“2024rako foru aurrekontuak gizarte politiketan jauzi bat egin eta ekonomia indartu nahi du ziurgabetasunen aurrean”
“2024rako foru aurrekontuak gizarte politiketan jauzi bat egin eta ekonomia indartu nahi du ziurgabetasunen aurrean”
“2024rako foru aurrekontuak gizarte politiketan jauzi bat egin eta ekonomia indartu nahi du ziurgabetasunen aurrean”
Foru gobernuak datorren urteko aurrekontu proiektua aurkeztu du BNetan, Gipuzkoan inbertitzeko, gizartean eragiteko eta eraldatzeko izaera argiarekin.
Foru gobernua Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024ko aurrekontuen proiektua aurkezten ari da gaur eta bihar, Batzar Nagusietan. Hurrengo ekitaldian, foru erakundeak 1.160 milioi euro izango ditu, 2023an baino 30 milioi gehiago (+% 2,7). 2024rako aurrekontua “ikuspegi sozial, ekonomiko eta jasangarri argi batekin” aurkeztu da, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak adierazi bezala. Gaineratu duenez, proiektu horren helburua da “egonkortasun ekonomikoa, ongizatea eta gizarte kohesioa bermatzea ziurgabetasun eta ezegonkortasun makroekonomikoko testuinguru batean”.
Gizarte-arloari bereziki erreparatuta, aurrekontu berriak 515 milioi euro bideratuko ditu guztira Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentura. Inoiz ez da halako kopuru handirik izan Gipuzkoako foru aurrekontuetan. Zuzkidura horrek 2024an 724 euro inbertitzea ekarriko luke biztanle bakoitzeko, 2023ko 701 eurorekin alderatuz. Mendozaren hitzetan, aurrekontu hori onartzeak “jauzi kualitatibo bat egitea ekarriko luke gizarte-politiketan, eta, horrela, indartu egingo litzateke Gipuzkoako herritarren kohesioaren, zaintza-eredu berriaren eta kolektibo ahulenen babesaren aldeko gure lurralde-apustua”. Era berean, diputatu nagusiak adierazi du aurrekontu horren lehentasunen artean “familien eta pertsona guztien ekonomia babestea dagoela” inflazioaren eta prezioen igoeraren ondorioen aurrean.
Mendozak bere hitzaldian adierazi duenez, Gipuzkoako “ekonomiak indartsu jarraitzen du”, baina “zuhurtzia” eskatu du etorkizunean gerta daitezkeen gorabeheren aurrean. Horregatik guztiagatik, “Aldundiak datozen hilabeteetan lurraldeko proiektu estrategikoetan aurrera egitea bilatuko du, lehiakortasuna, berrikuntza eta kalitatezko enplegu ekonomikoa bultzatzeko”. Horrela, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak 75,8 milioi, 2023an baino 3,1 milioi gehiago (+% 4,31), izango ditu, Gipuzkoako sare ekonomikorako kalitatezko lanpostuak eta aukerak sortzen aurrera egiteko. Proiektu estrategikoetan egindako inbertsioa, beraz, 60,81 milioi euro da 2024rako. Bertan, Adinberriz gain, MUBIL mugikortasun berriko zentroa abian jartzeko partidak, Naturklimako Hondakinak Berrerabiltzeko Prestakuntza Zentroa, Koldo Mitxelena kultura-proiektua, Badalab eta Basotik fundazioa jasotzen dira, besteak beste, basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko.
Azkenik, diputatu nagusiak azpimarratu du foru erakundeak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, 47 milioi euro bideratuko baitira horretara, 2023an baino % 1,77 gehiago, ekonomia zirkularrarekin, trantsizio energetikoarekin eta mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko.
Ogasuna eta Finantzak
Ogasun eta Finantza Departamentua izan da lehena 2024rako aurrekontua aurkezten. Departamentu honen hurrengo ekitaldirako zuzkidura 60,5 milioikoa izango da, 2023an baino 2,9 milioi gehiago (+% 4,98). Jokin Ogasun eta Finantzetako diputatuak honako hau zehaztu du Batzordearen aurrean: "aurrekontu honen helburua da lurraldeko zergadunei zerbitzu arin eta kalitatezko bat ematen jarraitzea, horretarako tresna aurreratu eta eskuragarrien bidez".
Ildo horretan, Peronak azpimarratu du 2024an 10,8 milioi euro jarriko direla Ogasun eta Finantza Departamentuaren modernizaziorako eta digitalizaziorako. Zifra hori "datuaren kalitatean eta kudeaketan aurrera egitera bideratuta dago, ogasunarekin eta finantzekin egin beharreko izapideak errazteko eta arintzeko, eta, aldi berean, zerga-iruzurraren aurkako borrokan lan egiten da".
Horrela, Ogasun eta Finantzako diputatuak aurreratu du 2024an Big Data eta Adimen Artifiziala laugarren belaunaldiko plataforma berria ekoiztea espero dela, departamentuan jasotako informazioaren lehen analisiak ikuspegi desberdinarekin egin ahal izateko, datuen tratamendu masiborako estrategia berria abian jartze aldera.
Bere hitzaldian adierazi duenez, departamentu horren zuzkidura kanal anitzeko arreta bermatzera ere bideratuko da, “zergadunen eskura jarriz, hala nahi badute, zerga-betebeharrak modu sinplean betetzea ahalbidetzen duten tresnak, bai eta zergadunaren arretarako Zergabidea plataformaren garapenean ere”.
TicketBAI proiektuari dagokionez, Peronak nabarmendu du sistema ezarri zenetik gaur arte, 2023an, 600 milioi faktura baino gehiago jasoko dituztela departamentuan, Berehalako Informazio Horniduratik jasotako informazioarekin batera. "Orain, erronka da beste urrats bat ematea datu horren kudeaketan, eta zerbitzu gehigarriak ematea gure herritarrei eta enpresei eguneroko kudeaketak errazteko. Aldi berean, iruzur fiskala desagerrarazteko lanean jarraituko dugu" azpimarratu du Peronak Batzar Nagusietan.
Ondorio gisa, zerga-administrazioaren lehiakortasuna hobetzen jarraitu beharra aipatu du, eta honako hau adierazi du: "Gizarte aurreratua eta ekonomia-sare lehiakorra nahi baditugu, ezinbestekoa da auto esijentzian jarraitzea eta gure lehiakortasuna hobetzen saiatzea".
Diputatu Nagusiaren alorra
Diputatu nagusiaren alorrean, aurrekontu-proiektuak aurreko ekitaldiko zenbatekoaren antzekoa planteatzen du, % 0,52ko igoera txiki batekin 2023ko aurrekontuekin alderatuta. Igoera, hain zuzen ere, diputatu nagusiaren kabineteari lotutako inbertsioetan gertatu da. Inbertsio horiek, batez ere, udalerriei zuzendutako arreta eta zerbitzuak indartzeko erabiliko dira, bai eta iaz Aldundiak erositako Andia kaleko ekitaldi-aretoa berritzeko lanetarako ere.
Kabineteko zuzendaritzen aurrekontu-ildoek, lehenik eta behin, generoaren eta hizkuntzaren ikuspegitik gero eta Gipuzkoa berdinzaleago bat eraikitzen jarraitzeko balioko dute, baita Giza Eskubideen, aniztasunaren eta diskriminaziorik ezaren defentsan
sakontzeko ere. Hala, Berdintasunerako Foru Organoak honako lehentasun hauek garatuko ditu: tokiko berdintasun-politikak bultzatzea, emakumeak ahalduntzeko eta parte hartzeko ekimenak babestea, gizartea sentsibilizatzea eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzea. Azken eremu horretan, hain zuzen ere, Berdintasunerako Zuzendaritzak lan-ildo berri bat zabalzuko du, sare sozialetan ematen den sexu indarkeria aztertu eta berau prebenitzeko.
Kultura Demokratikoko eta Giza Eskubidetako zuzendaritzak, bestalde, jarraipena emango dio Aniztasuneko II. Foru Plana garatzeari eta bultzada berri bat emango dio memoria historikoaren ikerketari eta hedapenari, kasu honetan diktaduran LGTBI pertsonek bizi izandako errepresioaren aztertzea ildo berri gisa finkatuz. Gertuen dugun memoriari dagokionez, gure gizartean izandako jazarpen indarkeriari buruzko sentsibilizazioan eta hausnarketa kritikoan sakontzen jarraituko dugu. Azkenik, Estrategiako zuzendaritzak Etorkizuna Eraikiz programaren ekimenak indartuko ditu, eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak, berriz, Foru Aldundiaren barruan Euskararen Normalkuntza Plan berria egiteko, eremu sozioekonomikoan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko eta Badalab Laborategiaren bidez euskara biziberritzeko bide berriak martxan jartzeko ahalegina hedatuko du, besteak beste.
Jasangarritasuna
José Ignacio Asensio Diputatu Nagusiordea eta Jasangarritasuneko diputatuak 2024rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du, 47.605.314 eurotakoa.
Aurkeztutako programen artean, nabarmentzekoa da ekonomia zirkularreko programaren garrantzi ekonomikoa. 17.583.260 euro bideratuko dira proiektu estrategikoak sustatzeko, hala nola, Naturklima estrategiaren barneko Berrerabilera Prestatzeko Gunea, baterien ekonomia zirkularraren hub-a, Zumarragako plastikoa birziklatzeko poloa edo bioekonomiaren estrategia berria.
Beste atal aipagarrienetako bat Trantsizio Energetikoarena da, 5.322.300 euro bideratuko baitira horretara. Hemen, herritarren eta industriaren energia-komunitateen hedapenari helduko zaio, lurraldeko udalerri guztietara iritsiz. Horretarako 2.841.068 eurotako zuzkidura izango da.
Aurtengo nobedadeen artean, Mugikortasun Jasangarria nabarmendu behar da. Helburua bizikletaren eta garraio publikoaren arteko intermodalitatearen aldeko apustua egitea da, bidegorri-sarea lurraldean zabalduz. Aurkeztutako aurrekontuak 6.679.779 euroko zuzkidura aurreikusten du.
Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza berria, 1.304.000 eurotako aurrekontua izango du, eta tokiko eragileekin lankidetzan aritzea du helburu.
Obra Hidraulikoen Zuzendaritzari dagokionez, 7.928.760 euroko aurrekontua esleitu zaio, eta horietatik 4.747.932 euro hornidurako eta saneamenduko azpiegitura hidraulikoen proiektuetara bideratuko dira.
Asensioren hitzetan, "aurrekontu hauek lurraldeak eta Gipuzkoako gizarteak dituzten erronkei erantzuna ematen diete, eraldaketa handien aurrean ongizate estatua indartuaz, jasangarritasuna eta lanpostu zein ekonomia hazkundea finkatuko duten inbertsio estrategikoen aldeko apustu irmoa eginez: ekologikoak, digitalak eta demografikoak”.
Zainketak eta Gizarte Politikak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekintza egituratzen duten hiru ardatzetako bat gizarte-eremua da, eta 2024an 515.224.247 euro bideratuko dira, guztira, gizarte-desberdintasunei aurre egiten eta zaintza-eredu berria gauzatzen jarraitzeko. Beraz, Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuaren aurrekontua % 2,39 hazi da datorren urterako, "Horrek esan nahi du bitik ia euro bat gizarte-eremura bideratzen dela", esan du Maite Peña arloko foru diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
2015az geroztik, Gipuzkoako biztanleko gastu sozialak 266 euro egin du gora, eta biztanleko 724 eurora iritsi da. Gainera, nabarmendu du Zainketetako eta Gizarte Politiketako aurrekontuaren herena adineko pertsonei arreta ematera eta zaintzera bideratuko dela, 188 milioi euro baino gehiago; 88 milioi, berriz, mendetasunerako prestazioak estaltzera bideratuko dira; 71 milioi, desgaitasuna duten pertsonak zaintzera; 58 milioi, haurrak zaintzera; eta 41 milioi, azkenik, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak gizarteratzera eta artatzera. Era berean, nabarmentzekoa da zuzendaritza berri baten sorrera, agenda berria, berrikuntza eta gizarte-politiken ebaluazioa jorratuko dituena.
Jarduera aipagarrienen artean, diputatuak gizarte-baliabideetan egingo diren inbertsioek 2024an jasoko duten bultzada aipatu du. Horrela, Gipuzkoako gizarte-zentroen sarean inbertsioak egiteko baliabideak 14,78 milioi euro igoko dira 2024an, eta kapitulu honetan 38,4 milioi eurora iritsiko dira. Partida horri esker, lurraldeko gizarte-baliabideetan bultzatzen ari den zaintza-eredu berrirako trantsizioa gauzatu ahal izango da. Hogei bat adineko egoitzatan egokitzapenak egiteaz eta hiru egoitza berri sortzeaz gain (Adinberri Pasaian, Arbes Irunen eta Elgoibarko zentro berria), indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko zentro berriak sortuko dira, baita haurren eta desgaitasunaren eremuan ere.
Gobernantza
Gobernantza departamentuari dagokionez, 2024 urterako 70,95 milioi euroko aurrekontua aurkeztu da. Aurreko urtearekin alderatuta, ia 2 milioi euroko gehikuntza suposatzen du honek. Hala, Irune Berasaluze foru diputatuak azaldu duenez, “Aldundiak foru erakundearen kultura eta antolakuntza aldaketarekin duen konpromisoa gauzatzeko kredituak” jaso ditu datorren urteari begira proposatutako aurrekontuak. Lankidetzazko gobernantza eredua erakundearen baitan eta lurralde osoan hedatzeko ekimenak aurrera eramateko finantziazioa da, “berrikuntzaren kudeaketa sistematikoa” sustatzeko.
Gehikuntza nabarmenen artean, IZFE foru sozietatean eman da igoera azpimarragarrietako bat, “administrazio elektronikoan sakondu eta modernizazioa bultzatzeko apustu sendoaren erakusle”. Halaber, partaidetza ekimenen sustapenak
bultzada berria jasoko du 2024 urtean eta Gipuzkoa Eskola Irekia-k izango duen 175.000 euroko partida esanguratsua azpimarratu nahi izan du foru diputatuak bere agerraldian. Suaren aurkako eta Salbamenduko zerbitzuari dagokionez, milioi bateko igoera izango du zuzendaritzak, zerbitzuak indartzeko eta erakundeen arteko lankidetzara bideratuta. Bukatzeko eta Funtzio Publikoari dagokionez, onartutako enplegu eskaintza publikoen deialdiak gauzatzen jarraituko du Berasaluzek gidatzen duen departamenduak, falta diren lan-poltsak osatuz eta aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuetan urrats berriak eginez.
1840