1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan herritarren partaidetzarako tresnak eta prozesuak arautzea.
2. artikulua. Arau hau herritarren partaidetzari buruzko 1/2010 Foru Araua garatuz eman da, eta bere xedea da zehaztea zer baldintza eta prozedura bete behar dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako partaidetza prozesuetan parte hartzen duten herritarrek eta entitateek.
3. artikulua. EArau honen aplikazio esparru subjektiboa Lurralde Historikoko udalerrietako edozeinetan bizi diren pertsonak eta beren jarduera osoa edo zati bat Gipuzkoan burutzen duten entitateak dira.
4. artikulua. Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren pertsonek eskubidea dute Foru Arauan eta erregelamendu honetan aurreikusitako mekanismoak erabiltzeko, Foru Administrazioari bere jarduera esparruan hartu behar dituen erabakietan laguntzearren.
5. artikulua. Era berean, pertsonek eskubidea dute partaidetza prozesuen eta haiekin lotutako dinamiken inguruko informazioa jasotzeko, beren eskubidea behar bezala gauzatu ahal izan dezaten.
6. artikulua. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak deitutako partaidetza prozesuetan parte hartu ahal izango dute parte hartzeko egunean 16 urte baino gehiago dituzten pertsonek.
7. artikulua. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren web orriaren bitartez deituko ditu partaidetza prozesuak, edota herritarren aurrean egindako aurkezpen kanpainen bidez. Deialdi horietan adierazi beharko dira, batetik, kontsultarako epeak, eta, bestetik, prozesu horietan parte hartzeak izango dituen eraginak.
8. artikulua. Prozesuaren deialdian zehaztuko dira parte hartzeko baldintzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko dituen erabakietan deialdiak izan ditzakeen eraginak.
9. artikulua. Parte hartzaileek sortutako informazioa partaidetza prozesu horien barruan bakarrik erabiliko da, ez zaie hirugarren batzuei lagako, eta ez du inolako ondoriorik izango parte hartzaileengan.
10. artikulua. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak deitutako partaidetza prozesuen hartzaile izango dira Gipuzkoako udalerriren baten erroldatuta dauden pertsonak. Horretarako, parte hartuko duten pertsonen errolda egiaztatu ahal izango da, interesatuei baimena eskatu ondoren, 11/2007 Legeak aurreikusitakoaren arabera; betiere prozesuko parte hartzaileak Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi direla egiaztatzearren.
Datu hori egiaztatzeko, jakinarazpen bat bidaliko zaio IZFEri, tratamenduaren ardura duen enpresari, erroldaren egiaztapena egin dezan, pertsonei buruzko informaziorik gorde gabe kontsulta horren inguruan.
11. artikulua. Erroldatu izaeraren egiaztapena hasierako egiaztapen huts gisa egingo da, eta ez da izaera horri buruzko bestelako informaziorik gordeko horretarako aurreikusitako fitxategietan.
12. artikulua. Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean erroldatuta dagoela egiaztatu ondoren, pertsonak erregistroan sartzeko aukera izango du eskubide eta betebehar guztiekin.
Pertsona batek 12 hilabeteko epean ez badu ekarpenik egiten deitutako prozesuetan, jakinarazpen bat bidaliko zaio posta elektronikoaren bitartez, plataforman jarraitzeko berrespena eskatuz; jakinarazpen horri ez bazaio erantzun positiborik ematen, pertsona horren erregistroa ezabatuko da izaera pertsonaleko datuen babes eskubidea errespetatzeko. Pertsonak erabakitzen badu bere erregistroarekin jarraitzea, eta helbidea, udalerria edo posta kodea bezalako daturen bat aldatzen bada, berriz egiaztatuko da errolda. Errolda egiaztatuko da, halaber, pertsonaren bizilekuarekin zerikusia duten datu horietakoren bat aldatzen den bakoitzean.
Erregistro prozesua amaitutakoan, pertsonak “partaidetza prozesuen kudeaketa” izeneko fitxategiaren barruan geldituko dira, eta Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak kudeatuko du fitxategi hori.
13. artikulua. Parte hartzaileek erakunde publiko eta pribatuekin errespetuzko jarrera izateko konpromisoa hartzen dute, baita gainerako parte hartzaileekin ere, iradokizunak egiten dituztenean edo eztabaidetan parte hartzen dutenean. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak iradokizunak ezabatzeko aukera izango du, baldin eta uste badu ez datozela bat plataformaren xedearekin edota beste pertsona batzuen nahiz Foru Aldundiko kargu publikoen ohoreari edo intimitateari eragiten diotela.
14. artikulua. Partaidetzazko aurrekontuei buruz herritarrei kontsulta egiteko partaidetza prozesuak ondorengo prozedura izango du: parte hartzen dutenek eskatu ahal izango dute Foru Aldundiaren aurrekontuaren zati bat atal jakin batzuetara xedatzea, eta horrek eragina izan dezake Foru Aldundiak aurrekontuak prestatu eta gauzatzeko egingo duen aurrekontu esleipenean.
15. artikulua. Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek partaidetza prozesuak egin ahal izango dituzte Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak xede horretarako sortutako tresna erabiliz. Partaidetza prozesu horiek hasi eta kudeatzen dituztenek ez dute informazio pertsonala eskuratzerik izango, soilik pertsona bakoitzak tresna horretan sartu dituen erabiltzaile datuak.
16. artikulua. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak edo beste entitate batzuek deitutako prozesuetan elkarteek edo bestelako entitateek parte hartzen duten kasuan, soilik parte hartu ahal izango dute partaidetza prozesua hasteko egunean legez eratuta dauden entitateek; eta hori frogatzeko eraketa titulua aurkeztu beharko dute, edo dagokion erregistroaren ziurtagiria, baldin eta erakunde horren eraketa legeak erregistro publiko batean izena emanda egotea eskatzen badu.
Era berean, entitatearen ordezkari gisa aurkezten den pertsonak agiri bidez egiaztatu beharko du ordezkari izaera prozesuetan onartua izateko. Ondorio horietarako, eta plataforman izena eman ondoren, Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak ezarriko ditu egiaztatzeko mekanismoak, ezinbesteko baldintza izango baita entitateek prozesuetan parte hartu ahal izateko.
17. artikulua. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak aldatu ahal izango ditu atariaren erabilera baldintzak, uneoro indarrean dagoen araudiaren arabera, eta bereziki, Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauan aldaketaren bat eginez gero. Plataformako erabiltzaileek jakinarazpen bat jasoko dute erabilera baldintzetan aldaketaren bat eginez gero; halakoetan, erabaki dezakete emandako baimena baliogabetzea eta erregistrotik ateratzea.