Salbuespenak


2011ko abenduaren 27ra arte, salbuetsita egongo dira, hau da, ez dute zerga hau ordainduko:

  • Bizitza aseguruengatik jasotako zenbatekoak izaera zibil edo merkataritzako eragiketa nagusi baten estaldura gisa jarduteko kontratatzen direnean (adibidez, hipoteka bat ordainduko dena bermatzeko kontratatzen diren bizitza aseguruak).
  • Herentzia, legatu edo beste edozein oinordetza dela-eta sortutako ondasun eta eskubideen eskurapenak, heriotza dela-eta bizi aseguruen kontratuen onuradunek egindakoak barne, baita dohainik eta inter vivos egindako edozein negozio juridiko dela-eta ondasun edo eskubideak eskuratzean ere, honako hauen aldekoak direnean: ezkontidea, bikote laguna, maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak ezarritakoaren arabera eratutako egitatezko bikotea denean,  aurreko edo ondorengo ahaideak, adoptatzaileak eta adoptatuak.

2011ko abenduaren 28tik aurrera, salbuetsita egongo dira:

  • Baserria eta bere lurrak aurreko ahaideek ondorengoei kosturik gabe eskualdatzea, betiere finka hori nekazaritza, basogintza edo abeltzaintzarako erabiltzen bada, eta bertan eskualdatzaileak pertsonalki jarduten badu.        
    Eskualdaketa salbuetsita egoteko, ezinbesteko baldintza izango da eskuratzaileak pertsonalki ustiatzea, gutxienez 5 urtez, baserria eta lurrak.
  • Hildakoan, funtzionario aktibo eta pasiboek, eta langileek, sortuta utzi eta jaso gabe geratu diren soldatak eta bestelako ordainsariak.
  • Bizitza aseguruen kontratuengatik jasotako diru kopuruak, izaera zibil nahiz merkataritzako eragiketa nagusi bat babesteko hitzartzen direnean. (2012-12-29tik aurrerako ondorioekin, paragrafo hau honela geratu da idatzita: Bizitza aseguruen kontratuengatik jasotako diru kopuruak, izaera zibil nahiz merkataritzako eragiketa nagusi bat babesteko hitzartzen direnean. Salbuespen honen muga zor den zenbatekoa izango da, eta hortik gorako kopuruagatik, halakorik bada, zerga ordaindu beharko da.)