Atzealdea MEATZARI BIHURRIA
Sarri ikusten da, baina ez du kalte izugarririk egiten.
Intsektu heldua tximeleta txiki txuri bat da eta kimu berrietako hostoen azpialdean ipintzen ditu arrautzak.
Har txikiek, jaio eta berehala, hostoaren barnean galeria luze eta bihurriak egiten hasten dira. Zuloak ongi nabaritzen dira hostoari argi kontran begiratuz gero. Beldarra hazten doan neurrian galeria ere zabaldu egiten da eta barnean dauden gorozkiek kolore iluna ematen diote.
Beldarrak zulotik irten eta gehienetan hostoaren azpialdean kapulu zuri eta txikia ehotzen du, estua eta hamaka-forma oso berezia duena, zetazko hari finez zintzilik. Kapulu horietatik jaiotako helduek negua azalaren azpian edo beste zenbait babespetan pasatzen dute, eta hurrengo udaberrian arrautzak erruten dituzte. Urte onak direnean, intsektuaren hainbat belaunaldi ager daiteke.
Eragiten dituen kalteak txikiak direlako, denboraldi begetatiboan inolako kontrol kimikorik ez dago egin beharrik. Izurri hau negukoa denez gero, eraso handiak direnean olio mineral bidezko neguko tratamenduak egitea komeni da.
Gipuzkoan fauna laguntzaileak izurri hau, eta oro har meatzari guztiena, gogor kontrolatzen duela ikusi da. Harrapari ugarienak himenoptero kaltzididoak eta brakonidoak dira; meatzariaren larba eta krisaliden parasitoak dira.