Parte hartze errekorra 2019ko aurrekontu irekien prozesuan
Partaidetza prozesuak 8.250 ekarpen bildu ditu 2019ko foru aurrekontuetarako, eta aurrez aurreko 30 topaketa baino gehiago egin dira gizarte zibilarekin
- 1003
2019ko Aurrekontu Irekien partaidetza prozesua mugarri berri bat izan da. Lurralde historikoko herritarrek egindako 8.250 gomendio, ideia eta iradokizun kontabilizatu dira, aurreko ekitaldian baino % 30 gehiago. Edizio berri honetan, herritarrek lehentasuna eman diete gizarte politika, sustapen ekonomikoa, mugikortasuna eta ingurumena bezalako arloei. Horri dagokionez, 2019ko Aurrekontu Irekien kanpaina partaidetza prozesu zabalena da, Gipuzkoa osora iristen dena. Gainera, ekimen kontrastatua da, erreferentziazkoa nazioartean, gobernu irekiari dagokionez.
Gipuzkoako Foru Aldunditik prozesua lurraldeko herritar guztiengana zabaltzeko apustua egiten da, 2019ko foru aurrekontuak egiterakoan herritarren lehentasunak txertatzeko helburuarekin. Horretarako, hilabete gehiago luzatu da parte hartzeko epea. Izan ere, prozesua Aian hasi zen, apirilaren 9an, eta ekainaren 30ean amaitu da. Gainera, aurtengoan, Herriz-herri kanpainako karpa ibiltariak 2.500 biztanletik gorako Gipuzkoako 57 herrietara joan dira lehendabizikoz, eta horrela nabarmen areagotu da partaidetza prozesuaren eragina herritarrengan.
Gizarte zibilarekin egin diren bilerak, Topaketak izenekoak, mugarri izan dira baita ere parte hartzeari dagokionez. Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak eta Herritarren Partaidetzako zuzendari Joseba Muxikak bilerak egin dituzte, prozesu osoan zehar, era guztietako elkarteekin. Berriro ere, Foru Erakundeak, Aurrekontu Irekien ekimenaren barruan, lehentasuna eman dio Gipuzkoako ordezkari sozialen entzute aktibo eta zuzenari, haien beharrak ezagutu eta eskariak jasotzeko helburuarekin.
Era berean, aurten, Foriu Aldundia Lurralde Historikoko udalerri txikietara ere iritsi da, entzute aktiboa sustatuz, eta prozesuan 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak txertatuz. Horri dagokionez, espazio horietan parte hartu duten pertsonek eskatu dute foru aurrekontuetan hainbat gai kontuan hartzea, hala nola azpiegiturak hobetzea, garraio publiko iristerrazagoen bidez mugikortasuna sustatzea, aurrekontuaren banaketa orekatuagoa, ingurumen arloko proposamena, eta abar.
Aurrekontu Irekien partaidetzazko ekimena amaitu ondoren, jasotako ekarpen guztiak aztertu eta kodifikatu egingo dira. Aurrez aurreko topaketetan helarazitako proposamenekin ere berdin egingo da. Ondoren, Departamentuek banaka erantzungo diete proposamen guztiei, herritarrei itzulketa eraginkor bat egin ahal izateko, berme guztiak izango dituena.
Aurrekontu Irekiak 2019 ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren esparruan sartzen da, eta plan estrategiko horren xedea da gobernantza eredu berri bat diseinatzea, irekia eta elkarlanezkoa. Eredu horrek oinarrian izango ditu pertsonak. Parte hartzeari esker, lidergo transformatzailea lortzen da, gainerako erakundeekin eta gizarte antolatuarekin partekatua, eta indartu egiten dira hurbiltasun loturak, elkartasuna, erantzukizuna eta herritarren protagonismo aktiboa politika publikoen eraikuntzan eta kudeaketan. Guztion ekarpenak guztion mesederako baitira. Orain zu.