Mikroenpresa, Enpresa txikiak eta ertainak


Sozietateen gaineko Zergaren helburua da mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak sustatzea, horretarako zerga erregimen egokia ezarriz. Hauek dira erregimen horren ezaugarri nagusiak:

Ibilgetu material berria amortizatzea

  • Mikroenpresek eta enpresa txikiek ibilgetu materialaren elementu berriak erosten dituztenean (eraikinak kanpo utzita), amortizazio askatasuna izango dute bai eta enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak ere, eta zergaldian sinatutako obra-kontratuen bidez enkargatutakoak ere bai, baldin eta kontratua amaitzen denetik hamabi hilabete pasatu baino lehen jartzen badira enpresaren esku.
     
  • Mikroenpresek, ibilgetu materialaren, ukiezinaren eta higiezinetako inbertsioen baterako amortizazio gisa, kengarritasuna baldintzatuta duten garraio elementuak izan ezik, hautatu ahal izango dute zergaldi bakoitzean kengarritzat jotzea horrelako ondare elementuen zerga balio garbiaren 100eko 25, elementu amortizaezinen balioa alde batera utzita.

    Aurreko parrafoan ezarritakoa aplikatzea aukeratzen duten mikroenpresek baterako amortizazioa egin beharko dute beren balantzeetan jasota dituzten baterako amortizazioa egiteko moduko ondare elementu guztiekin.

    Hautu hori eginez gero, batera amortizatutako ondare elementuen amortizazio edo balio-narriaduraren ziozko galera gisa kontabilizatutako zenbatekoak ezingo dira kengarritzat jo eta amortizazio askatasuna ezingo dute aplikatu.
     
  • Enpresa ertainek eskuratutako ibilgetu material berriko elementuak, eraikinak izan ezik, martxan jartzen diren une beretik aurrera amortizatu ahal izango dira, gehieneko amortizazio koefizientea, 1,5 zenbakiaz biderkatzetik ondorioztatzen den koefizientearen arabera.

    Amortizazio horiek, halaber, zergaldian zehar izenpetutako exekuzio kontratu baten arabera enkargatutako elementu horiei ere aplika dakizkieke, baldin eta zergaldia amaitzen denetik hasita gehienez ere hamabi hilabete pasatu baino lehen jartzen badira enpresaren esku.
     
  • Finantza-errentamenduko kontratu baten, mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainei dagokienez, entitate lagapen-hartzaileak ordaintzen dituen kuotetan ondasunaren kostua berreskuratzeari dagokion zatia kontratuaren xede diren ondare-elementuen benetako balio galera izango da entitate lagapen-hartzailearentzat, salbu eta kontratuaren bidez, lurrak, orubeak eta bestelako aktibo amortizaezinak lagatzen direnean, eta honela kalkulatuko da kantitate hori: ondasunari dagokion amortizazio-koefizientearen bikoitza; eraikinen kasuan, aldiz, bider 1,5 egingo da.
     

Ondare-elementuen balio-narriaduraren ondoriozko galera: kaudimengabezia

Mikroenpresa eta enpresa txiki edo ertainek zerga-oinarrian honako kenkari hau aplikatu ahal izango dute balizko kaudimengabezien ondoriozko balio -narriadurek ekar ditzakeen galerengatik: zergaldiaren amaieran dauden zordunen kontuen zenbatekoaren %1, gehienez.

Aurreko pasartean aipatutako zordun horietan ez dira sartuko ez kaudimengabeziengatik emandako balio-narriaduraren ondoriozko galerak ezta kengarriezinak diren balio galerak.

Gastuei buruzko arau bereziak

Mikroenpresek euren zerga oinarritik kengarritzat jo ahal izango dute euren zerga oinarri positiboaren 100eko 15 (oinarri negatiboen konpentsazioa aplikatu baino lehen), euren tamainari dagozkion zailtasunen zerga konpentsazio gisa.

Emaitzaren aplikazioari dagozkion zuzenketak

  • Enpresen kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioa
    Mikroenpresek eta enpresa txikiek zerga oinarritik kendu ahal izango dute zerga ondorioetarako ondare garbiak aurreko ekitaldikoaren aldean izandako gehikuntzaren 100eko 20 (100eko 15 orokorrean).
     
  • Mozkinak nibelatzeko erreserba berezia
    Mikroenpresek eta enpresa txikiek zerga oinarritik kendu ahal izango dute mozkinak nibelatzeko erreserba berezi baten zuzkidurarako erabiltzen duten kontabilitate emaitza positiboaren 100eko 15 (100eko 10 orokorrean).

Zerga tasa

2019ko ekitalditik aurrera

  • Mikroenpresek 100eko 20 aplikatuko dute
  • Mikroenpresa diren kooperatibek 100ko 18 aplikatuko dute.

2018ko ekitalditik aurrera

  • Mikroenpresek 100eko 22 aplikatuko dute
  • Mikroenpresa diren kooperatibek 100eko 18 aplikatuko dute

2007ko ekitalditik aurrera

  • Enpresa txikiek 100eko 24 aplikatuko dute.
  • Kooperatiba txikiek 100eko 18 aplikatuko dute.
  • Kooperatibek orokorrean100eko 20 aplikatuko dute.

2006ko ekitaldia arte

Enpresa txikiek, oro har, %30 aplikatuko diote 0 eta 100.000,00 euro bitarteko oinarri likidagarriari; eta %32,5 gainerako oinarri likidagarriari, halakorik izanez gero.

Horretarako, dena den, ekitaldia ixteko egunean kapital sozialaren %50 baino gehiagok pertsona fisikoena izan behar du.

Gutxienez ordaindu beharrekoa

Mikroenpresa eta enpresa txikientzat kuota likidoa kenkariak aplikatuta, I+G+I (62tik 64ra bitarteko artikuluak) eta Garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza zein energia iturrien aprobetxamendu eraginkorra lortzera zuzentzen diren proiektuekin loturiko inbertsio eta gastuengatiko kenkaria (65 artikulua) salbu, ondoriozko kuota efektiboa ezin da izan zerga oinarriaren 100ko 15 baino gutxiago edo 13 entitateak aurreko ekitaldiko plantilako lan-kontratudunen batez besteko kopurua mantentzen badu.