Atzealdea ZURINA
Zurina edo oidioa gure herriko gaixotasun arrunt bat da. Sagarrondoen hosto, begi, kimu eta loreei erasotzen die, bereziki arbola gazteetan edo adartze-ugaritzearengatik kaltetuak dauden zuhaitzetan.
Erasotako organoak irina bezalako hauts zuri batez estalita ikusten dira, eta batzuetan deformatuak eta txalupa-forman okertuak. Parasito hertsia da, ostalariari heldu eta haren gainean bizi ohi da.
Infekzio primarioa aurreko urtean kutsaturiko begietatik sortzen da, eta organo berdeak azaltzen diren une berean gertatzen da. Infekzio sekundarioak, primariotik sorturiko ugal-egituretatik etortzen dira. Esporen garraioa aire bidez gertatzen da eta infekziorako kondizio onenak hezetasun erlatibo altua eta 20ºC inguruko tenperatura direla uste da.
Kontrol-neurri gisa, erasandako ahalik eta kimu gehienak neguko inausketan kentzea gomendatzen da. Merkatuan oidio edo zurinaren aurkako produktu-sorta handia dago. C3 egoeratik abiatuta tratamenduak ekainaren amaiera arte egingo ditugu. Produktu batzuek aldi berean zoldaren eta zurinaren aurka balio dute.
Sagarrondo-barietate guztiek ez dute zurinarekiko sentikortasun bera. Mahairako sagarra ematen duten sagarrondoak oso sentikorrak dira, besteak beste Erromako Edertasuna, Granny Smith, Golden Delicious, Idared, Errege-sagarren Erregina, Kanadako Errege-sagarra eta Royal Gala; Gala sentikortasun txikikoa da. Sagardo-sagarrean Aritza, Errezila eta Mozolua barietateen sentikortasuna aipatzekoa da (Etxeandia, A.
, 2002).