Atzealdea ANTRAKNOSIA
Sagarrondoan nahikoa gaitz arrunta da, ia fruituari baino erasaten ez diona. Gaur egun kontrolatuta dago zoldaren aurka erabiltzen diren fungiziden bidez.
Infekzioa fruitua mamitzen ari denean izaten da. Orban marroi txiki moduan azaltzen da, gainazalean apur bat sakonduta, baina gaitza berez fruitua heldu denean garatzen da.
Antraknosia ondo mugatutako eta ehunean hondoratutako kalte zirkular zentrokideez bereizten da, eta infekzioaren hasiera zirkuluaren zentroan izaten da. Inguruan hezetasun gutxi baldin badago, onddoak kristal-itxura izaten du. Baina inguruko hezetasuna handia baldin bada, marroi ilunera biratzen duen izokin-kolorea izaten du, kaltea zahartu ahala. Erasoak fruituaren bihotzera "V" forman egiten du aurrera.
Hezetasun handia dagoenean, hostoetan ere kalteak eragin ditzake gutxi-asko irregularrak diren orban zirkular moduan. Adarrei ere eraso diezaieke, azalean sakonuneak dituzten orban nabarrak, azal osasuntsuaren mugan pitzadurak eta hildako gunean eraztun zentrokideak eratuz.
Izurri handienak udaberri eta uda bero eta hezeetan izaten dira, gaitza giro heze iraunkorretan eta 25 ºC inguruko tenperaturan azkar hedatzen delako.
Antraknosiaren kontrako borroka batez ere praktika osasuntsu onetan oinarritzen da, hau da, kutsatutako material guztia (fruituak eta adarrak) suntsitzean. Zoldaren eta zurinaren aurkako tratamenduek egoki kontrolatzen dute gaitz hau.