Foru Aldundiak abian jarri du Herritarren Partaidetzako Gizarte Kontseilua
Ezinbesteko organotzat jotzen da lurraldean herritarren partaidetza sustatzeko.
- 999
Joan den asteartean, urtarrilak 2, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Herritarren Partaidetzako Gizarte Kontseilua instituzionalizatzen duen Foru Dekretua, 2015-2019ko Plan Estrategikoak gobernantza onaren alorrerako aurreikusten dituen konpromiso eta helburuekin bat eginez. Gizarte Kontseilua sortu da herritarren partaidetza sustatzeko kontsulta organo gisa, oro har, eta herritarren partaidetzari buruzko Foru Arauan aurreikusitako tresnak garatzeko, bereziki. Adibidez, Gipuzkoan partaidetzaren alorrean egin beharreko jarduketei edo ezarri beharreko Partaidetza Programari buruzko informazioa emango du organoak.
Esparru akademikoan edo praktikoan, eta herritarren partaidetzaren, gobernantza onaren eta gobernu irekiaren arloetan nabarmendu diren pertsonek osatzen dute Gizarte Kontseilua. Organoko kideak aukeratzeko, berdintasun, adin, lurraldetasun, solidaritate eta gizarteratze irizpideak apklikatu dira, eta kide horien artean hainbat ordezkari politiko, tekniko eta sozial daude, Euskal Herriko Unibertsitateari, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari lotutako profesionalak barne. Halaber, Gizarte Kontseiluan egongo dira Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekiaren zuzendaria, Donostiako eta Gasteizko udaletako Herritarren Partaidetzako zuzendariak, eta Bartzelonako Udaleko Partaidetza eta Demokrazia Aktiboko komisarioa, besteak beste.
Gizarte Kontseiluaren egiturari dagokionez, kide guztiak elkartuko dituen batzar batean eta hiru hilean behin elkartuko den gobernu batzorde batean egituratuko da. Gizarte Kontseiluaren zereginen artean hauek azpimarratu behar dira: proposamenak eztabaidatu eta egitea, txostenak eta azterketak prestatzeko proposamenak egitea, partaidetzako espazio sektorialak sortzeko erabakia hartzea, partaidetzari lotutako esperientzien trukaketa sustatzea, eta jarduerari eta funtzionamenduari buruzko informazioa Foru Aldundiari ematea. Gainera, Gizarte Kontseiluko Batzarrak aldi horretan zehar egindako jardueren txosten bat eztabaidatu eta onartuko du, eta jarduera horiek hobetzeko ekimenak proposatuko ditu.
Eraginkortasun eta eragimen printzipioei jarraituz, Gizarte Kontseiluak erantzuna emango dio Kudeaketako Plan Estrategikoaren 13. helburuari, hau da, "herritarrekiko harreman irekia sendotzea". Gipuzkoan, herritarren partaidetza Foru Aldundiak garatzen duen Gobernantza Onaren politikaren funtsezko alderdia izango da, Eusko Jaurlaritzako Demokrazia eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zuriaren arrastoari jarraituz, non premia hau azpimarratzen den: "euskal gizartearen gaitasun publikoak eta pribatuak atzematea eta horiengan jardutea, balio publikoa sortzeko konpromiso kolektiboa bultzatzeko helburuarekin”.