Atzealdea ZORRI LANIGEROA
Zorri hau sarri egoten da gure sagastietan. Kalte garrantzizkoak eragiten ditu, arbolaren zurezko parteak ahuldu eta deformatzerainokoak askotan.
Erraza da intsektua ezagutzea, gainean daukan kotoi-itxurako ilaunagatik. Adar, lepo eta sustraietan bizi ohi da. Tumoreak sortzen ditu, batzuetan oso handiak, eta izerdiaren zirkulazioa oztopatu egiten du.
Enborreko zimurretan, txankroetan edo lepo inguruko sustrai lodietan pasatzen du negua larba-egoeran. Udaberrian larba hauek eme hegal gabe bilakatzen dira, eta kimuak inbaditu egiten dituzte. Hainbat belaunaldi partenogenetikoren bidez ugaltzen dira, kolonia berriak eratuz. Udan eme hegaldunak ere agertzen dira, eta izurria ondoko sagarrondoetara barreiatzen dute.
Izurria kontrolatzea zaila eta neketsua da eta prebentzio neurriak sendatzeko neurriekin konbinatu behar dira. Aldaxka osasuntsuak eta tolerantzia duten barietate zein patroiak erabiltzea gomendatzen da: barietateetan nabarmena da Errege-sagarren Erreginaren (Reina de Reinetas) sentikortasuna; mentu-oinetan M9 eta M26 sentikorrak dira; sagarrondo makatzek sentikortasun ertaina dute; M7 sentikortasun txikikoa da; M25, MM106 eta MM111 erresistentzia onekoak dira (ikus sagarrondoen patroien Ezaugarri Koadroa). Drainatze oneko lurrak aukeratzea eta kanpoko inbasioak dituzten sagarrondoak kentzea ere gomendatzen da. Izurri hau Aphelinus mali himenoptero mesedegarriaren bidez era naturalean kontrolatzea badago, zorri lanigeroaren populazioak kalte txikia eragiten duten mailaraino murriztera hel daitekeelako.