Enbor eta adarrei

ADAR UGARITZEA

Sagarrondoaren gaitz arrunta da, intsektu bektoreen (hain zuzen zikadelidoen) bitartez transmititzen dena. Erasotzeko portaera ziklikoa du. Urte batzuetan ez da nabaritzen eta beste batzuetan kalte larriak eragiten ditu, hau da, uzta-galera handiak.

Gipuzkoan gaitz hau badago; azken urteotan hedatu egin delako, sagasti batzuen bideragarritasun ekonomikoa kolokan jar dezake.

BASIDIOMIZETOAK

Garrantzirik ez dute, onddo parasitoak ez direlako.

BIROSIA

Birusak (latinez pozoia esan nahi du) oso mikroorganismo txikiak dira, mikroskopio elektronikoaz baino ikus ez daitezkeenak eta galera ekonomiko handiak eragiten dituzten gaitzak sortzen dituztenak.

BUFALOA

Normalean ez du kalte kezkagarririk eragiten; izurria ugaria baldin bada, mintegietan eta sagasti gazteetan lesio handi samarrak sor ditzake

BURR-KNOT

Arlo genetikoan eta fisiologikoan dagoen desordena da, eta horren bidez sagarrondoaren aireko alderdietan sustrai-ehuna garatzen da. Mentu-oin batzuek burr-knot-a garatzeko duten joera herentziazkoa da eta gehiena patroi batzuetan azaltzen da: M-7, M-9, MM-106 edo MM-111 patroietan, adibidez. Sagarrondo barietate autoktono batzuek, egurrean bigarren mailako sustraiak ateratzeko ahalmena dute hezetasun altua dagoen baldintzetan.

ESKOLITIDO EDO PIPIAK

Biak koleoptero xilofagoak dira, eskolitidoen familiakoak. Gehienetan zuhaitz ahulei erasotzen badie ere, arbola osasuntsuak ere kaltetu ditzake, eta hilarazi ere egin ditzake eraso handiak direnean. Dena den, eragin txikia dute.

LIKENAK

Sarri ikusten dira, batez ere zona heze eta laiotzetan dauden arboletan.

MIHURA

Asko ikusten da Gipuzkoako sagastietan, batez ere zaindu gabe daudenetan.

MONILIA (FRUITU MOMIFIKATUAK)

Gaitz hau Gipuzkoan oso arrunta da eta bi Monilia-espeziek eragindakoa da: M. fructigena eta M. laxa. Sagarrondoaren adar, lore eta fruituei eraso diezaieke. Oraindik gure ingurunean sumatu ez den beste bat ere bada, Monilia fructicola; zelatatu beharreko patogenoa da, berrogeialdia eskatzen duen gaitza delako.

PHOMOPSIA

Maiz ikusten den txankro-mota da, sagarrondo gazteetan kalteak eragin ditzakeena; oro har maila apaleko gaitza dela kontsideratzen da.

SAGARRONDOAREN KOMA

Izurri hedatua eta ugaria da kontu egin gabeko sagastietan edo sagasti zaharretan. Adarrei eta enborrari erasotzen die, eta gutxiagotan fruituari.

SAN JOSE ZORRIA

Gaur egun izurri hau Gipuzkoan hedapen fasean dago.

SPHAEROPSIS MALORUM

Onddoek eragindako gaixotasun hau gure lurraldean badago. Enbor eta adarrak kaltetzen ditu, baita friutuak ere. Kalte hauek garrantzia izan dezakete landaketa gazteetan, zuhaitzaren ahulezia orokorra eraginez.

SU-GORRINA

Bakterioak eragindako gaitza da, sagarrondoari (batez ere barietate sentikor batzuei) kalterik handiena egiten diona. E.B.ko herrialdeetan berrogeialdiko gaitza da.

TXANKRO PAPIROKARA

Ez du garrantziarik kasu jakinetan izan ezik.

TXANKROA EDO KANTZERRA

Gipuzkoan oso arrunta da gaixotasun hau, eta gutxi zaindutako sagastietan egoten da sagarrondoaren zurezko parteei, adarrei batik bat, erasoz.

ZORRI LANIGEROA

Zorri hau sarri egoten da gure sagastietan. Kalte garrantzizkoak eragiten ditu, arbolaren zurezko parteak ahuldu eta deformatzerainokoak askotan.

ZULAKARI GORRIA

Zulakari hau ezaguna da Gipuzkoan, ez baitie sagarrondoei bakarrik erasotzen, zenbait landare apaingarri ere bai baizik. Adibidez, sahatsak eta zumeak ere gustatzen zaizkio. Gehienetan erasoa sustrai-lepoaren inguruan gertatzen da eta arbola berean zulakari bat baino gehiago dudenean egoera larria sor dezakete.

ZULAKARI HORIA

Sagarrondoaren zura daratulu batek bezalaxe zulatzen du 6 cm-ko luzera eduki dezakeen parasito honek. Enbor eta adarretan egiten ditu galeriak, beti goranzkoak eta kalte garrantzikoak eragiten dizkie batez ere sagarrondo gazteei.