Nola aldatu aurkeztutako aitorpena?


Urteko errenta aitorpena (109 eredua) aurkeztu ondoren zergadunak akatsak edo ez-egiteak antzematen baditu, Gipuzkoako Foru Ogasunaren errekerimendurik jaso gabe, aitorpenaren borondatezko aldaketa bat eskatu ahal izango du.

Zuzenketaren emaitza bi motakoa izan daiteke:

  • Osagarria: Foru Ogasunaren kalterako, ez delako etekin edo ondasun irabaziren bat bildu, kengarria ez den gasturen bat kontatzeagatik, jasotzeko eskubiderik ez duen kenkari bat aplikatzeagatik, etab. Aldaketaren emaitza zergadunak ordaindu beharreko kopuru bat izango litzateke.
  • Zuzenketa: zergadunaren kalterako, salbuetsitako errenta bat oker sartzeagatik, gasturen edo kenkariren bat ez konputatzeagatik, etab. Aldaketaren emaitza zergadunak kobratu beharreko kopuru bat izango litzateke.

Zergaduna izan beharrean erregularizazio prozesua hasten duena Foru Ogasuna bada, zergadunak zerga kuotaren %150 bitarteko zigorra jaso ahal izango du aldaketa Foru Ogasunaren kalterako izan bada.

Osagarrien prozedura 

Aitorpen osagarriak internet bidez aurkezten dira ZergaBidea plataforma erabiliz.

Osagarrien eta zuzenketen prozedura

Zuzenketak eta baita osagarriak ere gure bulegoetan edo ZergaBidea plataforman aurkeztu daitezke, idatzi baten bidez.

Errekarguak

Osagarria: aitorpenaren emaitzaren eta berandutza interesen diferentziaz gain, zergadunak errekargu bat ordaindu beharko du aldaketa egiteko atzerapenaren arabera. Aurkezteko borondatezko epearen amaieratik aldaketa aurkeztu bitarte pasatako denbora izango da atzerapena:

  • 3 hilabete arteko atzerapena: kuotaren diferentziaren gaineko %2ko errekargua gehi berandutza interesak aplikatuko dira.
  • 4 hilabetetik urtebete arte: %5eko errekargua gehi berandutza interesak aplikatuko dira.
  • Urtebetetik gorako atzerapena: %10eko errekargua gehi berandutza interesak aplikatuko dira.

Zuzenketa: ez da errekargurik edo berandutza interesik egongo eta amaitzeko bi modu egongo dira:

  • Foru Ogasunak zergadunari dagokion zenbatekoa itzuliko dio. Adibidez: ez zen seme-alaba batengatiko kenkaria kontuan hartu eta horregatik dagokion itzulketa eskatzen da.
  • Ez dio zenbatekoa itzuliko. Adibidez: ez zen ondare galerarik jaso eta horregatik eskatzen da horiek sartzea etorkizuneko ekitaldietako irabaziekin konpentsatzeko.

Kasu bereziak

Zergadunaren borondatezko erregularizazioko suposamendu jakinetan, emaitza Foru ogasunaren kalterako denean, ez dira errekargua edo berandutza interesak ordaindu behar, betiere aldatzeko eskaera epe jakin baten barruan egiten bada.

Suposamendu nagusiak honakoak dira:

  • Laneko atzerapenak, zergadunari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, exijigarriak izan zirenaren zergaldi desberdinean jasotzea (3/2014 Foru Arauaren, PFEZ zergari buruzkoaren 57.2 artikulua). Zuzentzeko eskaera aurkezteko epea atzerapenak jaso zirenetik PFEZ zergaren aitorpenak aurkezteko hurrengo epearen amaiera bitartekoa da. Kasu horretan ez da errekargurik edo berandutza interesik ordaintzen.
  • Ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespena galtzea (33/2014 Foru Dekretuaren 45. artikulua). Zuzentzeko epea ez-betetzearen datatik hori gertatu den zergaldiko aitorpena aurkezteko arauzko epearen amaiera bitartekoa da. Kasu horretan ez da errekargurik ordaintzen, baina bai berandutza interesak.
  • Lan egiten den sozietateko akzio edo partaidetzak jasotzeagatiko salbuespena galtzea (33/2014 Foru Dekretuaren 41. artikulua). Zuzentzeko epea ez-betetzearen datatik hori gertatu den zergaldiko aitorpena aurkezteko arauzko epearen amaiera bitartekoa da. Kasu horretan ez da errekargurik ordaintzen, baina bai berandutza interesak.
  • Kaleratzeagatiko edo lana uzteagatik kalte-ordainak jasotzeagatiko salbuespena galtzea (3/2014 Foru Arauaren, 9.5) artikulua eta 33/2014 Foru Dekretua 7. artikulua). Zuzentzeko epea berriz ere zerbitzuak ematen diren datatik hori gertatu den zergaldiko aitorpena aurkezteko arauzko epearen amaiera bitartekoa da. Kasu horretan ez da errekargurik ordaintzen, baina bai berandutza interesak.
  • Saldu zirenean aitorpenean kontuan hartu ziren galerak eragin zituzten ondare elementuak berrerostea (3/2014 Foru Arauaren,45 artikulua). Zuzentzeko epea eskuratzearen datatik ondare elementua berrerosi den zergaldiko aitorpena aurkezteko arauzko epearen amaiera bitartekoa da. Kasu horretan ez da errekargurik ordaintzen, baina bai berandutza interesak.