Atzealdea ZOLDA EDO GORRINA
Gaitz hedatuena eta gure sagastietan kalte handienak eragiten dituena da. Hosto, lore eta fruituei erasotzen die eta muturreko kasuetan kimu eta ernamuinak honda ditzake.
Onddoaren lehen erasoak udaberrian hasten dira. Hostoetan olio-orban bezalako batzuk azaldu eta gero belztu egiten dira. Sarritan gaixotasun honek jotako hostoak deformatu egiten dira.
Erasotako loreak erori egiten dira. Fruituetan sortzen dituzte, seguru asko, kalterik larrienak: zolda moduko orbanak, pitzadurak eta deformazioak sortzen ditu, fruitua goizegi erortzea ere bai, galera ekonomiko nahiko handiak eraginez.
Zolda-onddoaren mizelioak hosto erorietan pasatzen du negua. Udaberriaren hasieran, fruitu-gorputz txiki batzuk eratzen ditu, "peritezio" deituak, eta horien barnean egoten dira onddoaren "haziak" edo "askosporak". Hauek, heldu ondoren, euriaren edo haizearen bidez sagarrondoaren hosto eta loreetara pasatzen dira. Barnera sartu eta beren kutsatzea edo eraso primarioa hasten dute. Aste bat edo bi barru, tenperaturaren arabera, onddoa hostoetan hedatu eta beste fruitu-gorputz batzuk, "konidio" deituak, eratzen dituzte. Horiei esker gaixotasuna gehiago zabaltzen da, eraso sekundarioa deituriko fasean. Orban bakoitzak konidioak sorraraz ditzake 4-6 astez.
Gaixotasunaren espora edo germenak errazago sakabanatzen dira tenperatura epel eta euri-erregimen altuekin, hain zuzen gure kliman sarri izaten diren egoeretan.
Laborantzakoa: -Zoldarekiko erresistentzia duten edo zolda onartzen duten barietateak landatu eta leku itzaltsuetan edo hezeegietan ez landatu. Mahairako sagarra ematen dutenetan sentikortzat hartzen dira Gala eta Delicious gorri taldekoak eta hauen mutanteak; Golden taldekoek sentikortasun ertaina dute; eta sentikortasun txikikoak dira Granny Smith eta Errege-sagarrak. Sagardo-sagarra ematen duten sagarrondoei dagokienez, zoldarekiko duten sentikortasuna ebaluatzen hasi egin dira, eta, ondorioz, datuak behin-behinekoak dira. Mozolua barietatea sentikortzat hartzen da, baina Manttoni eta Urtebi Haundi barietateek erresistentzia handi samarra dutela kontsideratzen da (Etxeandia, A. 2002).
- Zuhaitzaren aireztapena eta argia sartzea hobetu egoki inausita; horrela hostoak eta fruituak lehortzeko denbora laburragoa izaten da eta produktu fitosanitarioak errazago sartzen dira.
- Belarra motz mantendu eta udazken amaieran eroritako hostoak kendu.
Kimikoa: Zolda modu eraginkorrean kontrolatzeko gaur egun borroka kimikoa egiten da, infekzio primarioa eta ondoz ondoko bigarren mailako infekzioak kontrolatzearren. Inokulu primarioa lurrera eroritako hostoetan neguan eratutako piknidioen barruan sortzen diren askosporetakoa da. Beraz, infekzio primarioa larria izan ez dadin, honakoak egin behar dira: a) lurreko hostoetan eratzen den piknidio-kopurua ahalik eta gehien murriztea; hori hostoak lurretik bilduta edo hostoen % 85a inguru eroritakoan, orbelaren deskonposizioa % 5eko ureazko tratamenduekin bizkortuta egin daiteke.
b) udaberriko infekzio-askosporak (= inokulu primarioa) sagarrondoaren organo hartzaileetara (hosto, lore eta fruituetara) iristea eragoztea; izan ere, zenbait ordutan hezetasun-giro etengabean onddoak kolonizatu egin baititzake. Askosporak ez dira bat-batean askatzen; piknidio edo periteketan apurka-apurka heltzeko eta egozteko prozesua izaten dute, hau da, 6-8 asteko prozesua izaten dute. Hemengo kondizioetan askosporek airera askatzeko aldia gehienetan apirilaren hasieratik maiatzaren amaiera artekoa izaten da, baina urte bakoitzean dagoen klimaren arabera aldaketak izan daitezke. Infekzio primarioa ondo kontrolatzea funtsezkoa da geroko bigarren mailako infekzioak gutxiago izan daitezen. Zuhaitza babesten gaitza hartzeko gai diren organoak azaltzen direnean hasi behar da; horretarako, Abisu Estaziorik ezean, baliagarriena hazkuntzaren fenologian oinarritutako tratamenduak egitea da: - C-C3 egoeratik loratu arte ukipen-fungiziden bidezko tratamenduekin babesten da. - loratu eta fruituak heldu arte fungizida sistemikoekin edo eta fungizida sarkorrekin babesten da. - zikloaren gainerakoan ondoz ondo bigarren mailako infekzioak izaten dira hezetasun-giro egokia dagoenean; egoera horren berri Mills taulak (eguneratuak) erabilita izan daiteke (tenperaturen eta hezetasun-baldintzen arabera bigarren mailako infekzioa eragiteko behar den ordu-kopurua adierazten dute). Mills-en taulak (laburtuak) Infekzioa eragiteko etengabeko hezetasunak gutxienez behar duen denbora (orduak)
25ºC 24ª-17ºC 16ºC 15ºC 14ºC 13ºC 12ºC 11ºC 10ºC 9ºC 8ºC 7ºC 6ºC
8 h 6 h 6 h 7h. 7h. 7,5h. 8 h 9h. 11 h 12h. 13h. 15h. 18h.
Tratamenduak infekzio-baldintzak izandakoan egin behar dira, lehenago erabilitako fungiziden babes-aldiak kontuan hartuta. Batez ere ukipen-fungizidak infekzio-baldintzak izan eta 24 orduko epe barruan erabiltzea gomendatzen da. Bestela sendatzeko fungizidak infekzioa hasi eta 48 ordu baino lehen erabili behar dira. - Hazkuntzaren amaieran, uzta bildu baino lehen lursailean dagoen infekzioaren larritasunaren arabera, fungizida sistemikoaren bidezko tratamendua egin daiteke, sagastian hurrengo neguko inokulua murriztearren.