BIRUSAK ETA FITOPLASMAK

Birusak eta fitoplasmak parasito mikroskopikoak dira eta zenbait desoreka sortzen dute landarearen fisiologian. Ondorioz, hainbat sintoma izaten dira: hazkundea murriztea edo nanismoa, mosaikoak, nekrosiak, ihartzea, gabeziak, hormona-desorekak, etab.

Birusak zelula bizien barruan baino ezin daitezke ugaldu, eta berak bakarrik ugaldu ezin direnez gero, nahitaezko parasitoak dira. Mugitu ere ezin dira egin. Transmisio-bektoreak behar dituzte barreiatzeko: zorriak, nematodoak, onddoak, haziak, polenak, txertoak, etab. Hortaz, birusak kontrolatzeko bide eraginkor bakarra, hedatzen dituzten bektoreak kontrolatzea da.

Fitoplasmak bakterioen antzeko mikroorganismoak dira, baina horiekiko badute desberdintasunik: ez dute egiazko zelula-hormarik eta estalki moduan mintz sinplea besterik ez dute. Floemako bahe-hodietan bizi eta ugaltzen dira, eta hodiak buxatutakoan kutsatutako zuhaitzean zenbait desoreka sortzen da: horitzea, klorosia, ihartzea, etab. Fitoplasmak oso espezifikoak dira eta, normalean, bakoitzak landare-espezie bati edo gutxiri erasaten diete. Zikadelido-espezie batzuk fitoplasmen transmisio-eragile dira.

ADAR UGARITZEA

Sagarrondoaren gaitz arrunta da, intsektu bektoreen (hain zuzen zikadelidoen) bitartez transmititzen dena. Erasotzeko portaera ziklikoa du. Urte batzuetan ez da nabaritzen eta beste batzuetan kalte larriak eragiten ditu, hau da, uzta-galera handiak.

Gipuzkoan gaitz hau badago; azken urteotan hedatu egin delako, sagasti batzuen bideragarritasun ekonomikoa kolokan jar dezake.

BIROSIA

Birusak (latinez pozoia esan nahi du) oso mikroorganismo txikiak dira, mikroskopio elektronikoaz baino ikus ez daitezkeenak eta galera ekonomiko handiak eragiten dituzten gaitzak sortzen dituztenak.