Atzealdea BIROSIA
Birusak (latinez pozoia esan nahi du) oso mikroorganismo txikiak dira, mikroskopio elektronikoaz baino ikus ez daitezkeenak eta galera ekonomiko handiak eragiten dituzten gaitzak sortzen dituztenak.
Izaki mikroskopiko hauek egiazko parasito gisa portatzen dira; izan ere, ostalari bizia behar dute garatzeko. ostalaria, gainera, patogeno-mota bakoitzarentzat berariazkoa izaten da. Askotan oso kutsakorrak izaten dira eta zauri, azal-poro, ebaki eta abarretatik transmititzen dira. Batzuk - sagarrondoan hori gertatzen ez bada ere- parasitoaren bektore moduan diharduten organismoen bidez hedatzen dira.
Kutsatzen duen birusaren arabera, sintomak nahaste begetatiboak, orban klorotikoak, hosto eta fruituetako deformazioak, ehunetako nekrosiak, uzta galtzea, etab. izaten dira. Sintoma hauetako batzuk udaberrian eta udazkenean nabariagoak dira, tenperatura baxuetan birus batzuek jarduera areagotu egiten dutelako. Udan, tenperatura altuekin, jarduera hori moteldu egiten da eta gelditzera ere irits daiteke; horretan oinarritzen da termoterapia, zeina birusik gabeko landare-materiala lortzeko sistema baita. Landarea birusa hiltzeko (baina landarea ez hiltzeko) tenperaturetan edukitzen da.
Birusek eragindako gaitzen diagnostikoa egitea zaila delako, sintomak beste kausa batzuekin nahastu egin daitezke: gabezia, fitotoxikotasun eta abarrengatiko desoreka fisiologikoekin, adibidez.
Gaur egun teknika molekularrak garatu direlako, birusek eragindako gaitzak askoz errazago atzematen dira eta, ondorioz, bizkorrago lan egin daiteke horien aurka.
Birusak oso patogeno arruntak direnez gero, ondoren gure inguruko sagastietan gehien azaltzen diren birusak azaltzen dira (mintegietako landareak birus hauez kanpo egon behar dira): - ACLSV (Apple Chlorotic Leaf Spot virus): orban klorotikoak edo eta nekrotikoak sortzen ditu hostoetan; zimur txikiak ere bai orrian. Sagarrondoen barietate komertzialek jasaten dute birus hau.
- ApMV (Apple Mosaic Virus): sagarrondoaren mosaikoa sortzen duen birusa da. Hostoetan sintomak 18 ºC baino tenperatura baxuagoetan azaltzen dira eta tenperatura horretatik gora mozorrotuta geratzen dira. Sintomak desberdinak dira, birusaren anduiaren arabera. Zenbait tamainatako orbanak eratzen dira, ongi mugatuak eta kolore hori argikoak. Orban horietan gero nekrosia azal daiteke; barietate batzuetan nerbiazioetan dekolorazioa ere izaten da.
- ASGV (Apple Stem Grooving virus): sagarrondo-egur ildotuaren birusa da; patroi-/barietate konbinazio batzuetan, justu mentu-oinarekin duen loturaren gainean, bateraezintasun-erreakzioa izaten da eta gune horretan zerrenda- nabarraren itxurako nekrosia sortzen da. Horrekin batera hostaila horitu eta erori egiten da.
Prebentzio-lana da eraginkor bakarra birosia kontrolatzeko. Sagarrondoan birusak transmititzeko ia era bakarra material begetala da. Horregatik beharrezkoa da erabiltzen dugun materialak, ziurtagiria duen landarea erabilita, birosirik ez duela seguru egotea.