Izaki bizidun zelulabakar eta sinpleak, nukleorik eta eskuarki klorofilarik gabea; normalean zatiketa zelularrez ugaltzen dira. Bakterioak landareetan gaitzak sortzen dituztela ez da oso aspaldi jakin. 1878. urtean deskribatu zuen Burril estatubatuarrak geroago deskribatuko dugun "su-gorrina" sortzen duen Micrococcus amylovorus izenekoa.
Gaur egun landare bizietan kalteak eragin ditzaketen bakterio-generoetan bi espezie atzeman ditugu gure sagastietan: su-gorrina esaten zaion "Erwinia amylovora" eta "Agrobacterium tumefaciens" izenekoa.
Fitopatologian diagnostikoa azkar egiteko dagoen zailtasuna areagotu egiten da bakterioak daudenean; izan ere, patogenoa mikroskopikoa da eta sorrarazten dituen eraginak ez dira zehatzak izan ohi. Identifikatzeko nahitaezkoa da ikusitako aldaketak ustez eragin dituen hozia isolatu eta laborategian haztea.
Mundu osora zabaldutako bakterio-gaitz honek, batez ere mintegietan eragiten ditu kalteak. Garrantzia bakterioak sortutako tumore-kopuruaren, tamainaren eta kokalekuaren araberakoa da, eta sagarrondo gazteei gehiago erasaten die.
Bakterioak eragindako gaitza da, sagarrondoari (batez ere barietate sentikor batzuei) kalterik handiena egiten diona. E.B.ko herrialdeetan berrogeialdiko gaitza da.