Atzealdea ZENBAIT EZBEHAR
Izotzarekin batera agian kazkabarra izango da sagarrondoak izan dezakeen ezbehar meteorologiko garrantzitsuena...
Hostoak urratu egiten ditu, kimu berriak eta fruituak bota egiten ditu, eta kalte horiek jasandako sagarrondoak izurri eta gaitzekiko oso sentikorrak izaten dira; beraz, txingor-zaparrada edo kazkabar-erauntsia izan eta 48 ordu baino lehen zauriak orbaintzen lagunduko duen tratamendua egin behar da, captan, benomilo, carbendazima edo beste zenbait fungizidarekin. Fruta-arbolak haztean porrot asko sustraiak itotzeagatik izaten da, hau da, lurrean oxigeno-kopuru txikia dagoelako. Hori sustraiak dauden gunean ur gehiegi dagoelako izan daiteke, buztin-ehunekoa handiegia delako, sakonegi landatu delako edo makinak ibilita zein laboreak gaizki eginda lurra trinkoegi dagoelako. Prebentzio moduan mentu-oin egokiak erabiltzea gomendatzen da (ikus sagarrondoen patroien Ezaugarri Koadroa), lurra drainatzea, landatzen denean laboreak sakon egitea eta sakonera egokiaz landatzea (mentu-gunea lurperatu gabe).
Sagarrondoek izan ditzaketen ezbeharrak ugari eta luze azaltzekoak dira: lehortea, haizetea, atmosferako poluzioa, plagizida bidezko fitotoxikotasuna, etab. Gauza bitxi moduan eta irudi eta guzti, zuhaitzean ehiztariak gaizki maneiatutako eskopetak jaurtitako perdigoien kaltea erakusten dugu.