Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour % 21,6 hazi da zerga bilketa 2021eko lehen lauhilekoan, iazkoarekin alderatuta

% 21,6 hazi da zerga bilketa 2021eko lehen lauhilekoan, iazkoarekin alderatuta

Foru Ogasunak 1.025 milioi euro jaso ditu apirilera arte, pasa den urtean baino 182 milioi euro gehiago.

Gipuzkoako zerga bilketa metatua apirilera arte %21,6 hazi da, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta. Beraz, orain arte 1.025 milioi euro bildu ditu foru Ogasunak, pasa den urteko epe berdinean baino 182 milioi euro gehiago. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, datu hauetan islatzen da, lehen aldiz, pasa den urteko martxoan ezarri zen alarma egoera eta konfinamenduaren eragina; izan ere, egun haiekin ari gara egiten alderaketa. “Ogasunetik, sarrerak geroratu ziren, eta itzulketak indartu, eta horren ondorioz pasa den urteko ziklo honetako zerga bilketa oso oso txikia izan zen. Hortik, beraz, igoeraren zergatia”, azaldu du foru arduradunak.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “Espero bezala, zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte: PFEZaren kasuan, %18,7 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %17,6 egin dute gora; eta BEZari dagokionean, berriz, %40,6 igo da zerga bilketa”, zehaztu du diputatuak. Gaineratu duenez, Sozietateen gaineko Zerga negatiboan ageri da, baina ez enpresen irabazien bilketak izan duen bilakaeragatik, baizik eta zerga hau osatzen duten bestelako elementu batzuk behera egin dutelako (bereziki, ondare irabazien gaineko atxikipenak).

“Alderaketa hauetan guztietan, agerian geratzen dena da dena dela ezohizkoa, eta pasa den urtean pandemiak eman zuen kolpeak eta honi aurre egiteko hartutako neurriek guztia baldintzatzen dutela. Neurri horien eragina, zati batean behintzat (gerorapenen eragina, esaterako), hurrengo hilabetetan berreskuratu zen”, gogoratu du Mendozak. Ondorioz, adierazi du une honetan ez dela posible datuen sakoneko irakurketarik egitea, alderaketa ez baita homogeneoa, foru diputatuak gaineratu duenez, “hurrengo hilabeteetan ere ez da izango”.

Foru arduradunaren ustetan, Aldundiaren ikuspegitik, zerga bilketa indartzen jarraitzeko biderik egokiena da jarduera ekonomikoaren alde lanean jarraitzea. “Honen bitartez eskuratuko ditugu krisiaren kontra borrokatzeko eta gure zerbitzu sozialak indartzeko behar ditugun baliabideak, honela gizarte kohesioa indartuz. Izan ere, helburu estrategiko nagusia, foru erakundearentzat, beti izan da desberdinkeria borrokatu eta alor honetan Europako onenen ondoan kokatzea, eta horregatik bide-orri honen aldeko lanarekin jarraituko dugu aurrerantzean ere”, amaitu du.

 

Ugartemendiko biribilgunea

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur eman dio argi berdea Beasainen, Ugartemendiko N-I-419-1 bide-adarrean, biribilgune berri bat egiteko proiektuari. 3 hilabeteko exekuzio epea dauka eta 327.000 euroko kostu aurreikuspena. “Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten dituen bide segurtasun lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa abian dauka, eta bertako trafikoak aztertu ondoren,  Ugartemendiko T formako bidegurutze hau, biribilgune bihurtzea erabakia hartu da”, azaldu du foru diputatuak.

Gaineratu duenez, puntu honetan N-Iarekin lotura egiten da, eta hori dela eta trafiko handia jasaten du. Gainera, ibilgailu astun ugari pasatzen dira bertatik, tartean CAF enpresatik nahiko maiz ateratzen diren garraio bereziak. Hau dena gutxi balitz, Txindoki Hezkuntza instituturako sarrera-irteerak ere bidegurutze horretatik lotzen dira. “Eraikiko dugun biribilgunearekin, bide segurtasuna nabarmen hobetuko da, berari esker mugimenduak ordenatu egingo baitira eta, aldi berean, abiadura jaitsi bidegurutzearen adar guztietan. Oinarrian, trafikoaren segurtasunaz gain, herritarrena eta, bereziki, auzotarrena hartu dira kontutan proiektu honetan, enpresak ahaztu gabe”, esan du Mendozak.

Ugartemendiko T formako bidegurutzea ordezkatuko duen biribilguneak 28 metroko kanpo diametroa izango du, 5 metroko zabalerako eraztuna eta beste 4 metroko irlatxo zapalgarria. Bere aldetik, gaur egungo oinezkoentzako mugimenduak dauden horretan mantentzen dira. Garraio berezien mugimenduei arreta berezia jarri zaie, beharrezko azterketa geometrikoak eginez eta biribilgunearen ezaugarriak diseinatzerakoan berauek kontutan izanez. Hau dela eta altuera txikiko zintarri muntagarriak jarriko dira eta biribilgunearen erdiko irlatxoan ere hormigoizko irlatxo muntagarria aurreikusi da.

 

Pandemia

Azkenik, pandemiari egin dio erreferentzia bozeramaileak. Hasteko, esker oneko hitzak izan ditu, alarma egoera iraungi ostean ere arduraz jokatzen jarraitzen duten herritarrentzat, eta baita ere osasun arloko langileentzat ere, “pandemiaren kontra lehen lerroan borrokatzen jarraitzen dutelako”. Izan ere, nabarmendu duenez, egoera asko hobetu da azken egunetan eta txertaketa erritmoa hartzen doa, “baina COVID-19aren pandemia ez da bukatu gurean”. “Ospitaletan gogor jarraitzen dute lanean, ZIUetan 169 lagun zeuden atzora arte gaitzarekin, plantan ia 400 lagun… eta hau guztia ezin dugu ahaztu. Beraz, azken ahalegina eskatzen diegu herritarrei, gutxi geratzen zaigulako eta ez dugulako nahi iraganera bueltatzerik, ez dugulako bosgarren olatu bat nahi. Gutxi geratzen da, eta arduraz jokatzen jarraitzea da gure bizilagunei, lagunei, etxekoei, ekonomiari, eta osasun langileei egin diezaiokegun ekarpenak onena”, esan du, azpimarratuz Aldundiak “konfiantza osoa” duela gipuzkoarrengan.

Bestalde, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak foru erakundearen gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 2 kasu positibo daude: 1 Donostiako Zorroaga egoitzan, eta beste 1 Zumarragako Argixao egoitzan. Biek txertoa jasoa dute, ez dute sintomarik eta Eibarko COVID-19 zentroan daude. Langileen kasuan, berriz, egun 11 langile daude diagnostiko positiboarekin, 9 egoitza ezberdinetan. Gainerako gizarte politikako baliabideen kasuan, azken astean positibo bat atzeman da eguneko zentroetan, eta beste alor guztietan ez dago kasu berririk (desgaitasuna, gizarte inklusioa eta adingabeak).

  

2476