“80 urte ahaztuta egon ostean, 82 gudari eta familiekin zegoen zor historikoa kitatzen dugu”
“80 urte ahaztuta egon ostean, 82 gudari eta familiekin zegoen zor historikoa kitatzen dugu”
Markel Olano diputatu nagusiak aitortza eskaini die Gernika-Lumoko hilerrian lurperatuta dauden 82 gudari eta euren familiei, gehienak gipuzkoarrak
“Euren memoria ezabatzen saiatu zen frankismoa, baina ez dute lortu”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du gaur “zor historikoa” kitatu dela Gernika-Lumoko hilerrian lurperatuta dauden 82 gudarirekin, gehienak gipuzkoarrak: zortzi hamarkadako ahanzturaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde aitortza eskaini die, gaur eguerdian egin den ekitaldiaren baitan. “Gaurkoarekin herri honen memoria kolektiboan txertatzen ditugu 82 gazte hauen eta bere familien oroimena, askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenak alegia”, adierazi du diputatu nagusiak.
300 pertsona elkartu dira Gernika-Lumoko hilerrian, tartean 50 gudari ingururen senitartekoak, “eguneko protagonista nagusiak” diputatu nagusiaren arabera. Herri agintarien artetik Bizkaiko ahaldun nagusi den Unai Rementeria eta Gernika-Lumoko alkate den Jose Maria Gorroñok ere hartu dute hitza, biek ala biek egunaren garrantzia azpimarratuz. Bertan izan dira, baita ere, Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Imanol Lasa, Maite Peña eta Aintzane Oiarbide foru diputatuak; eta Gipuzkoako hainbat alkate, Donostia, Bergara, Arrasate eta Azpeitikoak, esaterako. Bertaratuen artean izan dira Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia eta Juan Mari Atutxa, Sabino Arana Fundazioko presidentea ere.
Ekitaldiaren baitan, bi oroitarri inauguratu dira: bata, monolitoa, hilerriaren sarreran kokatua; eta bestea plaka bat, gudariak lurperatuta dauden tokian dagoena. Olanok, bere hitzaldian, adierazi du euren helburua gudarien memoria ahanzturatik atera eta ikusaraztea dela. Frankistek, Olanok gogoratu duenez, gudarien gorpuak zeuden hilobietatik atera eta hilerritik kanporatzeko saiakera egin zuten. “Gazte hauen memoria ezabatzen saiatu ziren, hilerriaren sarrera honetan dauden Gernika-Lumoko ospitalean hildako 270 soldadu errepublikanoren gorpuzkiekin batera”, adierazi du. “Eusko gudarien eta soldadu errepublikanoen izenak dauzkaten bi plaka hauek iragana ezabatzeko ahaleginean frankistek porrot egin zutela adierazten dute”, gehitu du.
Diputatu nagusiak esker oneko hitzak izan ditu, lehenik eta behin, Julian Lejarraga Gernika-Lumoko hilerriko langilearekin. “Berak bete behar zuen gudariak hilerritik kanporatzeko agindua, baina ez zuen bete: hilerriko barrutiko hobi komun batean sartu zituen, eta euren memoria gorde”, azaldu du. Gero, eskertu du baita ere Zumaiko Erkibe Kultur Elkarteak eta Gernika-Lumoko Gernikazarra memoria elkarteek eginiko lana. “Zuen denon lanaren fruitua da historia hau berreskuratu izana”, esan du diputatu nagusiak.
“36ko belaunaldi hark egin zuen sakrifizioaren zordun gara gu, 2017 honetan. Gaur aldarrikatzen ditugun balioak gerra garaiko gizon-emakume haiek aldeztu zituzten berdin-berdinak dira”, adierazi du Olanok. Bere iritziz, nahiz eta gudu zelaian galdu egin zen, “herriak biziraun zuen”. “Lau hamarkada luzeko ametsgaiztoa jasan genuen, jazarpena, erbestea, heriotzak, kanporaketak… baina ez zen eten eta, horri esker, herri honek zutik dirau orain”, nabarmendu du.
Diputatu nagusiak gogoratu duenez, gudarien historia ahaztuta egon da zortzi hamarkada luzez eta Foru Aldundiarentzako ere “berezia” izan da historia jaso eta jakinarazteko izan duen prozesua. “Hunkigarria izan da, adibidez, senitartekoei deitu eta telefonoaren beste aldean zegoenaren ahotsa emozioarekin eteten dela konturatzeak” esan du. “Pertsonalki, baren barrenean ukitu nau historiak. Zuen senitarteko gudarienak eta zuenak”, adierazi du.
Zentzu honetan, nabarmendu du Gipuzkoa Foru Aldundia lurraldearen iraganeko “pasarte ezkutuak” argitara ateratzeko lanean jarraituko duela. “Historia zati ezberdin eta anitzek osatzen dute herri honen memoria kolektiboa. Falta direnak biltzea da gure xedea eta gaurko ekitaldian, behintzat, falta zen zati horietako bat gehitu diogu: 82 gudariena eta, hedapenez, 82 familiaren oroimena alegia”, azpimarratu du foru arduradunak.
Gudarien nondik norakoak
Gudari gehienak Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren, Gipuzkoan jatorria zuten unitateak. Frankistek Irun hartu eta lurraldea konkistatu ostean, Gernika-Lumon ezarri zituzten euren kuartelak. EAJ/PNVkoak ziren lau batailoiak eta, hori dela eta, alderdi honek hainbat hilobi erosi zituen Gernika-Lumoko hilerrian, hildakoak lurperatzeko. 1936ko azaroan hilobiratu zuten lehenengo gudaria. Ondoren, Legutioko ofentsiba eta Asturiaseko espedizioa (Areceseko bataila ezaguna tarte, non Kandido Saseta eta beste hainbat gudari hil zituzten) etorriko dira, eta borroka hauetan hil zituzten eta berreskuratu ziren gorpuzkiak ere foru udalerriko hilerrian izango dira lurperatuak.
Martxoaren 31an hasi zuten frankistek Eusko Jaurlaritzaren esku zegoen eremuaren (Bizkaia, eta Gipuzkoa eta Arabako udalerri gutxi batzuk) aurkako ofentsiba. Hemendik eta frankistak Gernika-Lumon sartu ziren arte, batailoi hauek izan zituzten hildakoak ere herri honetako hilerrian hilobiratuko dira. Badira, baita ere, beste unitateetako zenbait gudari ere, eta baita erakunde politiko ezberdinetakoak ere (CNT, EAE/ANV eta ELA/STV).
Hasiera batean, gudari hauek aipatutako EAJ/PNVk erositako hobietan izan ziren hilobiratuak. 1947an, ordea, gorpuak hilobietatik atera, hauek salgai jarri eta hilerritik kanporatzeko agindua eman zuen alkate frankistak. Julian Elorrieta hilerriko langileak, ordea, ez zuen agindua bete eta hilerriko barrutiko hobi komun batean lurperatu zituen, eta gudarien historia gorde. Ordutik han egon dira, markaturik gabeko eremu batean. Jakitun ziren familia batzuek, oroigarriren bat ere beste jarri zuten euren senide maitatuak oroitzeko. Beste askok, ordea, aita, osaba edo aitonaren traza galdua izan dute azken zortzi hamarkadetan.
Aipatu bezala, 82 dira hemen lurperatu zituzten gudariak, gehienak gipuzkoarrak, lurraldeko 28 udalerri ezberdinetakoak: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Eibar, Elgoibar, Deba, Soraluze, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Getaria, Zarautz, Zumaia, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Donostia, Gabiria, Errenteria, Pasaia, Astigarraga, Andoain, Hernani, Usurbil eta Hondarribiko semeak.
2087