Atzealdea ZIMITZ FITOFAGOAK
Hemiptero hauek eragin ditzaketen kalteak txikiak dira.
Palomena prasina da gure sagastietako zimitz fitofago ugariena. Kolorez berdea da eta gero nabar bihurtzen diren puntu beltzak ditu. Sabelaldea eta hankak arrosa-kolorekoak dira eta antenak berde-arrosak ditu. Emearen tamaina 12 eta 14 mm bitartekoa da, baina arra txikixeagoa, formaz biribila eta atzealdean ezkutua duela.
Ninfa lehenbizi berde argia da, baina gero nabar bihurtzen dira; hankak eta abdomena arrosa-kolorekoak dira.
Negua heldu moduan isolatuta igarotzen du eta udaberrian ekiten dio bere jarduerari. Maiatzaren erdialdera erruten du hostoen azpialdean; 14-28 arrautzako errunaldia izaten da. 20 bat egun geroago larba azaltzen da, eta bost ninfa-aldi igarotzen ditu aste batzuk geroago heldutasuna lortu arte. Bost ninfa-aldi horiek igaro bitartean, P. prasina sagasti ondoetako landare gramineoetan egoten da, eta heldua denean zuhaitzetara pasatzen da. Atzeko hanken ondotik kirats nazkagarriko jariakinak isurtzen ditu. Urtean bizpahiru belaunaldi izaten ditu.
Miridoen familiaren barruan beste zimitz fitofago batzuk ere ikusi izan dira: Lygus pabulinus eta Calocoris sp., adibidez; nagusiki kolore berdekoak dira, 6 mm luze ingurukoak eta P. prasina baino luzeagoak eta lirainagoak.
Horien guztien larbek eta helduek fruitu gazteak ziztatzen dituzte; azalean sakonuneak eta kailuak sortzen dituztelako, fruituaren merkatuko balioan galera izaten da. Hostoetan deformazioak eta orban nekrotikoak ere sortzen dituzte.
Miridoek eta zenbait inurrik eraso egiten diotela ikusi da; denek P. prasina-ren arrautzak harrapatzen dituzte.