Kimuak

ADAR UGARITZEA

Sagarrondoaren gaitz arrunta da, intsektu bektoreen (hain zuzen zikadelidoen) bitartez transmititzen dena. Erasotzeko portaera ziklikoa du. Urte batzuetan ez da nabaritzen eta beste batzuetan kalte larriak eragiten ditu, hau da, uzta-galera handiak.

Gipuzkoan gaitz hau badago; azken urteotan hedatu egin delako, sagasti batzuen bideragarritasun ekonomikoa kolokan jar dezake.

ANTRAKNOSIA

Sagarrondoan nahikoa gaitz arrunta da, ia fruituari baino erasaten ez diona. Gaur egun kontrolatuta dago zoldaren aurka erabiltzen diren fungiziden bidez.

FUMAGINA

Arazo honek bigarren mailako interesa du.

KAPUA EDO AZAL-BELDARRA

Azaleko beldarren taldea Tortrizidoen familiako lepidoptero txikiez eratuta dago; beldar hauek guztiek duten ezaugarria fruituen azala jatea eta, ondorioz, ekonomiaren aldetik galerak eragitea da. Zenbait generotakoak dira: Archips, Cacoecia, Capua eta Pandemis generoetakoak, hain zuzen. Gure sagastietan kalterik handienak eragiten dituztenak Capua reticulana eta Pandemis heparana dira eta horietaz arduratuko gara.

KIMU-MOZTAILEA

Genero honetako intsektuak agertu ohi dira batzuetan gure sagastietan. Kimu eta fruitu berrietan kalte nabarmenak eragiten dituzte; batez ere mintegietan halako kalteak areagotu egiten dira.

MONILIA (FRUITU MOMIFIKATUAK)

Gaitz hau Gipuzkoan oso arrunta da eta bi Monilia-espeziek eragindakoa da: M. fructigena eta M. laxa. Sagarrondoaren adar, lore eta fruituei eraso diezaieke. Oraindik gure ingurunean sumatu ez den beste bat ere bada, Monilia fructicola; zelatatu beharreko patogenoa da, berrogeialdia eskatzen duen gaitza delako.

ORGIA

Oraingoz ez dira oso garrantzizkoak lepidoptero honek gure ingurunean sortzen dituen kalteak. Beldarra koloreduna da, ile-mototsak dauzka eta arbolaren oinean pasatzen du negua orbel artean.

PANDEMISA

Gure sagastietako beldar arruntak dira. Lehenago aipatutako azal-beldarrarekin nahastu ohi dira askotan, antzekoak direlako eta egiten dituzten kalteak ere berdintsuak izan ohi direlako.

PSILA

Sagarrondoetan agertzen da, kalterik sorrarazi gabe.

SAGARRONDOAREN HOSTO- KIRIBILTZAILE EDO ZEZIDOMIA

Sagasti helduei oso gutxi erasaten die; mintegi eta sagasti gazteetan kontuan hartzeko moduko kalteak eragin ditzake.

SU-GORRINA

Bakterioak eragindako gaitza da, sagarrondoari (batez ere barietate sentikor batzuei) kalterik handiena egiten diona. E.B.ko herrialdeetan berrogeialdiko gaitza da.

ZOLDA EDO GORRINA

Gaitz hedatuena eta gure sagastietan kalte handienak eragiten dituena da. Hosto, lore eta fruituei erasotzen die eta muturreko kasuetan kimu eta ernamuinak honda ditzake.

ZORRI BERDEA

Beharbada sagarrondoaren izurri ezagunena da. Sortzailea intsektu zurrupatzaile txiki bat da, kimu berrietako izerdia hartuz bizi dena.

ZORRI HAUSKARA

Sagastia lantzeko espezie kaltegarrienetako bat da. Udaberrian egiten dituen kalteak beldurgarriak dira. Ziztatzen dituen hostoak eta fruituak deformatuta geratzen dira. Loraldian populazio txiki bizkor batek uztaren balio-galtze garrantzizkoa eragin dezake.

ZORRI LANIGEROA

Zorri hau sarri egoten da gure sagastietan. Kalte garrantzizkoak eragiten ditu, arbolaren zurezko parteak ahuldu eta deformatzerainokoak askotan.

ZULAKARI HORIA

Sagarrondoaren zura daratulu batek bezalaxe zulatzen du 6 cm-ko luzera eduki dezakeen parasito honek. Enbor eta adarretan egiten ditu galeriak, beti goranzkoak eta kalte garrantzikoak eragiten dizkie batez ere sagarrondo gazteei.

ZURINA

Zurina edo oidioa gure herriko gaixotasun arrunt bat da. Sagarrondoen hosto, begi, kimu eta loreei erasotzen die, bereziki arbola gazteetan edo adartze-ugaritzearengatik kaltetuak dauden zuhaitzetan.