Atzealdea ARMIARMA GORRIA
Akaro-espezie guztietan hau da arriskutsuena eta baita Gipuzkoan hedatuena ere; Tetranychus urticae espeziea ere agertzen da, baina gutxiagotan.
Armiarma txikia da eta hostoak ziztatzen ditu, normalean azpialdetik. Hostoek berun-kolorea hartzen dute, eta erasoa gogorra bada, arretu eta garaiz lehen erortzen dira.
Negua arrautza-eran igarotzen du, begi, adabegi eta azaleko zimurretan, eta, batez ere, adarren lotunean. Fruta-arbolen kimu-berritze eta loraldian irteten dira armiarma berriak ere, hostoetara abiatuz. Han hilabetean jaten aritu ondoren heldu-egoerara iristen dira eta uda-arrautzak erruten hasten dira. Eguraldi lehorrarekin 6-8 belaunaldi izatera hel daitezke. Uda bukaeran eta udazken hasieran emeek neguko arrautzak erruten dituzte.
Hostotzen hasten denean aurreko urtean izandako eraso-mailaren araberakoa izango da parte-hartzea. Tratamendua egitea komeni den ala ez ebaluatzeko 100 ernamuinetako arrautzak zenbatu egingo dira; 10 arrautza edo gehiago dituzten ernamuinak zenbatuko dira eta ikusitako izurri-mailaren arabera ekingo zaio:
- ernamuinen % 75etan edo gehiagotan 10 arrautza edo gehiago baldin badaude, produktu obizidak edo obizida-larbizidak erabiliko dira.
- ernamuinen % 35etan edo gehiagotan 10 arrautza edo gehiago baldin badaude, olio zuriarekin edo akarizidarekin tratamendua eman beharko zaio arrautzen eklosioaren amaieran (% 80).
- ernamuinen % 35 baino gutxiagoetan 10 arrautza edo gehiago daudela ikusten baldin bada, tratamendua emateko erabakia gerorako utziko da; aldika laginak hartuko dira eta hostoen % 70 baino gehiagok akaroren bat dutela ikusitakoan parte hartuko da.