Transakzio Finantzarioen gaineko zerga

Azalpena eta erabili beharreko ereduak


Zeharkako zerga da, eta 1.000 milioi eurotik gorako burtsa-kapitalizazioa duten Espainiako sozietate kotizatuen kostu bidezko akzioak eskuratzeak zergapetzen ditu, legez ezarritako moduan eta baldintzetan oinarrituz.

5/2023 Foru Dekretu arauemailearen 4. artikuluan aipatzen diren baloreak eskuratzen dituena da zergaren zergaduna.

Zergadunek, zerga egoitza edonon dutela, Gipuzkoako Foru Aldundian tributatuko dute likidazio-aldi bakoitzean Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan.

Likidazio-aldi bakoitzean Gipuzkoako lurraldean egindako eragiketa bolumenaren proportzioa zehazteko, kalkulatuko da zer portzentaje hartzen duen egoitza soziala Gipuzkoan duten sozietateen akzioekin lotutako eragiketen zerga oinarriak subjektu pasibo bakoitzaren zerga oinarri osoarekiko. Portzentaje bi dezimalekin biribilduta emango da. 

Zerga honi lotutako eredua honako hau da:

604 Transakzio Finantzarioen gaineko zerga. Autolikidazioa

Transakzio Finantzarioen gaineko zergari dagozkien likidazioak eta ateratzen den zerga-zorraren zenbatekoa ordaintzeko, 604 eredu hau aurkeztu beharko da.