Tarifak eta instrukzioa


Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kuota zergaren tarifetatik abiatuta kalkulatzen da, eta bai Tarifak eta bai hauek aplikatzeko Instrukzioa apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailean jasota daude (PDF).

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifetan honako hau ageri da:

a) Jarduera ekonomikoen deskribapena eta edukia, enpresa, lanbide edo arte jardueretan sailkatuta.

b) Jarduera bakoitzari dagozkion kuotak, tarifetan eta instrukzio honetan araututa dauden zerga elementuak aplikatuz kalkulatzen direnak.

3 sekziotan banatzen dira tarifak:

  • I. sekzioa: Enpresa jarduerak
  • II. sekzioa: Lanbide jarduerak
  • III. sekzioa: Jarduera artistikoak.

Azalera elementuaren kuota

Kontuan eduki beharra dago ezen, beharrezkoa izanez gero, tarifetan ageri diren kuotak ondoko elementu tributarioarekin osatu behar direla: zergapetutako jarduerak egiten diren lokaletako azaleraren balioa kalkulatu ondoren ateratzen den emaitzarekin, hori guztia Instrukzioaren 14.1.F) Erregelak dioenari jarraikiz (PDF).

Lokalen azalera (2004tik aurrera aplikatzen da)

1) Azalera osotik ondoko hau izango da kengarria:

  • Subjektu pasiboaren langileen edo bezeroen seme-alabak zaintzeko edo haien haurtzaindegi zerbitzuetarako erabilitakoa.
  • Subjektu pasiboaren langileen jarduera soziokulturaletarako erabilitakoa.

2) Elementu tributario gisa lokalen azalera kontuan hartzen duten tarifei ere hori bera aplikatuko zaie.

3) Kendu beharreko azalerak ezingo du gainditu azalera konputagarri osoaren %10.

Hona enpresa jarduerak

Honako hauek hartzen dira, zerga honen ondorioetarako, enpresa jardueratzat:

  • Abeltzaintza jarduerak, izaera independentea dutenean (*)
  • Meatzaritza jarduerak
  • Industria jarduerak
  • Merkataritza jarduerak
  • Zerbitzuak

(*) Ustialekutik kanpoko bazka eta pentsuak elikagai nagusi dituzten abelburuen ustiapen multzoa izango dira abeltzaintza independenteko jarduerak.

Abereak batez ere ustialekutik kanpoko bazka eta pentsuekin elikatzen direla ulertuko da belar ondu, lasto, silo edo pentsuen urteko kontsumo osoaren %50 baino gehiago, kilogramotan adierazia, hirugarrenei erositakoa denean.

Ez dira enpresa jarduerak

Tarifetan ez dira enpresa jarduera guztiak sailkatzen.  Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari begira, honako hauek ez dira hartzen enpresa jardueratzat:

  • Nekazaritza jarduerak
  • Menpeko abeltzaintza jarduerak
  • Baso jarduerak
  • Arrantza jarduerak
  • Landa turismoko ostatu zerbitzua, nekazaritza, abeltzaintza edo baso jarduera baten jarduera osagarritzat hartzen denean.

Beharginen kuota

"Behargin kopurua" elementu tributarioa ez da aplikatuko epigrafearen kuota kalkulatzeko. Hau da, "beharginen" kuota zero izango da. (Aplikagarria: 2004tik aurrera)