Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour ‘1516-2016. Bake-itunak’, erakusketa nagusia, abian da

‘1516-2016. Bake-itunak’, erakusketa nagusia, abian da

Nazioarteko 21 museotako 600 pieza baino gehiago bilduko ditu.

2016/06/16

Erakusketa San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztuko da, eta bakeak artearen historian, zuzenbidean eta kulturan izan dituen irudikapenak eta esanahiak ezagutaraztea du xede.

Erakusketan, izen handiko artisten obrak ikusi ahal izango dira, hala nola Goya, Rubens, Murillo, Ribera, Picasso, Le Corbusier eta Maruja Mallorenak.

Gaurko inaugurazio-ekitaldian, Espainiako errege-erreginek, lehendakariak, eta hainbat agintarik hartu dute parte.

Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren 1516-2016. Bake-itunak erakusketa inauguratu da gaur goizean. Erakusketa Hiriburutzaren Bake-ituna proiektuaren parte da, eta San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean ikusi ahal izango da, ekainaren 18tik aurrera. Erakusketak, lau urteko ikerketa baten ondoren, bakeak artearen historian, zuzenbidean eta kulturan izan dituen irudikapen eta esanahietatik zehar gidatuko ditu bisitariak.

Gaur izan da inaugurazio-ekitaldia, eta bertan izan dira Felipe VI.a erregea eta Letizia erregina; Iñigo Urkullu lehendakaria; Eneko Goia Donostiako alkatea; Íñigo Méndez de Vigo, Kultura ministroa; Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Cristina Uriarte; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Carlos Urquijo, Gobernu ordezkaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Denis Itxaso, Kultura diputatua;  Susana Soto, San Telmo Museoaren zuzendaria eta Pablo Berástegui, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren zuzendari nagusia.

Errege-erreginei aurreskua dantzatu diete San Telmo Museoan harrera egiteko. Horren ostean, erakusketa bisitatu dute eta behin bisita amaituta, Donostiako Orfeoiak kontzertu bat eskaini du museoaren klaustroan. Lehen inaugurazio horrez gain, arratsaldean, artearen zenbait sektoretako adituak erakusketa bisitatuko dute.

Erakusketa

Ekainaren 18tik urriaren 2ra, DSS2016EUk, San Telmo Museoak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak «1516-2016. Bake-itunak» erakusketa aurkeztuko dute. Erakusketa horretan, hainbat artista handiren 600 piezatik gora jarriko dira ikusgai: Goya, Rubens, Murillo, Ribera, Picasso, Le Corbusier zein Maruja Malloren artelanak, Elena Asins, Alice Creischer eta Nancy Speroren lanak, Sophie Ristelhueberren argazkiak, eta abar.«1513-2016. Bake-itunak» Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuko asmo handieneko proiektuaren  erakusketa nagusia da; Bake-ituna, alegia. Proiektua maiatzaren bukaeratik 2017ko urtarrilera arte gauzatuko da, Telefónicak babestuta.

Obrak nazioarteko 21 museotatik etorriko dira, eta gai hauek dituzte ardatz: bakea, tratatu eta itunak, desmilitarizazioa, gerra eza eta indarkeria eza. Honako museo hauek arituko dira lankidetzan, besteak beste: Louvre museoa, Pompidou zentroa, Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionala, Prado Museo Nazionala, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa.

Erakusketaren abiapuntua Francisko de Vitoriaren figura enblematikoa da. Nazioarteko zuzenbideko lehenengo eskola inspiratu zuen, Bakearen Iberiar Eskola, XVI. mendeko testuinguru berrian; «heretikoen» aurkako gerrek, moriskoen eta juduen kanporatzeak eta Amerika kontinentearen kolonizazioak markatu zuten garaian.

Obra gailenak

Erakusketan egongo diren obren artean, Picassoren Cabeza llorando eta Cabeza de mujer llorando con pañuelo ikusi ahal izango dira, biak ere artistak Guernica egin ondoren sortuak, baina formalki eta kontzeptualki harekin lotuak. Obra horiek, Le Corbusierren La caída de Barcelona lanarekin batera –artista hori bere arkitektura-lanengatik ezagunagoa da pinturengatik baino–, Reina Sofía Museo Nazionalak utzi ditu. Gainera, Prado Museo Nazionalak lan hauekin kolaboratu du, besteak beste: José de Riberaren Combate de mujeres, Francisco de Goya y Lucientesen Muchachos jugando a soldados, Murilloren La conversión de San Pablo, Zurbaránen Hércules lucha con el león de Nemea eta Rubensen Felipe II a caballo.

Euskal museo batzuek ere laga dute lanik; Artiumek, adibidez, Del LaGrace Volcanoren Duke: King of the Hill utzi du. Bilboko Arte Ederren Museoak, berriz, Oskar Kokoschkaren Pomozte baskickym detem! (Lagundu euskal haurrei!) kartelarekin lagundu du. Artista austriar horrek 1937an egin zuen kartela. Bohemiako herri batzuetan jarri zuten ikusgai, Gernikako bonbardaketaren biktima izandako euskal haurrak hartzearen aldeko kanpaina iragartzeko. Kokoschkak bere memorietan kontatzen duenez, Pragako poliziak kendu egiten zituen kartelak paretetatik, baina, gaua iristean, ekimenaren aldeko gazteek berriz jartzen zituzten.

Gainera, erakusketan hainbat euskal artistaren lanak ere egongo dira; adibidez, Aurelio Artetaren Ezpatadantzaris, Arabako Arte Ederren Museoak utzia, eta Jorge Oteizaren Figura comprendiendo políticamente, Jorge Oteiza Museoa Fundazioak utzia. Erakusketa honetan, Pieter Brueghelen La urraca sobre el cadalso bereziki esanguratsua da Bake-ituna proiekturako, bakeak izan dituen forma konplexuak irudikatzen dituelako. Erakusketan, Pieter Brueghel Gazteak, artista holandarraren semeak, egindako lana egongo da ikusgai.


Eremuak eta gelak

Piezak Bakearen Iberiar Eskolak bake-itunak banatzeko erabiltzen zituen argumentu-arloen arabera bereizita daude. Horrez gain, hitzaurre bat eta epilogo bat erantsi zaizkie. Hala, San Telmo Museoan, lurraldeak, historia, enblemak, milizia eta hildakoak arloak aurkituko ditugu. Azken hori bi espazioak lotzeko tresna izango da; beraz, Koldo Mitxelena Kulturunean hildakoei buruzko bigarren zatia egongo da, eta populazioa, ekonomia, armak eta tratatuak arloak garatuko dira bertan.


Era berean, Bake-ituna proiektuaren antzeko edukiak landu dituzten museoen 16 gela eta erakusketa historiko berregingo dira. Lehen gela Amerikako esperientziari buruzkoa da; zehazki, Tata Vasco, Vasco de Quirogari buruzkoa –Michoacaneko artisautza agertzen da– edo Los libros Plúmbeos buruzkoa –Granadako moriskoek bake-imajinario bat eraiki eta bizikidetza ahalbidetzeko egindako saiakera jasotzen da–. Ibilbidea Palestinarekiko Solidaritatea Adierazteko Nazioarteko Arte Erakusketarekin amaitzen da.


Bake-ituna

Donostia 2016ko Bake-ituna proiektuak Telefónicaren babesa du. Babesletza horrek, erakusketa nagusiaz gain, gertakari historikoen inguruko zazpi erakusketa –ikerketa-kasuak–, azterketa monografiko bat eta nazioarteko artista garaikideen zazpi ekoizpen (Aldiriak) barne hartzen ditu. Hori guztia hainbat udalerritara zabalduko da. 2016an erakusgai dagoena proiektuaren bigarren atala da; izan ere, lehenengo atala 2013an egin zen, 1813. Donostiako setioa, sutea eta berreraikitzea erakusketarekin. Hala, lau urte ikertzen eman ondoren, bakearen figuraren irudikapenari buruzko material multzo argitaragabe bat sortuko da.


Bitartekaritza eta bisitaldi gidatuak

Proiektu honetan parte hartzen ari diren erakundeetako lau elkarlanean ari dira, hainbat kasu pedagogiko prestatzen eta praktika pedagogikoei buruzko gogoeta egiteko foro bat antolatzen. Zehazki, lau hauek dira erakundeak: Donostia 2016, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, San Telmo Museoa eta Koldo Mitxelena Kulturunea.

Historiako une ezberdinetan hezkuntzaren arloan bakea nola landu den erakusten duten 21 ariketa eta praktika oinarritzat hartuz, hainbat kasu aukeratu dituzte, eta kasu horiek «eguneratzen» saiatuko dira; hau da, talde zein kolektibo batzuen artean ariketa horiek lantzen. Nolabaiteko jarraipena emateko eta ekarpen bat egiteko asmoz sortu dute erakundeok praktika artistikoen eta pedagogiaren inguruan elkartzeko eta gogoeta egiteko foroa.

Bi gune horiek bisitaldi gidatuak antolatuko dituzte, eta hilean bitan, asteartetan, ibilaldia egingo dute, San Telmo Museotik Koldo Mitxelena Kulturunera arte.

Argitalpenak

«1516-2016. Bake-itunak» erakusketa dela eta, Bake-ituna proiektuaren garapena azaltzen duen liburu-katalogo mardul bat emango da argitara. Halaber, erakusketaren muina biltzen duten gida bat eta liburuxka triptiko bat –lau hizkuntzatan– kaleratuko dira.

Telefónica: babesle nagusia

Espainiako telekomunikazio-enpresa multinazionala, Europako garrantzitsuenetakoa, Bake-ituna proiektuaren babesle nagusi bilakatu da. Telefónica erakundea mundura irekita dago, multinazionala da, eta askotariko kulturez osatutako merkatuetara iritsi da. Eite horretan oinarrituz, babesa eman nahi dio artearen bidez bakea nola irudikatu den ezagutarazteko xedea dun egitasmoari.

Erakundearen ordezkariaren esanetan, babes horren bidez, sendotu egiten dute Europa eraikitzeko proiektuan biltzen diren balioen garrantzia, bai eta Europako kultura-ondare komun aberats eta berdingabea ere; horrez gain, berrikuntza bultzatzen dute kulturaren sektorean.

Informazio praktikoa

Erakusketa ekainaren 17an inauguratuko da, baina ekainaren 18an zabalduko ditu ateak publiko orokorrarentzat, 2016ko urriaren 2ra arte.
San Telmo Museoa (Zuloaga plaza 1, Donostia) asteartetik igandera bitartean egoten da irekita, 10:00etatik 20:00etara; astelehenetan, berriz, itxita egoten da. Museorako sarrera arruntaren prezioa 6 eurokoa da, eta sarrera murriztuarena 3 eurokoa; astearteetan, doakoa izango da.
Erakusketa hau dela eta, Koldo Mitxelena Kulturuneak (Urdaneta kalea 9, Donostia) ohi baino ordutegi zabalagoa izango du, San Telmo Museoak duenarekin bat etor dadin. Kulturuneko espazio horretarako sarrera doakoa izango da egunero.

  

1759