzeko, zergadunari itzultzen zaio pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarengatik, sozietateen gaineko zergarengatik edo establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarengatik aurreko zergaldietako autolikidazioetan ordaindutako zenbatekoa, kasuan kasu.

Aurreratu daitekeen gehieneko zenbatekotik bi hauek murriztuko dira: kenkari gehituak aplikatzeagatik jada kendu diren zenbatekoak eta TicketBAI kenkariagatik eta txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalagatik aplikatutakoak.

Aurrerakin likido hori ezin bada egin, osorik edo zati batean, aurretik zergarik ordaindu ez delako, aurreratu gabeko kenkariak inbertsioa edo gastua egin den zergaldiko kuota osoaren gainean aplikatuko dira, osorik edo zati batean.

Aurrerakina 2021, 2022 eta 2023. urteetan egindako inbertsio eta gastuei nahiz 2020an egindakoei aplika dakieke.

 

Aurkezteko epeak eta modua

Eredua 2021eko azaroaren 11tik 2023ko abenduaren 31ra bitartean aurkeztu ahal izango da.

Denbora tarte horretan zergadunek KTB eredu bat baino gehiago aurkeztu dezakete, hilean bat gehienez.

Kenkari aurreratuen itzulketa banku transferentzia bidez egingo da zergadunak adierazitako kontura, KTB eredua aurkeztu den hilabetea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan gehienez.

Eredua ZergaBidea plataformatik aurkeztu behar da, eta eskaerari ez zaio inolako dokumentariorik erantsi behar.

 

Adibideak

 

  • PFEZ

1. ADIBIDE:

Julen Mendikute taberna baten jabe da Debako hondartzatik gertu. 2022ko azaroaren 1ean TicketBAI faktura sistema erabiltzen hasi beharko du. 2021an horretarako prestatzen hasi da, tabernako kutxa erregistratzaileak moldatu behar izan ditu, eta behar duen software-a bereganatu. Guztira 1.200 euro behar izan ditu egokitze honetarako.

 2020ko errenta aitorpenean ez zuen TicketBAI ezarpena sustatzeko kenkaririk erabili, izan ere, gastu eta inbertsioak 2021ean egin ditu. KTB ereduari esker orain eskatu dezake inbertsio eta gastu horiei dagokien kenkariaren itzulketa, 2022ko errenta kanpainaren zain egon gabe.

Kenkaria aurreratzeko zenbait datu jakin behar ditugu araudiak eskatzen dituen mugak kalkulatu eta kontutan hartzeko.

Mugak kenkariaren oinarrian, bietatik txikiena:

- Muga orokorra: 5.000 euro.

- Muga aldakorra: 2019 ekitaldiko sarreren 1%, baina gutxienez 1.500 euro.

 Mugak KTB ereduan egiteko itzulketan:

- Ekitaldiko jarduera ekonomikoaren emaitza x urteko errenta aitorpenaren batezbesteko zerga tasa.

- Ekitaldiko kuota likidoa.

 Datu hauek ezagututa Julenek KTB ereduan jaso dezaken itzulketa kalkulatuko dugu:

 Zergabidea plataformaren bidez Julenek KTB ereduaren aitorpen bat sortzen duenean, programak kenkaria kalkulatzeko behar diren datu guztiak emango dizkio, egindako inbertsio eta gastuen zenbatekoa izan ezik, zergadunak beti bete beharko baitu. Halaber, beharrezkoa izanez gero, negozio zifraren zenbateko garbiari dagokion laukian emandako datua aldatzeko aukera izango du:

 - Inbertsioak eta egindako gastuak (01 laukia): lauki honetan inbertsio GUZTIEN zenbatekoa eta egindako gastuak sartu behar dira. Zenbateko horretan sartuko dira, halaber, aurretik aurkeztutako errenta-aitorpenetan edo KTB ereduetan sartutako inbertsioak eta gastuak. Gure kasuan, Julenek 1.200 euro kontsignatu beharko ditu.

  -Negozio zifraren zenbateko garbia: Gorago adierazi den bezala, Kenkari-oinarriaren mugetako bat (03 laukia) negozio zifraren zenbateko garbiaren (NZZG) araberakoa da. Programak 2019ko errenta-aitorpenetik hartuko du NZZG, edo ondoren aurkeztutako lehen errenta-aitorpenetik, 2019koa aurkeztu ez bada edo bertan jardueren errendimenduak sartu ez badira. Erabiltzaileak NZZG alda dezake, zenbatekoa zuzena ez dela uste bada. Adibidez, aldatu egin beharko da jarduera ekitaldi horretan hasi denean eta urtebetera igo beharko da.

 Julenek ez zuen inolako jarduera ekonomikorik garatzen 2019ko ekitaldian, 2020ko urtarrilaren 1ean hasi zuen. Horregatik, KTB ereduan automatikoki islatuko da 2020ko NZZG, kasu honetan 130.000 eurokoa izan zena; zenbatekoa zuzena bada, ez da beharrezkoa izango aldatzea.

 Negozio zifraren %1 1.500 eurotik beherakoa da; beraz, Julenen kenkari oinarriaren muga zenbateko hori izango da.

 Sortutako kenkaria 720 eurokoa da. Aurreko ekitaldietan eta beste KTB eredu batzuetan aplikatutako kenkariak izan balitu, dagozkien laukietan agertuko lirateke, eta, hala badagokio, aurreratu daitekeen kenkariaren zenbatekotik deskontatuko lirateke.

 Beheko laukian aurreko lau ekitaldietako bakoitzari dagozkion datuak jasotzen dira, ekitaldi bakoitzean kenkariaren muga kalkulatzeko: jardueraren etekin garbia batez besteko zerga tasarekin biderkatuta.

 Julenen kasuan, 2020ko zutabeko datuak baino ez dira ageri, aurreko ekitaldietan ez baitzuen jarduera ekonomikorik garatu.

 Kalkulu horien arabera Julenek 720 euroko itzulketa lortuko du. KTB eredua 2021eko azaroan aurkeztuko du, eta abenduko lehenengo hamabostaldian 720 euro jasoko ditu.

 

 

2. ADIBIDE:

Mariasun Larrartek Sorian bere ikasketak amaitu ondoren 2018tik Tolosan ari da fisioterapeuta gisa, eta hurrengo 2022ko irailaren 1ean TicketBAI faktura sistema erabiltzen hasi beharko du. 2020an horretarako fakturak egokitzeko software erosi du,  wifia jarri du bulegoan eta tableta eta ticket inprimagailua erosi ditu 1.100 euro ordainduta. 2020ko errentako aitorpenean TicketBAI ezartzeko kenkaria aplikatu zuen (30%).

Gainera, 2022ko otsailaren 2an Ticket Bai sistema erabiltzeko beharrezko softwarea erosi du, eta horrek 600 euroko kostua izan du. Orain ohartu da TicketBAI sistema 2022ko abuztuaren 1a baino lehenago martxan jarrita kenkaria 60%ra igo daitekeela, eta hori lortu nahian 2022ko martxoaren 1etik aurrera sistema berria erabiltzen hastea erabaki du.

Mariasunek, ez du zergatik 2021eko errenta aitorpena aurkeztera itxaron behar, 2022ko otsailean egindako inbertsioaren gaineko % 60ko kenkaria eta 2020an egindako inbertsioaren gaineko % 30eko kenkari gehigarriaz baliatu ahal izateko. 2022ko otsaileko inbertsioari dagokion kenkaria eta 2020ko aitorpenean erabili ez zuen kenkaria, 2020ko ekitaldian bertan eta aurreko 3 urtetako aitorpenetan aplikatu ditzake eta kopuru horren itzulketa zuzena lortu. Horretarako KTB eredua erabiliko du, Zergabidearen bitartez aurkeztu daitekeena.

Mariasunek egindako inbertsio eta gastuei dagokien laukian 1.700 euro sartu beharko ditu, 2020an eta 2022an egindako inbertsioak batuz.

Negozio-zifraren zenbateko garbiaren laukian programak 60.000 euroko zenbatekoa islatuko du automatikoki, lehen adierazi den bezala, eta beharrezkoa balitz, zenbateko hori doitu ahal izango litzateke.

Negozio zifraren %1 1.500 eurotik beherakoa da; beraz, Mariasunen kenkari oinarriaren muga zenbateko hori izango da.

Sortutako kenkaria 900 eurokoa da. Zenbateko horretatik programak deskontatu egin du 2020ko ekitaldiko errenta-aitorpenean aplikatutako kenkaria, 180 eurokoa izan baitzen. Horrela, 720 eurotan kalkulatu da aurreratu beharreko kenkaria.

Beheko laukian 2020, 2019 eta 2018ko ekitaldiei buruzko datuak ageri dira, 2017an Mariasunek ez baitzuen jarduera ekonomikorik garatu.

Adierazitako kalkuluen arabera, Mariasunek 720 euroko itzulketa lortuko du. KTB eredua 2022ko otsailean aurkeztuko du, eta martxoko lehenengo hamabostaldian 720 euro jasoko ditu.

 

  • SZ

Goimendi Iturgintza SL elkarteak Eskoriatzan dauka bere egoitza eta nagusiki Debagoienan egiten du lan, 5 langile ditu eta mikro-enpresatzat har daiteke. 2023ko apiriaren 1ean derrigorrez erabili beharko du TicketBAI faktura sistema, eta dagoeneko ordenagailu berria erosi eta bulegoan wifia jarri du. Honen guztiaren kostua 2.500 eurokoa izan da, eta inbertsio osoa 2021 urtean egin du.

TicketBAI borondatezko epean ezartzeagatiko kenkarirako eskubidea du Goimendik, eta likidezia arazoak ekiditeko 2021eko abenduan KTB eredua aurkeztuko du, honela, ez du itxaron beharko 2021eko sozietate zergaren aitorpena aurkeztu eta dagokion itzulketa lortzeko.

KTB eredua betetzerako garaian 1. laukitxoa soilik bete beharko du, bertan egindako inbertsio osoa adieraziz. Gainera 3. laukitxoan datorren “Negozio zifraren zenbateko garbia” zenbatekoa egiaztatzea komenigarri da, eta datu zuzena ez balitz bertan zuzendu daiteke. Gainontzeko datu guztiak automatikoki kalkulatuko ditu aplikazioak.

KTB ereduan ondorengo itzulketa jasoko du:

 

Araudia:

  • 609/2021 Foru Agindua, azaroaren 9koa, «TicketBAI betebeharra borondatez betetzea sustatzeko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan aplikatzen diren kenkarien aurrerakina» izena duen KTB eredua onetsi eta hura aurkezteko modua eta epea ezartzen dituena.
  • 5/2021 Foru Dekretu-Araua, irailaren 7koa, TicketBAI obligazioa borondatez betetzea sustatzeko kenkarien aurrerakin likido bat ezartzen duena.