Europar Batasuneko beste estatu batzuetan egoitza duten zergadunentzako aukerako erregimena

Betekizun batzuk betetzen dituzten Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunek aukerako erregimen hori aplikatzea eskatu ahal izango dute eta emaitza zergadunak epe horretan Espainiako lurraldean lortutako errentengatik Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren kontzeptuan ordaindutako zenbateko orokorra (konturako sarrerak barne) baino txikiagoa bada, Zerga Administrazioak gehiegizkoa itzuliko dio, aurrez beharrezkoak diren egiaztapen guztiak eginda.

Aukera horrek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauen arabera kalkulatutako benetako tributazioa suposatzen du. Hala ere, Erregimen hori aukeratzen duenak, inola ere, ez du bere Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadun izaera galduko. Beraz, Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren araudian xedatutakoaren arabera dagozkien betebehar guztiak konplitu beharko ditu.

Nork aukera dezake?

Espainia ez den Europar Batasuneko estatu kide batean egoiliar direla frogatzen duten pertsona fisikoek, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.

Erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatuta dauden herrialde edo lurraldeetan egoitza duten zergadunei ez zaie inoiz ere aplikatuko hautazko araubidea.

Baldintzak

Hautazko araubidearen aplikazioa eskatu ahal izateko, ondorengo baldintzak bete behar dituzte zergadunek:

  1. Pertsona fisikoak izatea.
  2. Egoitza Espainia ez den Europar Batasuneko beste estatu kide batean dutela frogatzea.
  3. Zirkunstantzia hauek gertatzen direla frogatzea:
    • 1. Zergaldian lortutako errenta guztien 100eko 75, gutxienez, zergaldi horretan lanarengatik eta jarduera ekonomikoengatik lurralde espainiarrean lortutako etekinen baturak osatzen duela.
    • 2. Lanarengatik eta jarduera ekonomikoengatik Euskal Autonomia Erkidegoan lortutako etekinak lurralde espainiarrean lortutako errenta osoaren zati gehien direla.
    • 3. Lanarengatik eta jarduera ekonomikoengatik Gipuzkoako Lurralde Historikoan lortutako etekinen batura handiagoa dela beste bi lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoena baino.
  4. Lurralde espainiarrean lortutako errentek, aurreko letran aipatu direnek, zergaldian Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga ordaindu izana.

Errenta osoaren zehaztasuna

Zergadunak zergaldian lortutako errenta osoa zehazteko, zergaldi horretan lortutako errenta guztiak kontuan hartuko dira, non sortu diren eta ordaintzailearen egoitza non dagoen begiratu gabe.

Errentak zenbateko garbien arabera zenbatuko dira, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 40.2 artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuta.

Zergaren zenbatekoa

Zerga Administrazioak zehaztuko du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zein zenbateko dagokion zergadunak hautazko araubidearen aplikazioa eskatu duen zergaldiari.

Kalkulua honako kontsiderazio hauen arabera egingo da:

1. Kontuan hartuko dira zergadunak zergaldian lortu dituen errenta guztiak eta behar bezala frogatu dituen zirkunstantzia pertsonal zein familiarrak.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 75. artikuluaren 1. zenbakian xedatutakoa aplikatuko da.

3. Zerga Administrazioak batez besteko karga tasa finkatuko du, eta tasa hori ondoko zatidura bider 100 eginez sortuko da:

  • Zenbakitzailean, kuota osoari Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren VII. tituluan aurreikusitako kenkarien zenbatekoa kentzearen emaitza, 91. artikuluan aurreikusitakoa izan ezik.
  • Izendatzailea oinarri likidagarria izango da.

4. Batez besteko karga tasa bi zenbaki hamartarrekin adieraziko da.

5. Horrela lortutako batez besteko karga tasa zati honi aplikatuko zaio, alegia, hautazko araubidea aplikagarri zaion zergadunak lurralde espainiarrean zergaldian lortutako errentek oinarri likidagarrian duten zatiari.

Aurreko apartatuan deskribatutako eragiketen emaitza txikiagoa bada zergadunak Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren kontzeptupean lurralde espainiarrean lortutako errentengatik, konturako ordainketak barne, zergaldian ordaindutako kopuruen zenbateko osoa baino, Zerga Administrazioak soberakina itzuliko du, behar diren egiaztapenak egin ondoren, erregelamenduz ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

Prozedura

Administrazioak zergadunari eskatu diezaioke beharrezkotzat jotzen dituen frogagiri guztiak aurkez ditzala hautazko araubidea aplikatzeko baldintzak betetzen direla frogatzearren.

Behar izanez gero, zergadunari eskatuko dio hilabeteko epean beharrezko dokumentazioa aurkez dezala, eta hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Araubidearen aplikazioa edo kontuan hartu beharreko zirkunstantzia pertsonal edo familiarrak frogatzeko aurkeztutako agiriak EAEn ofiziala ez den hizkuntza batean idatzita daudenean, itzulpenarekin batera aurkeztuko dira.

Eskaera ebazteko erabakia eman aurretik, espedientea zergadunari edo, hala bada, haren ordezkariari erakutsiko zaio, egoki deritzen alegazioak egin ditzan.

Administrazioak sei hilabeteko epea izango du, eskaera egin denetik aurrera, ebazpena emateko, betiere beharrezko datu eta frogagiri guztiak jaso baditu.

Ebazpenak aurretik xedatutakoaren arabera egindako kalkuluak jasoko ditu. Hala badagokio, Zerga Administrazioak itzuli egingo du lehen aipatutako 11/2016 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen den soberakina, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren geroko likidazioak, behin-behinekoak edo behin betikoak, egitea.

Aurrez aurreko arreta bulegoak

  1. Entitate laguntzaileak
  2. Herritarren Arretarako bulegoak

Aurkezpen-modalitateak

Idatziak alderdi hauek jasoko ditu:

  • Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren hautazko araubidera biltzeko eskaera.
  • Identifikazioa (izena, helbidea, telefonoa, data, sinadura)
  • Zer ekitaldi hartu behar diren kontuan hautazko araubidea aplikatzeko.
  • Bankuko kontu korrontea
  • Erantsi beharreko agiriak (NANaren fotokopia, 10-T agiria, lanaren eta jarduera ekonomikoen etekinak errenta guztien %75 baino gehiago direlako aitorpena, lortutako errentei %24ko atxikipena aplikatu izanaren ziurtagiria, familia liburuaren fotokopia, kenkariak aplikatzeko frogagiriak, etab…).

Araudia