Herritarrek 2018ko aurrekontu irekiei buruz egindako proposamenei erantzuteko prozesua
Banan-banan erantzungo zaie aurrekontu irekien prozesuan proposamenak aurkeztu dituzten pertsonei.
- 1084
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere historiako aurrekonturik zabalena 2018an onartu ondoren (856,5 milioi euro), banan-banan erantzungo die aurrekontu irekien partaidetza prozesuan parte hartu duten 2.800 pertsonen proposamenei; prozesu hori iazko maiatzetik ekainera gauzatu zen. Zehazki, Herritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzak erantzun bat artikulatuko du 2018ko foru aurrekontuetarako gomendio eta iruzkinak aurkeztu zituzten pertsonei bidalitako 4.733 ekarpenen inguruan.
Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak eta Gizarte Politikako Departamentuak aurkeztu zuten ekarpen kopuru handiena. Gai horri dagokionez, zehaztu behar da Aldundiak 525 euro gastatuko dituela herritar bakoitzeko, gizarte politikaren arloan, 2018. urtean; iaz 507 euro gastatu zituen. Halaber, lurraldearen sustapen ekonomikoa kontuan hartuta, Gipuzkoak enplegua babesten, ekonomia sustatzen eta enpresa sarea bultzatzen jarraituko du eta, horretarako, 50 milioi euroko inbertsioa egingo du urtero.
Edozein partaidetza prozesuk aintzat hartu behar ditu kontuen berri emateko fase guztiak, eta baita ere herritarrek egindako eskaerei erantzuna ematekoa. Ezinbestekoa da prozesuaren gertaerak eta emaitzak jakinaraztea kanal desberdinen bitartez, bai ekimenean parte hartu duten herritarrei, bai Gipuzkoako gizarte osoari, balioa emanez, alde batetik, burutu den partaidetza ekitaldiari, eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako entzute aktiboko prozesuaren bidez jasotako herritarren ekarpenei.
Gogoratu behar dugu, aldi berean, 2018ko aurrekontu irekien ekimena partaidetza-prozesu fidagarria eta ziurra dela, eta parte hartzeko aurrez aurreko kanalak nahiz kanal birtualak erabilita, herritarren 7000 ekarpen baino gehiago jaso direla. Zehazki, aurrez aurreko kanalaren bitartez (Herriz-Herri kanpaina) lortu da ekarpen kopuru handiena: % 83 partaidetzarako jarritako karpan; % 8 Aldundiaren web orrian prestatutako galdetegi birtualean; % 6 gizarte zibilarekin izandako topaketetan betetako galdetegietan; eta % 3 foru erakundeari zuzenean bidalitako galdetegietan. Halaber, partaidetzari begira, gehiengoak emakumeak izan dira (% 58), eta parte hartzaileen batez besteko adinaren arabera (48,6 urte), banaketak aditzera ematen du adin guztietako pertsonek parte hartu dutela; beraz, esan daiteke emaitza horiek bat datozela, neurri handi batean, Gipuzkoako herritarren iritziekin.