Atzealdea ZORRI HAUSKARA
Sagastia lantzeko espezie kaltegarrienetako bat da. Udaberrian egiten dituen kalteak beldurgarriak dira. Ziztatzen dituen hostoak eta fruituak deformatuta geratzen dira. Loraldian populazio txiki bizkor batek uztaren balio-galtze garrantzizkoa eragin dezake.
Intsektu txikia da, errauts-kolorekoa eta hauts zuriaz estalia; ziklo biologikoa lehen deskribatutako zorri berdeak duenaren antzekoa da, baina bada desberdintasun bat: kasu honetan lehen belaunaldiko arrek eta emeek hegoak dituzte eta sagarrondoetara izurria hedatzen lagundu egiten dute. Udaren hasierako eme hegaldunek ez dute izurria hedatzen laguntzen, baizik eta beste landare-espezie batzuetara migratzen dute (plantainera, hain zuzen) eta han ibiltzen dira udazkena arte. Orduan sagarrondora itzultzen dira berriz eme sexupara hegaldun moduan; hauek arrak eta emeak sortuko dituzte, zeinak neguan arrautzak errungo baitituzte.
Honek, beste behin, diagnostiko ona egitea zein garrantzitsua den adierazten digu. Hain zuzen udaberrian edo udan zorri hauskararen populazioan hegaldunak ikusten hasitakoan, tratamenduak bertan behera utzi behar dira; izan ere komunitatea plantainera migratzeko prestatzen ari baita; zorri berdea izango balitz, kontrol-neurriekin aurrera segitu beharko litzateke, zeren forma hegadun horiek migratzeko ez eta sagastietara sakabanatzeko azaltzen baitira.
Ernaldutako emeek beren arrautzak isolatuta uzten dituzte, zorri berdeak ez bezala; azken honek piloka uzten baititu. Zorri berdeak bezala, zorri hauskarak ere inurriak erakartzen dituen melaza ugari jariatzen du.
Askotan ikusi ohi da fauna lagungarria zorri hauskararen kolonietan.
Zorri hauskararen kontrola lehen koloniak azaldu direla ikusitakoan eme sortzaileei erasotzean oinarritzen da. Izurriaren eraginaren arabera behin edo behin baino gehiagotan erabili beharko da. Garrantzitsua da fruituak deformazioetatik babestea; beraz, zorriak daudenean beste tratamendu-aldi bat eman petaloak erortzen direnean. Imidacloprid edo pirimicarb oinarri duten produktuak gomendatzen dira.